otsaila 03, 2016

VASQUITA I eta VASQUITA II: ARENAZA AHIZPAK



Miren, ezkerrean, eta Justi ahizpak, Valentzian

Arrasateko pilotarien zerrenda ezin da ulertu Vasquita I eta Vasquita II izenik gabe. Raketistak izan ziren, goi mailakoak, eta beraien ildotik atera ziren herriaren izena munduko frontoietara eraman zuten beste batzuk, dagoeneko txoko honetan agertu diren Arenaza Velasco haien lehengusinak, besteak beste. 

Felix eta Martina senar-emaztea
Vasquita I eta Vasquita II – Justina eta Maria Visitación “Miren” Arenaza Azkoaga – pilota arrasatearrak emandako raketistarik entzutetsuenak izan genituen, batez ere Justina. Bere garaiko  onenen artean sailkatzen dira, erizle guztien arabera. 

Felix Arenaza aretxabaletarra eta Martina Azkoaga arrasatearraren alabak izan ziren Miren eta Justi. Ezkon-bikoteak beste alaba bat ere izan zuen, Kontxita, hamazortzi urterekin 1935ean Madrilen hila. Bi pilotariak Arrasaten jaio ziren, 1915eko uztailaren 2an Miren, eta 1919ko azaroaren 30ean Justi.

Mesedeetako mojekin egin zituzten lehen ikasketak. Baina pilota sartu zen tartean … eta sendiak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen. Eman diezaiogun hitza Justiri, hiru ahizpetako gazteena izan arren pilotaren munduan aurren sartu zena:

Bi ahizpak, Eugenio Abarrategi "Martinbixi"rekin
“Niri zaletasunak berak erakutsi zidan pilotan egiten. Hasiera hartan ez genuen raketarik eta eskuz edo palaz egiten nuen, gehien bat palaz. Nik kirol asko egiten nuen. Zaldibarreko frontoia erabiltzen nuen, lehenik, nire saioetarako, etxetik gertu. Gogoratzen dut Zaldibarren hiru gizon ibili ohi zirela askotan pilotan: “Bixkai” gozogilea, Jose Añibarro Unión Cerrajerako idazkaria eta Santiago Bastida, urtetara alkate izango zena. Oso ondo jokatzen zuten eta haiek ikusteko ahalegin guztiak egiten nituen.

Unión Cerrajerako langileak lanetik ateratzen zirenean, Gurea frontoira joaten ginen eta bertan “Pañero” barateruari laguntzen genion jolastu nahi zutenei kantxa alokatzen. Hamabost zentimo kostatzen zuen saioko.

Adinkidea nuen Patri Egidazu – Real Sociedadeko jokalaria izan zena- eta biok ibiltzen ginen “Pañero”rekin, eta gero frontoian aritzea uzten zigun, debalde. Patrik eskuz egiten zuen baina niri gehiago gustatzen zitzaidan pala. Eta palak Eugenio Abarrategi “Martinbixi” osabak egiten zizkidan, arotza zen eta” (1)

Justik, gaztetxoa zen arren, erantzukizun handiz zaintzen zuen bere prestakuntza fisikoa eta gimnasia, mendiko ibilaldiak, korrika eta igerian egiten zuen. Ordurako, bestalde, ordurako iritsia zen Arrasatera han eta hemengo frontoietako euskal raketisten oihartzuna. Alaba gaztearen zaletasuna ikusita, sendiak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: Madrilera joango ziren ama eta hiru alabak. Martina amak bazuen espainiar hiriburuan izeko bat behitegi bateko jabe zena, eta alaben etorkizuna argitzen zen bitartean izekoaren negozioan lan egin zezakeen. Justik hamar urte zituen. Berak kontatzen du: 

Hamar urteko Justi, erdian lehen lerroan, 1930ean.
“1932ko martxoaren lehenean debutatu nuen, hamabi urterekin, Madrilen. Bi urte lehenagotik “Madrid” frontoira egunero joaten nintzen hango kantxa garbitzera. Bi pezeta ematen zidaten. Ez nuen diruagatik egiten, baizik eta horrek raketisten palkoan eseri eta partiduak ikusteko aukera ematen zidalako. Eta hortik, hain zuzen, etorri zitzaidan Vasquita gaitzizena, jendeak ez baininduen artean izenez ezagutzen eta “a ver esa vasquita” esaten zuten” 

Justiren karneta, 1934an
Eta palkotik kantxara jaitsi zen Justi bere abileziak erakustera. Aurki konturatu zen Ildefonso Anabitarte “Madrid” frontoiko intendentea Justiren balioaz eta kontratua egin zion, hiru urte lehenago inauguratutako frontoi berrian jokatzeko. Hortxe hasi zen Justiren kirol karrera, “Vasquita” izenordearekin. Handik gutxira Vasquita I izatera igaro zen, Justiren bidetik Miren ahizpa ere sartu baitzen, Vasquita II izenordearekin arituko zena. Justik gogoratzen du: 

Mirenen karneta, 1934an
“Arropari buruz gona luze eta manga motzak eramaten genituen. Hasieran galtzerdirik gabe jokatzen genuen. Alpargatak Arrasaten egiten zizkiguten, Ferrerias kalean Bastidak zeukan tailerrean, bai preserbatiboak egiten ziren toki berean. Arrasatekoak ziren alpargatarik onenak” 

Madrid frontoiko raketistak: 6 eta 8 ezkerretik Justi eta Miren
Bi ahizpen kirol ibilbidea batera joan zen. Madriletik Bartzelonara aldatu zen sendia, ama eta bi ahizpa pilotariak, hirugarrena – Kontxita- Madrilen hil baitzen 1935eko urtarrilean.  Sendiaren sostengu  ekonomikoa bi ahizpen esku zegoen, eta ondo joan zitzaien, Txiki Alai frontoian asko irabazten baitzuten,  bi arrasatearren jokoaren kalitatea ere handia baitzen. Ondokoa 1935eko udazkenean albistea da, Bartzelonako El Mundo Deportivo egunkarian, Vasquita I-ri buruz ari dena: 

“… Fue una victoria brillantísima, conseguida con un juego exhuberante y desbordante de Vasquita, que anoche tuvo su mejor actuación en Barcelona. Su pegada, inundante, bajando, en alarde de facultades físicas a los cuadros medios de la cancha, para entrar siempre a sotamano, anuló el peligroso y contundente boti-voleo y la habilidad maravillosa de Aurora, y anuló la derecha temible de Carmina. 

La olímpica zaguera, agigantándose, estaba en todas partes y no había pelota imposible para su raqueta. Cruzadas al dentro y al ancho, rebotes largos o a la pared chica, arrimadas, cortadas, todo lo llevaba y a todo repicaba con violencia increíble. Por eso, aunque Nati y Carmina y Aurora hicieron un gran partido, pasaron desapercibidas a la atención del público, que dedicó todos sus aplausos y fueron encendidamente entusiásticos a la exhibición sorprendente y maravillosa de Vasquita” 

Justiren kirol izena ezaguna egin zen eta frontoi askotatik deitzen zuten, batzuetan partidu solte batzuk jokatzeko bakarrik, eta Bartzelonatik joan etorria hegazkinez egiten zuen. Luxu ikaragarria sasoi hartan! 

XX, Miren, Xekun Altuna eta Justi, Bartzelonan 1940an
Bartzelonako Txiki Alai frontoian aritu ziren bi ahizpak urte luzez. Eta partiduetako emaitzek laguntzen zieten kirol karreran. Ondoko albisteak – 1936ko uztailean El Mundo Deportivon , ostera azaltzen du garbi Vasquita I-aren jokoaren maila: 

“La velada de ayer en el Frontón Txiki tuvo el éxito de público que era de prever ya que el programa era excelente: actuaban las ocho estrellas del cuadro de raquetistas.

Bartzelonako raketistak, 1936an
En el partido de campeonato lo sobresaliente volvió a ser la actuación de Vasquita, que definitivamente enganchada hizo brillante exhibición de su juego, un juego que por su anchura, soltura y plasticismo ambidiestro pregona su procedencia de la clásica escuela vasca. No nos atrevemos a decir que Vasquita sea la que más juega a la pelota de las señoritas que forman el cuadro del Txiki, pero sí que ella es la mejor o con mejor estilo juega” 

Miren, 1936an Bartzelonan
Erizlearen idatzia ez zen txantxetakoa Txiki Alai frontoian raketista ugari ari baitzen lanean, ziurrenik estatuko emakume pilotari gehienarekin. Kontuan eduki behar da espainiar gerra zela eta Bartzelonara bildu ziren profesionalak, giro aparta sortuz. Frontoia jendez gainezka egoten zen. Gerra amaituta eta Espainiako Pilota Federazioa  sortzen denean Miren eta Justi ahizpek pilotan segitzeko baimena jasotzen dute, zegokien karneta eskuratuz. Urtero berriztatu behar zuten baimena. Federaziotik emakumeei zailtasunak ipintzen zizkieten pilotan aritzeko, “emakumeen tokia etxea da” leloarekin.
 
Justiren lehen fitxa, Federazioan
Zailtasun guztien gainetik bi ahizpak partidu asko jokatu zuten frontoi desberdinetan. Eta Valentzia, Sevilla, Madrid,… Arrasateko trinketean, Gurean erakutsi zuten euren trebezia. Urte politak izan ziren, giro sozial eta politikoa bestelakoa zuten arren. Justik kontatzen zuen: 


“Giro berezian mugitzen ginen. Frontoietan, ikusleengandik gauza gogorrak entzun behar izaten geneituen, dirua jokoan jartzen duenak edozertarako eskubidea duela pentsatzen du-eta"
 

Pilotarien agurra Justiri, 1943an
Vasquita I 1943an erretiratu zen, hasiak zituen ikasketekin jarraitzeko. Erizain egin zen, fisioterapia eta podologian espezializatuz, eta erretiratu arte Arrasaten ihardun zuen. Vasquita II-k ere erretiro profesionalaren bidea hartu zuen, Enrike Stegmeierrekin 1945ean ezkontzeko. 

Vasquita I eta Vasquita II. Justi eta Miren Arenaza Azkoaga ahizpak.  Raketista moduan egindako bizitzaz galdetzen zitzaionean, Justik erantzuten zuen: 

Mirenen ezkontza eguna, 1945ean
“Berriz jaiotzeko aukera izango banu, gauza bera egingo nuke. Oroitzapen onak ditut, batez ere ezagutu dudan jendearen gainekoak” 

Justi Vasquita I, 2000ko urtarrilaren 7an hil zen. Miren Vasquita II, berriz, 2003ko martxoaren 9an. Biak ditugu Arrasateko pilotaren historiako protagonistak, berezko merituz.
Justi, Euskal Pilotarien Batzarrak eskainitako omenaldian, 1992an

       (1)  Justiren adierazpenak “Euskal Pilotarien Batzarra”k 1992an argitaratutako aldizkaritik daude atera.

 Artikuluaren gaztelerazko itzulpena dago eskuragai: JON STEGMEIERen gaztelerazko itzulpena



 Argazkiak: Stegmeier Arenaza sendia, Euskal Pilotarien Batzarra aldizkaria eta Wikipedia

  ARRASATEKO RAKETISTEI BURUZ GEHIAGO:



 





















h


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina