![]() |
| Udaletxea, XIX.ren hondarretan |
![]() |
| Aita Edgardo Mortara |
![]() |
| Mortararen bahiketa |
![]() |
| Arrasateko zezen plaza, XIX.aren hondarretan |
![]() |
| Toreroak, Arrasateko zezenplazan |
Arrasate eta Aramaioko historia txikiaren zehazkizunak eskaintzen ahaleginduko den espazio xumea da HOTS BEGI DANBOLINAK. Eta Pedro Ignacio de Barrutia, Aramaion jaiotako arrasatearrak XVIIIan idatzi bezala, "emaytera dator, milla barrion". Hala bedi.
![]() |
| Udaletxea, XIX.ren hondarretan |
![]() |
| Aita Edgardo Mortara |
![]() |
| Mortararen bahiketa |
![]() |
| Arrasateko zezen plaza, XIX.aren hondarretan |
![]() |
| Toreroak, Arrasateko zezenplazan |
![]() |
| Luis Maidagan |
![]() |
| 1929ko karroza, erregina eta damekin |
Gaurkoan, ordea, 1961eko ekainaren 23an bizi izan genuenari eman nahi diot toki. Historiako bigarrena izango zen "lehen" danborrada hura hein handi batean Jose Markiegi
jostunari zor zaio. Bera izan zen Udalpeko lagunei komentatu ziena,
urtean behin bederen elkarteko sukaldari eta mahai goxoaren zaleek
olgetarako euren bestelako dohainak kalean erakustea ekintza polita izan
zitekeela. Aukera eman behar zitzaiela Udalpeko bazkideei jai giroan
musikarekin gozatzeko. Iradokizuna aditu, Udalpeko zuzendaritzak onartu
eta antolamendua abian jarri zen.
Joxe “Kasino” Egidazu aukeratu zen antolaketarako arduradun nagusia, eta Udalpeko zenbait bazkidek zehazkizunak ordenan jartzen ihardun zuten zenbait hilabetetan. Kale agerraldiari gorputz duina emango ziotela agindu zioten elkarri ... eta abiapuntu hartako erantzuleek proiekzioa egin zuten hurrengo urteetan hazten joateko... gaur arte. Lehen emanaldi hartarako entseguak Udalpen bertan egin ziren, mahaian eserita, makil, sardexka eta koilareekin joaz.
![]() |
| Danbor eta kupel jole batzuk, Luis Maidagan eta Joxe "Kasino"rekin |
Tren geltokitik abiatu zen danborrada ekainaren 23ko gau hartan eta Nafarroa Etorbidea, Etxe txikiak, Magdalena kalea eta Erdiko Kaletik zehar Plazara agertu zen, danbor eta kupelen hotsa gauerdiko 12etan amatatzeko. Jarraian jaiak segitu zuen, kaleetan eta, zer esanik ez, pozez gainezka zegoen bazkidegoa Udalpe elkartean.
1961eko danborradak bere erregina izan zuen: “Marko Etxebarri”ko Karmele Barandiaran (1). Bera eta bere damak karrozara igo ziren, handik Arrasateko herritarrei euren irribarrea eta alaitasunerako keinu eragilea bidaltzeko.
![]() |
| Erregina, damak eta danborradako hiru eragile nagusiak: Jose Markiegi, Luis Maidagan eta Joxe "Kasino" |
Aurten – iaz bezala- ez da izango kale erakuspenik, ditxosozko birusa dela eta. Jasaten ari garen osasun krisiak gizarte aldaketak ekarriko ote dituen galdegai nagusia delarik, beste itaun txikitxo bat datorkit: eragingo al du koronabirusak danborradaren etorkizunean?
Argazkiak: Karmele Barandiaran, Arantza Velez de Mendizabal, JMVM
![]() |
| Jose Barrena, 1910 |
Jose (Joakin) Barrena Amilibia Arrasaten jaio zen 1894ko irailaren 18an. Gurasoak Ramon Barrena Sagasta legegizon arrasatearra eta Mari Asuncion Amilibia Calbeton zituen, eta Garibay kaleko Barrena etxean bizi izan ziren. Ama donostiarra zenez – Fermin Calbeton ministro ohia zuen osaba- Donostiako Maristen ikastetxera bidali zuten Jose, gazte gaztetatik. Eta ikasgaietan barrena ez ezik futbolean ere aurreratu zen lehen unetik. Diodan, bestalde, Juan Carlos Guerra Barrena heraldista eta genealogista arrasatearraren loba zela Jose ostikalaria, horren aita eta eruditoaren emaztea anaia-arrebak baitziren.
Futbolaren hastapenak ziren eta begirale donostiarrek aurki ikusi zituzten dohain bereziak mutiko harengan. “Easo” talderako fitxatu zuten eta Gipuzkoako Haur-Futbol Lehen Txapelketan hartu zuen parte 1909ko uztailean. Finala Irungo Sportingen kontra jokatu zuen Easok, Atotxan, eta 1-0 irabazi zuten Barrena eta taldekideek, arrasatearraren golari esker. Urtebete bat geroago, irailaren 25ean, berriz ere, eta talde berdinaren kontra, ostera irabazi zuten easotarrek, eta Barrenak gola sartu zuen. Partidu haren biharamuneko kronikak zioen: “Los del Sporting se vieron dominados por el Easo, cuya combinación e inteligencia en el juego es asombrosa. !Ay cuando estos sean hombrecitos!”
Hain ondo ibili zen Barrena bi txapelketa haietan Real Sociedadek sarea bota ziola eta bere lehen ekiporako eraman zuen. Hamasei urte bete berriak zituen arrasatearrak… eta debuta aurki etorriko zitzaion, 1910-11 denboraldian. Nire datuen arabera, modu ez ofizialean Bordeleko Stade Bordalais kontra egin zuen lehen partidua, 1911ko otsailaren 26an, Donostiako Ondarreta futbol zelaian. Adiskidantzako partidu bat zen, arrasatearra erdiko aurrelari bezala atera zen, eta biharamuneko kronikak “La Voz de Guipúzcoa” egunkariak Barrenari buruz esan zuena aldatuko dut hona:
![]() |
| Barrena, laugarrena esk. |
… Anotamos un shoot de lejos de Urbina, que Bollack tiene que echar a corner; otro muy intencionado de Barrena es también colocado en corner. Barrena levanta el entusiasmo del público repartiendo juego, incansable atacando.
… Resumiendo, al equipo donostiarra pocas veces hemos visto trabajar con más ardor a pesar del temporal infernal en que jugaron. El puesto de honor es para Pepe Barrena y Alberto Machín, que a pesar de ser los Benjamines del equipo (15 años) nos entusiasmaron con sus jugadas maravillosas. Barrena reparte el juego con una inteligencia poco comun”
“El Pueblo Vasco”k bere aldetik, honakoa zioen:
“Barrena con gran serenidad pasó el balón a uno y otro lado; pero a pesar de la tranquilidad de este jugador, el resto del team jugó un poco desconcertadamente.
… Barrena el incomparable, el maestro de los maestros, marcó el segundo con la cabeza. El público entusiasmado aplaudió la labor de este pequeño coloso”
Donostiarrek irabazi zuten partidu hura (4-2) eta Barrena gaztea idolo bilakatu zen Gipuzkoako hiriburuan. Arrasatearrak denboraldi ugari egin zituen Real Sociedadean – bi alditan- eta talde historiko baten kidea bilakatu zen: Eizagirre; Arrate, Sena; Leturia, Casanova, Etxart; Zabala, Elosegi, Barrena, Sidler eta Minondo.
Hasieran nioenera itzuliz, Barrena izan zen Arrasateko aitzindarietako bat futbol arloan. Herrian futbol talde bat osatu aurretik Barrena bazebilen lehiaketa erdi ofizialetan. 1912an Mondragon Foot-ball Clubaren hamaikakoan agertzen da Barrena, baina ordurako Gipuzkoa eta Bizkaiko futbol zelaietan ongi erakutsia zuen Real Sociedadekin bere maila. Zergatik aldatu zuen elastikoa, Arrasateko ekipora etortzeko? Historiaren ezkutuak…
ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO
EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN
https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html
Argazkiak: JMVM, Kutxateka