martxoa 18, 2015

JULIO GALARTA SEVILLAN, 1938an




Gerra koadernoaren eskaintza
Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkartea sortu zenean adierazi nuen bezala, Galartaren margo irudi bilduma zabalaz gain badira hark utzitako ondare aberatsean zenbait material Julioren irudiaren gaineko ikerketa burutzen lagun dezaketenak. Eta beste behin ere zutabe honetara ekarri nuen koaderno berezi batera jo dut ostera. Juliok azken gerra zibileko frontera  1937ko azaroaren 19an mobilizatua izan zenetik bere pentsamenduak idazteko eta zenbait bazter eta objektu marrazteko erabilitako koadernoa da. 

Galartak bere bi lagun handienganako lotura gerta dakion ireki zuen koadernoa. Eskaintzan garbi ikusten da: “A mis inolvidables y queridos amigos Donato Arregui y Gregorio Azcoaga, separados en estos momentos por el Destino, les dedico estas sencillas notas…” Galarta, Arregi eta Azkoaga haurtzaroko lagunak ziren eta gerrak berezitu bazituen ere amaitutakoan Arrasaten elkartu ahal izan ziren ostera. 

Gipuzkoako frontetik Sevillara eraman zuen gerrak, Iruñea atzean utzi ondoren. Eta Sevillan aukera ederra izan zuen arrasatearrak artista-izpiritua elikatzeko. “La Providencia ha querido que visitara este vergel de Andalucía” idazten du Galartak “Mi pensamiento empequeñecido por las grandezas que se me presentan en tropel” Eta Santa Cruz auzoa eta bere Cruz de Cerrajería deskribatzen ditu, jarraian Giralda, Alkazarra, Urrezko Dorrea, Lonja, Indietako Artxiboa eta abar luze batekin gauza bera egiteko. 

Sevillako Heriotzako Kristoa
Gerrak eta bera egun haietan – 1938ko martxoaren erdialdean- gaixorik  egotearen arrazoiak ez zioten oztopatzen jolaserako bidea. Erretaguardiako kokalekua zen Sevilla, giro lasai aproposarekin, Galarta bezala gaixorik edo zaurituta zeudenen suspertze prozesurako. Horrela Sevillara iritsi bezain laster utzi zuen idatzita: “Hace unos días que estamos en la Meca del cante jondo, pero desgraciados los soldados que estamos en el Hospital de los Padres Escolapios, que para ellos no se abrirán las puertas de Sevilla” Hala ere, zori txarrak ez bide zuen luze iraun. Eta halako batean egundoko zirrara sentitu zuen, berak adierazten digunez. Irakur diezaiogun: 

Galarta gerra garaian
“Un momento inesperado y emocionante ha sido de hallarme frente a frente con varios mondragoneses, entre los que menciono a Ezcurra, Amozarrain, Echevarria, Pancho Guzmán, Cros, Belaun y Manuca. Inmediatamente, para hacer honor al encuentro o para renovar nuestras costumbres del pueblo, fuimos directamente a una bodega castiza y sevillana en la que al compás del buen humor y del rico vino pudimos repetir una vez más: estamos en Mondragón por San Juan. 

Moxolo, gran conocedor de Sevilla, nos guió como un cicerone ideal a través de los puntos más recónditos de la hermosa ciudad…” 

Eta Juanito Madinabeitia “Moxolo”ren eskutik arrasatear talde hark hiriburu andaluziarreko bazterrak bisitatu zituen. Julio Galartak Sevillako bere egonaldiari azken puntua hitz hauekin ematen dio: 

Galartaren marrazkia
“De Sevilla he traido como recuerdo un clavel regalado por una muchacha de mirada cautivadora y dibujado el Cristo de la Expiración (El Cachorro)” 

Krabelinarekin zer gertatu zen ez dakit, baina Kristoren marrazkia lerro hauen adierazgarritasuna indartzen duena da. Martxoaren 25ean utzi zuen Sevillako suspertze aldia, Zaragozara aldatzeko. Frontera itzuliko zen.
 

Gerra fronteko albiste gehiago:






http://www.fentmuntanyaiformacio.es



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina