azaroa 01, 2017

IMANOL ZEZIAGA ARIZAGA, DIVINO I



Imanol Zeziaga, Divino I

Zein mailako pilotaria izango zen Divino I futbolista arrasatearra (1), pilotan jolasteari eutsi izan balio? Jokoan zerakutsan trebetasuna zela-eta, gaitzizena ipini zioten: Divino. Eta Imanol Zeziaga Arizaga izenorde harekin ezagutu genuen beti, nahiz eta inork gutxik zekien deituraren jatorriak eskuko pilotarekin zerikusirik zuela. Futbolarekin genuen erlazionatzen gure gaurko protagonista eta idazki honetan ere ostikalari bezala ateratzen dugu, Arrasateko futbolaren historian ageri baitzaigu bere irudia, moldeko hizkiz apainduta. 

Imanol 1920ko otsailaren 3an jaio zen Arrasaten. Eta, diodan bezala, lehen kirola pilota izan zuen, Zaldibarreko frontoian. Bertan eta geroago Gurea eta Trinkete frontoietan erakutsitako maila onak ahalbidetu zion Juan Bautista Azkarate “Mondragonés”ekin entrenatu ahal izatea. Saio bakoitzeko sei erreal ematen zion txapeldun handiak Imanoli. Behin, hiru lagunen kontra aritu zen bera

MCF, 1938, Maalan.Zutik eskuinekoa


bakarrik. Haietako bat Felix Gallastegi “Urdei” zen eta partidua Imanolen garaipenarekin amaituta bota zion: “Hi dibinua haiz” Hortxe jaio zen gaitzizena, estatuko futbol zelai askotan jauzi egin eta ezagun bihurtu zena. Alde horretatik esan daiteke, Zeziagari Santi Etxebarria "Zurdo de Mondragon"aren kontrakoa gertatu zitzaiola; Santi eta Imanol Mondran aritu ziren batera, futbolari bezala. Eta Santik futbola utzi eta pilotari heldu zion, goi mailakoa izatera iritsiz.

Mondragón Club de Futbol zeritzanean ekin zion futbolari 18 urterekin, eskuineko aurrelari bezala. MCFn 1940ra arte egon zen, eta 1940-41
1940, Mondrarekin, makurtuta 2. eskumatik.
denboraldian bigarren mailako Real Sociedadera igaro zen. Donostiako taldean Patri Arrasateko kide ohia ere orduantxe fitxatu zuten, baina Divinok ez zuen partidu bakar bat ere jokatu ekipo nagusiarekin. Eta soldadutza egitera atera behar izan zuen, Burgosera. Gaztelako hiriburuan gauza ez ziren oso goxoak izan Imanolentzat. Hasteko, bi urtez egon behar izan zuen kakiz jantzita eta kuartelean ez zioten baimenik eman asteburuetan Donostiara joan eta Realarekin aritzeko. Kontraprestazio negatiboan, Realak ez zion utzi Burgoseko Gimnástica Burgalesan aritzea.


Eta 1942-43 denboraldian Donostiara itzuli zen. Partidu bakar bat jokatu zuen Realarekin, Sabadellen, 1943ko otsailaren 21an. Prentsak eman zuen taldearen alineazioa: Egia; Telleria, Izaga; Santi, Patri, Urbieta; Divino, Bidegain, Teran, Ontoria eta Pedrin. Emaitza, Sabadell 1-Real Sociedad 0. 

Donostiatik Gasteizera igaro zen, bigarren mailarekin amets egiten zuen Deportivo Alavesen jokatzeko. Oso urte grisak eman zituen Arabako hiriburuan eta handik Logroñora
1947-04-13; makurtuta eskuinean.Racing
joan zen, Maestranza Aérea ekipoan aritzeko, urte bete batez.  Real Murciarekin froga bat egitera joan zen Madrilera 1946ko maiatzean eta Murciarantz abiatu beharrean Santanderrek fitxatu zuen. Bi denboraldi egin zituen El Sardineron, bigarren mailan.
 

Santanderreko Racing, 1947
Gertatu zen Santanderreko lehen denboraldian Divinoren ekipoak eta Real Sociedadek Atotxan jokatu behar izan zutela, ligaren azken aurreko partiduan, 1947ko martxoaren 30ean eta donostiarrek irabaziz gero lehen mailarako aukera guztiak zituzten. Emaitza banakoa izan zen eta prentsa donostiarrak zioen: “Magnífico el juego de Divino… tanto Perez como Castivia conocían el juego del de Mondragón y debían de haber sabido cómo pararlo…” Realean Patrik ere jokatu zuen partidu hura. Norgehiagoketa haren kronika zekarren egunkari falangistaren portadan irakurtzen zen: “España se constituye en reino” Realzaleentzat esan dezadan, promozioan Reala lehen mailarako txartela lortu zuela. 

Santanderren hirurogei partidu ofizial baino gehiago jokatu zuen eta hogeita bi gol sartu zituen. Eta Santanderretik Torrelavegara 1949-50 denboraldian, Gimnasticak bigarren

Torrelavega, 1950
mailan jokatzen zuelarik. Urtebete bakar bat eman zuen Torrelavegan, Jaen C.F.k fitxatu baitzuen, 1950-51erako. Proiektu handi bat zeukaten Jaenen ekipoa lehen mailara eramateko. Talde haren ardatza Angel Arregi arrasatearra zen eta hark Divino eraman nahi izan zuen bere ondora. Gauza da, Imanolek gaizki eraman zuela Andaluziako hiri hartako eguraldia eta ostera iparraldeko deiak entzun zituen, hurrengo denboraldirako; eta Torrelavegara itzuli zen, 1951-52an. Hamasei partidu jokatu zituen urte hartan bigarren mailan eta denboraldiaren amaieran Arrasatera itzultzea erabaki zuen. Hamahiru urte zeramatzan herritik kanpo, jokalari profesional bezala. 

Iturripen, 1953, makurtuta bigarrena ezkerretik
Maalatik atera eta Iturripera iritsi zen futbolaren munduan hainbat bira egin ondoren. Juventud Deportiva Mondragonekin erretiratu zen 1954an. 

Imanol Zeziaga Arizagak Unión Cerrajeran egin zuen lan, jubilatu arte. Pili Garmendiarekin ezkondu zen eta bikoteak Aitor eta Amaia seme-alabak izan zituen.

(1) Bere anaia Ignaziori Divino II esan zitzaion. Imanol baino gazteagoa zen eta futbolean ere aritu zen.



Argazkiak: Amaia Zeziaga eta JMVM

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina