uztaila 11, 2012

MIGUEL SOTO MAISUA

Gaurko istorioaren protagonistarekin izan nuen harremana oso abagunekoa gertatu zen. Eta gehienez jota pare bat hilabetez luzatu zen; hori bai, intentsua. Hamabost urte nituen, eta batxilergoko ekaineko azterketetan matematika utzi nuen gainditu gabe. Ez nintzen oso trebea izan matematikarako edo, behintzat, altura larregiko horma suertatu zitzaidan, batez ere batxilerrean. Gutxiegi gehien jaso nuen gaia da, ezpairik gabe.

Nik banituen ikasturtean zehar matematikako klase partikularrak jasotzen zituzten lagunak eta horietako batek –ez dut izena aipatuko- bere maisu partikularrarena eman zidan. Haren laguntzaz uztaila-iraila bitarteko hil beroetako arratsaldeak matematikaren ezkutu zorabiagarriak dezifratzen eman nitzakeen, nahi izanez gero. Eta apuntatu egin nintzen. Klaseak Arrasateko Gazteluondoko Maisuen Eskolan izan ziren. Irakaslea: Don Miguel Soto.

Soto maisuak oso ospe ona zuen arrasatear gazteengan. Irakaskuntzako dohain bereziak zituen eta, maisu nazionala bezala –horrela esaten zitzaien eskoletakoei- gai desberdinak ematen bazituen ere, matematika  zen bere espezialitatea. Eta niri dagokidanez, bederen, halaxe iruditu zitzaidan. Bi hilabeteren buruan ezin da ikasle eztrebea iaio bilakatu, baina nigan matematikarako interes pitin bat piztu zuen maisu hark.

Miguel Soto Palmero palentziarra zen, Villada herrian 1896an jaioa. Aita ere maisua zelarik, irakaskuntza hautatu zuen ogibide eta Arrasatera heldu aitzin beste herri batzuetako eskoletatik igaro zen. Euskal Herriari dagokionez, lehena arabar herri txiki-txiki batean: Gazeo. Eta bertan ezagutu zuen emazte bihurtuko zuen Juana Albizu Ruiz de Gauna gaztea, Ullibarri Jauregin jaioa izan arren josten Agurainen ikasten ari zena. Bigarren herria Txintxetru izan zen; handik Gipuzkoako Orioko Aiara joan zen; hurrengo lantokiak berriz ere Arabara eraman zuen: Araia; eta handik Santanderreko San Miguel de Meruelora egin zuen salto. 

Maisuen bilera batean, Oñatin, 1961ean
Azkenik Arrasatera heldu zen 1948an, Garagartzako maisu izendatu baitzuten, hain zuzen Ziriako Jauregi-Arraburu aurreko titularra hil zenean. Garagartzara iritsi orduko, sendia senar-emazteak eta bost seme alabak osatzen zuten; horietako bi, Karmen eta Aurelio Txintxetrun munduratu ziren; eta beste hiruak, Marisa, Pili eta Julia, Araian. Garagartzan pare bat urte eman ondoren Arrasatera heldu zen sendia. Eta sendi buruak klaseak Gazteluondoko Eskolan ematen zituen. Barrenatxo etxean bizi izan ziren, 1967ra arte, hots Zigarrolako eskolara aldaketa eskatu arte.

Miguel Soto eta Juana Albizuren seme-alaben artetik bik aitaren ildotik bideratu zituzten euren ikasketak eta horrela Pili eta Julia magisteritza burutu zuten. Eta gertatu zen, aldi batean hiruak Arrasaten bertan aritu zirela lanean. Aita Gazteluondoko eskolan ziharduen bitartean, Pili Udala auzoan ari zen eta Julia Bedoñako eskola berrian. Hori 1961-62 urteetan jazo zen. Juliak ikasketak amaitu geroko lehen lantokia Endoia herrixkan izan zuen 1959an. Hain zuzen, Endoian ihardun zuen bitartean  “Uztapide” baserrian lojatu zen, Manuel Olaizola bertsolari handiaren jaiotetxean, alegia. Bedoñako eskola berria inauguratu zenean auzo honetara eskatu zuen aldaketa.
Seme alabekin, 1965ean

Miguel Soto oso irakurle amorratua zen, eta espainolez ez ezik ingeles eta frantsesez ere egin zezakeen. Etxeko giroa atsegin zuen arren, ez zion noizean behin txikito pare bat hartzeari muzin egiten eta Ignazio Goikoetxea, Alberto Marin eta Iñaki Gorospe adiskideekin tarte gogoangarriak bizi izan ei zituzten Ferrerias kaleko Manuel Mata “El Ruso”ren tabernan.

Soto hirurogeita hamar urterekin jubilatu zen –ordurako Zigarrolako eskoletan ziharduen- eta 1980ko apirilaren 4an hil zen. Arrasaten lurperatu zuten.

A! Ez dizuet esan udako hil haiek Don Miguelekin eman ondoren zer gertatu zitzaidan matematika gaiarekin. Zuek zer uste duzue?



Argazkiak: Julia Sotok utzita


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina