|
Bilboko Arrese Gozotegia |
Bilbon harrapatu zuen gerrak Justo
Uribarrena Arteaga. Elektrizitatea ikasten ari zen Bizkaiko
hiriburuan, eta baita gozogintza ere, familia artekoa zuen Arrese gozotegi
entzutetsuan. Gerran Arabako Erreketeen 5. Konpainian aritu zen eta
Brunete, Aragoi eta Kataluniako fronteetan hartu zuen esku.
|
Ricardo Oreja UCEMeko presidentearekin |
Arrasatera 1943an ailegatu zen,
Unión Cerrajeran lan egitera, elektrizitate tailerretako buru bezala.
Urte hartako azaroaren 27an Castora Urionaguena abadiñoarrarekin ezkondu
zen Abadiñoko elizan.
Eta bikotea Arrasateko Zigarrola auzoan
|
Ezkontza egunean |
bizitzera
joan zen, hain justu UCEMen etxeetara. Bertan egon ziren, harik eta
1950ean Justo enpresaren Bergarako Labe Garaietako lantegira bidali zuten
arte, fabrikako arlo elektrikoaz arduratzeko. Handik ostera Arrasatera
itzuli zen sendia 1954an.
Justo Uribarrena 1961eko irailaren
26an izendatu zuten Arrasateko alkate, Julio Otaduy ordezkatuz, horren
tokian eta modu probisionalean azken sei hilabeteetan Andres Bidaburu
aritu bazen ere. Eta Uribarrena aginte makila hartzeaz bat,
|
Udaletxean |
badirudi
Arrasateko Udaletxean gauzak beste modu batean kudeatzen hasi zirela.
Behintzat, horrela gogoratzen dute garai hura eta udal giroa bertatik
bertara ezagutu zutenek. Herriko udaletxean tentsioak izan ziren
zinegotzien artean aurreko agintaldian. Hirigintzari buruzko planak –
horra hor, adibidez, Aramaio ibaiaren estaldura eta horrek suposatzen
zuen azpiegitura aldaketa, trafiko desbideratze garrantzitsuarekin-
dimisioak emateraino eraman zuen udal korporazioan. Eta zama handia
adierazten zuen hark guztiak udal auzietan. Uribarrenaren agerpenak giro
astun hartan freskotasun apur bat ipini zuen.
|
Fagelectron |
Lekukoek diotenez, alkate berria
ez zen bere lan profesionalera joaten (artean alkatea ez zegoen
liberatuta, jakina) kargu politikoak exijitzen zizkion zenbait
betebeharrekin konplitu gabe. Adibidez, egunero ostera bat ematen zuen
herrian zehar, azpiegitura obra desberdinetako egoeraz jabetzeko. Eta
eguerdiko tartetxoa aprobetxatuz Udaletxera hurbiltzen zen tramiteko
gaiak aztertzeko funtzionarioekin. Iluntzean berriro,
zinegotziekin
batera, mahai inguruan elkartzen ziren, ohiko gaiei heltzeko. Oso
zorrotza zen udal beharginen lanarekin eta herrian gogoratzen denez,
behin Monte tabernatik Gonzalo Moro udaltzain burua aterarazi zuen, beste
lagun batzuekin batera edaten ari baitzen, lan orduetan.
Harreman sare zabala ehundu zuen
herriko gizarte eragile desberdinekin eta sarri despatxatzen zituen
haiekin arrasatearrei gehien interesatzen zitzaizkien puntuak. Oso modu
hurbiletik segitu zuen herritarren bizimodua, udal karguan iraun zuen
tartean.
|
San Andres auzoa obretan, Valencia Remon gobernadorearekin |
Ezaguna da, esaterako, 1962ko maiatzean UCEMen jasandako greba
zela eta, gobernadore zibilak guardia zibil mordoa bidali zuela
Arrasatera. Hura ikusita, eta ondorioak larriagoak gerta ez zitezen,
Uribarrena alkatea Zigarrolako Axeriko zubira atera zen eta guardia
zibiletako buruarekin hitz egin zuen, gobernadorearen agindua
desaktibatuz. Eta Uribarrenari esker jo ahal izan zuen fabrikako sirenak,
langileak lanera itzul zitezen.
Aitaren ezpaletik, antza, eta
haren mailara iritsi ez bazen ere, astean zehar infrakzioren batengatik
udal kalezainek isunarekin zigortutakoen zerrenda prentsan agertzen zen.
Askok gogoratzen ditugu oraindik egunkariaren herriko kronikan“XXX, por hacer aguas menores… 25
pezeta; YYY, por blasfemar… 30 pesetas” eta halakoak, isuna pairatzen
zutenen izenak auzokoen aurrean agertuz, medio pribatu batean. Egun,
ulertezina izango litzatekeena.
|
Besaiden, domina bat jasotzen ari |
Justo Uribarrena, bestalde,
herriko bizimoduan esku hartzen zuen beste edozein hiritarren antzera.
Mendira ateratzea zuen laket eta “Euskal Herriko ehun gailurrak” egitera
heldu zen. Ehiza, zinea, musika, pilotan jokatzea eta noizean behin Toki
Ona tabernan kartaka lagunekin aritzea gustatzen zitzaion. “Gramola bat zeukan etxean eta disko
mordoa. Ahots onekoa zen eta kantua ere gustukoa zuen. Eta perretxiko
zalea zenez gero, gibelurdinak ekartzen zituen, etxerako eta lagunekin
Zigarrolako San Isidro elkartean merendatzeko” oroitzen dute emazteak
eta alabek.
|
Besaiden, bere semearekin |
Eta sekretutxoren bat ere bazuen:
aldian behin Muruamendiaraz gozotegira joaten zen eta bertan Polikarpo
eta Juanitarekin obradorean ziharduen, gazte denboran Bilboko Arrese
gozotegian ikasitakoa praktikan jartzen eta erakusten. Diotenez,
Muruamendiarazeko hostopil goxoak Justo Uribarrenaren formulari zor
zitzaizkion. Horrela den ala ez frogatzerik ez bada ere, uribarrenatarren
etxean jaten ziren goxokiak aitak prestatzen zituen, goizeroko esne
opilak barne.
|
Parrokiako abesbatzarekin |
Sentsibilitate berezia erakutsi
zuen Santa Agedako osasun etxeko gaixoekiko, eta ahal izan zuen guztietan
alabak eta semea eramaten zituen zentro haietaraino, betatik bertara
froga zezaten euren normaltasunean pribilegiatuak zirela. Bestalde,
herrian gaixoaldi luzez etxetik atera gabe zeuden arrasatearrak ere
bisitatzen zituen Justo Uribarrenak haien etxeetan. Oso humanotzat jotzen
dute alkate hura ezagutu zutenek.
Uribarrenaren ideia politikoei
dagokienez, garaiko agintearen ideologia monokolorea zen arren, tonu
desberdinak ematen ahalegindu zen beti. Behin, gobernadore zibilaren
gonbidapena jaso zuen Donostiara joateko, Francoren harrera ekitaldia
zela eta. Uko egin zion. Eta adierazgarria ere da beste anekdota hau:
Nasser presidente egiptiar sozialistarekin eskutitzak bidaltzen zizkioten
elkarri.
|
Udaletxean, harrera ekitaldi batean |
Aurreratu
dudan moduan, oso tarte laburrean aritu zen alkatetzan. 1961eko irailaren
26an udal plenoak Antonio Valencia Remon gobernadore zibilaren ebazpena
irakurri zuen, Justo Uribarrena alkate izendatzen zuela adieraziz. Eta
urriaren 4an presiditu zuen lehen bilkura. Berarekin batera honako kide
hauek osatzen zuten korporazioa: Andres Bidaburu, Agustin
Azkoaga, Valentin Carrillo eta Luis Mendarozketa, alkate orde gisa; eta
Norberto Jauregibarria, Jose Maria Uranga, Vicente Sagasta, Rafael
Amozarrain, Dionisio Laspiur,Santiago Arana, eta Ignazio Balzategi
zinegotziak. Idazkari nagusia Gaspar Castellano zen eta
Interbentorea Migel Angel Sagardoy.
|
Uribarrenak sinatutako azken akta |
Arrasateko
udalaren aurrekontu ekonomikoa 6 milioi pezetakoa zen urte hartan eta 30
langile zeuden nominan. Beste garaiak ziren! Atera kontua: udal
bilkuraren 1962ko akta batean irakur daiteke: “La presidencia, previa invocación del Espíritu Santo, declaró
abierta la sesión…” Uribarrena agintean egon zen hamabost
hilabeteetan, gehien bat herriko azpiegituraren hedatzeari heldu zion,
zinegotzien laguntzarekin. 1962ko abenduaren 29an azken aldiz presiditu
zuen Uribarrenak udal taldea. Hurrengo bilerako aktan, 1963ko
urtarrilaren 23, gaixorik zegoela irakur daiteke.
Giltzurrunetako
gaitzak jota, martxoaren 16an, larunbata, hil zen Donostiako ospitalean.
Egun berean udal plenoa konbokatu zen eta honako erabakia hartu zuten
bildutakoek:
|
Hilkutxa Udaletxetik elizara daramate |
“Hacer patente el gran
pesar y profundo dolor que a toda
la Corporación ha causado el fallecimiento del Sr. Uribarrena,
quien a lo largo del año y medio que ha regido los destinos de Mondragón
puso todo su afán y desvelos en pro del buen gobierno local, con
dedicación plena a su cargo y con una entrega sin límites para la
resolución de los problemas colectivos e individuales de los vecinos de
Mondragón, dedicación y entrega que le agravaron sin duda sus
padecimientos físicos al olvidarse de sí mismo para darse a los demás”
Hil
kapera Udaletxeko areto nagusian ipini zen egun hartan bertan eta
biharamuneko eguerdira arte egon zen gorpua agerian, milaka hiritar igaro
zelarik alkate ohiari azken agurra emateko. Igandeko eguerdian atera
zuten elizara hilkutxa, errespontsorako.
|
Kanposanturako bidean |
Zerraldoaren inguruan lore koroi
mordoa ikusten zen, besteak beste Juventud Deportiva Mondragón, San
Isidro eta Caza y Pesca elkarteak, Club Ciclista Mondragonés, Besaide
kirol elkartea eta herriko udal funtzionario eta Musika Bandarenak. Gorpuaren
ehorzketa etorri zen jarraian eta herrian sekula ez ikusitako jendetza
ikaragarria bildu zen komitibaren bi aldeetan.
Astelehenean izan ziren
hiletak parrokian eta gobernadore zibilak “Caballero de la Orden de
Cisneros”-eko domina entregatu zion alarguntsari, Jose Solis ministroak
hala erabakita.
Amaitu
zen Justo Uribarrenaren aro laburtxoa alkatetzan. Arrasatek alkate on bat
galdu zuen. Eta baita pertsona on bat ere.
Argazkiak: Uribarrena Urionaguena sendiarenak eta Wikipedia
|
Kronika polita, Josemari. Gu mutikoak ginen Justo Uribarrena Mondragoeko alkate izendatu zutenean, eta Zigarrolako eskolan ikasten genuen. Gogoan dut, bere aurrekoak ez bezala, Justo Uribarrena sarri agertzen zela gure auzoan, bertan egiten ari ziren herri-lanak gainbegiratzera. Eta, zenbaitetan, gurekin ere hitz egiten zuela, inguruan genbiltzan neska-mutikookin, gizon sinpatikoa baitzen. Hil zenean, sekulako pena hartu genuen.
ErantzunEzabatuUrte asko igaro dira harrezkero, baina oroitzapen horiek oso garbi dauzkat oroimenean. Zure kronika hau irakurtzerakoan, berriz etorri zaizkit gogora. Mila esker egindako lanagatik.
Eskerrik asko, Joxe, hitz horiengatik. Aspalditik neukan Uribarrenari buruz zertxobait idazteko gogoa, zuk diozun bezala oso oroitzapen onak utzi baitzituen herrian. Izan dira, bai, gizon emakume interesgarriak sasoi guztietan!
Ezabatu