miércoles, 17 de febrero de 2016

ESTEBAN GARAY: ARRASATEKO LEHEN ALKATE ABERTZALEA



EAJ-PNV alderdiak historia luzea dauka Arrasateko udal aulkietan. Ehun eta hamar urte dira lehen aldiz sartu zirela herriko
Esteban Garay Garay, 1935 aldera
politikaren kudeaketan eta atzera begiratze xume bat egitea iruditu zait une hauetan egokia, euskal abertzaletasunaren Arrasateko aitzindari izan zirenen nortasun agiria azalduz.

Esteban Garay Garay izan genuen Arrasateko lehen zinegotzi abertzalea. Arrasaten jaioa, 1877ko azaroaren 22an, Gasteizko apaiztegitik igaro zen eta giro hark betiko markatu zuen. Oso gizon erlijiosoa izan zen, integrismoaren postulatuekin bat eginez. Eguneroko jaun hartzeko gizona zen eta bere ideia erlijiosoak bizitza politikoan ere islatu zituen, udal gaietan barne. Horregatik, ez da erreza duela ehun urteko inoren gora beherak aztertzea eta are gutxiago epaitzea. Eta pertsonaia politikoa badaukagu, askoz gutxiago, gainera. Garay gizon aktiboa izan genuen, alderdiko kidea alde batetik eta, jakina, herritar hutsa ere bai, bestetik, bere herrikideen aldeko kudeaketan gogotsu aritu zena.
 
Zinegotzi kargura 1906ra heldu zen. Bere udal kideekin talka egin zuen askotan. Zorrotza bere herriaren aldeko kudeaketan, aurre egin zion beti edozein zinegotziren gehiegikeriari. Esan dudan moduan, aurten ehun eta hamar urte betetzen dira Esteban Garay Udaletxera heldu zela. Eta hamazazpi urtez kargu desberdinetan aritu zen, alkatetza bera barne 1912 eta 1914 bitartean.
 
Jose Maria Herrasti zen alkatea 1906an eta
Esteban Garay, alkate zenean
Garayk toki hartu zuen zinegotzien artean EAJren ordezkari bezala, gainerako gehienak liberalak eta karlistak ziren bitartean. Dagoberto Resusta eta Higinio Resusta Union Cerrajerako buruzagietako liberalak zituen areriorik handienak, horiengandik jaso baitzituen Garayk erasorik bortitzenak eta horiei ere eskaini zizkien EAJko kideak eztenkadarik gogorrenak.
 
Datu adierazgarri bezala, aipa dezadan 1906ko abuztuaren 3 eta 4an, udal plenoak udal ordenantzak eztabaidatu zituela, kapituluka. Denak bat ezik, ia-ia eztabaidarik gabe onartu ziren, besteak beste “Agintaritza, auzokidetza eta udal mugak” (13 artikulu) “Espektakulu publikoak” (53) “Establezimendu publikoak” (44) “Zirkulazioa eta seguritatea” (103) Osasungintza (210) Lanak (32)  Zigorrak (14) Bakar-bakarrik “Erlijio eta morala” kapitulua geratu zen mahai gainean, herritarrek jai egunetan lan egin ote zezaketen zinegotziak batera ipintzen ez ziren-eta.

Udaletxea, 1925 inguruan
Alkatetzarako 1912ko urtarrilaren 1enean hautatu zuten, zinegotzien atean izandako bozketaren ondorioz. Garayk sei boto atera zituen hamaika zinegotzitatik. Udal konposaketa honela geratu zen: alkatea, Esteban Garay ; lehen alkate ordea, Andres Inda; bigarren alkate ordea, Bonifazio Maidagan; sindikoa, Isidoro Ezkurra; bokalak, Dagoberto Resusta, Jose Ignazio Lasa, Higinio Resusta, Conrado Ruiz de Alegria, Daniel Arkauz eta Agustin Aranzabal.
 
Alkate bezala egokitu zitzaion lehenetako gaia izan zen ordura arte Portaloian egiten zen ganadu feria beste toki batera aldatzea. Gezurra badirudi ere, hasieran Udala ez zegoen aldaketaren alde, baina batez ere gobernadore zibilaren mehatxupean errealitatera makurtu behar izan ziren: Portaloia ez zen tokirik egokiena ganadu feriak burutzeko.
 
Beste puntu eztabaidagarri bat izan zen guardia zibilen egoitza berrirako proposamena. Hain zuzen, 1913ko otsailaren 19an Arrasateko guardia zibilen komandanteak eskabide bat egin zuen Udala prest ote zegoen – guardien kopura handituz gero- behar bezalako kuartel bat finantzatzeko. Lehen instantzian, Udalak erantzun zuen:
 
“Que, desde luego, su disposición general es y ha sido siempre favorecer al Instituto por los beneficios que reporta, mas como quiera que dado el crecimiento del pueblo, debido a su desarrollo industrial, no se encuentra otro edificio adecuado y capaz por las 500 pesetas anuales que paga de renta. No ve más solución que proponer al propietario de la finca habilite otras dos habitaciones, por su cuenta, para lo que el Ayuntamiento le abonará 100 pesetas más de renta al año”  

Portaloiz bestaldean, Batzokiaren eraikina
Garayk alkate gisa 1914ko urtarrilera arte ihardun zuen. Data horretan zinegotzi bokala izatera pasatu zen, udal hauteskundeen ostean  alkatetza Jose Maria Herrastiren eskuetara itzuli baitzen.  

Garayk lan profesionala Banco Guipuzcoanon egin zuen bere bizitzaren azken unerarte – zuzendari izateraino heldu zen-  eta EAJk Arrasaten lehen batzokia bankuaren eraikinean ireki zuen, 1908an. Egoitza hartatik irradiatu zuen alderdi jeltzaleak bere eragina herri osora eta aurki bere biziko indarra hartu zuen udal aulkietan ere. Baina alderdiak bere giza-azpiegitura zein egoitza materiala eduki aurretik Esteban Garay izan zen Arrasateko jelkideen buruzagitza hartu zuena, mugimendua suspertzeko helburuarekin. 

Maria Ezkurra Vitoriarekin ezkondu zen Esteban Garay, ezkontideen artean hogei urteko diferentzia zelarik. Bikoteak bi seme izan zituen, Juan Antonio (1935) – apaiza, Venezuelan hil zen- eta Esteban (1937) Lanak eta sendiak uzten zizkioten tarteak bere fede erlijiosoari – Arrasateko Otoitzeko Zabalkundearen Presidentea zen-   eta lagunei – Juanito “Ixurtza” Zaitegi, Teodoro Larrañaga…-  eskaintzen zizkien “Altxola”ren tabernan. 

Urtarrilaren zortzi hotz batean, 1951ekoan, zendu zen Esteban Garay Garay, Arrasateko lehen alkate abertzalea. Bidea ireki zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada