miércoles, 20 de noviembre de 2013

ARRASATEKO UDAL ALKAIDE MOZKORTIA, 1863an



Udal zerbitzuen barruan XIX mendean baziren “alkaide” zeritzan karguari zegozkionak. Herriko ordena publikoaren ardura, adibidez, alkaidearen eskuduntza zen baina, horrezaz gain, udal administrazioarekin zerikusirik zituzten beste betebehar batzuk ere kudeatu behar zituen: zenbait zergaren kobrantza, udal korporatiboek beren karguan egiten zituzten gastuen ordainketa, eta abar. 

Iturriotz kalea
Irakurri ahal izan ditut Arrasateko 1863ko udal aktetan apunte deigarri batzuk eta mende eta erdiko tartearen ondoren argitara ekarri nahi dut, denbora eman baita gertatu zenetik eta horrenbeste tarte luzea emanda gero ez dut horren agerpenarekin inor minduko. Hori espero dut, behintzat. Apunteak laburbildu ditut honela: 

“En la sala de sesiones de esta N. y L. villa de Mondragón, a tres de Noviembre de 1863…bajo la presidencia de D. Vicente de Oquendo, licenciado en jurisprudencia y alcalde de la misma… (1)
… Presentóse acto continuo una cuenta suscrita por José Aspiazu, alcaide, de reales de vellón 123, de refrescos dados al Ayuntamiento y demás personas que han asistido a las rogativas públicas celebradas por la preñez de S.M (Q.D.G) a la función fúnebre celebrada por los que fallecieron en el terremoto de Manila y comunión general del tiempo de misiones. Se acuerda se extienda el correspondiente libramiento para su pago” 

Ikusten denez, udal korporazioak denetariko ekintzak ospatzen zituen, hitzaren zentzu osoan. Berdin zion Isabel II erreginaren haurdunaldi berriak, Filipinetako lurrikarak edo misioetako jaun hartze orokorrak. Hantxe zegoen Jose Aspiazu alkaidea udal agintarien  “errefreskoa“ ordaintzeko prest. Baina...

 Abenduaren lehen eguneko bileran, berriz, honako gai hau aztertu zuen udal batzordeak,  alkateak proposatua: 

”El presidente mostró la poca confianza que tenía con el alcaide José Aspiazu, por el poco interés que este se toma para el buen desempeño de su cargo, siendo la causa principal de esa queja el estado de embriaguez en que este se presenta aun en actos públicos, por cuya razón desea se ponga un correctivo al expresado alcaide, y enterados los concurrentes adoptan por acuerdo dar facultad a dicho señor presidente para que tome la determinación que crea más justa y conveniente” 

Badirudi Aspiazu gizaraxoak ordaindu behar izan zuela bere larruan hainbeste ospakizunetako faktura, ez baitzen gauza izan udal korporazioaren erritmoari eusteko. Kontuan eduki behar da, adibidez, Isabel II erreginak hamaika bat aldiz erditu zela! Hori seme alaba ofizialei dagokienez... Denetan ospatuko al zuten arrasatear agintariek? Eta Aspiazu errukarriak denetarako egon behar zuen gertu ... zinegotzi eta alkatearen karguak aldakorrak ziren bitartean berea... egonkorra baitzen. Gauzak.

  (1)    Beste zinegotziak ziren: Agustín Resusta, Agustín Madariaga, Tomas Isasmendi, Pedro Pascual Agirre, Victor Madinabeitia, Jose Mendiola, Luis Azkoaga eta Frantzisko Ibarzabal.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada