azaroa 05, 2014

ARRASATEKO HAUTESKUNDEAK, 1845ean. MILLARISTAK



Udaletxea, XIX.aren amaieran
Erdi Aroko udal-sistemaren gain beherarekin, zenbait herritan baldintza bat nagusitu zen, ohitura bilakatu arte, alkate edota zinegotzi izan ahal izateko hidalgo eta millarista izan behar zela zioena.  Hidalgo izateko prozesu zabal bat abiarazi behar zen, interesatuaren jatorri egoki eta huts gabea frogatuko zuena. 

Garaiko esaera batek zioen moduan, hidalgia Jainkoak eta denborak ematen zuten. Millaristaren izaera, berriz, aberastasunak eskaintzen zuen.  Hitzak berak adierazten duen legez, millarista “millarak” zituena zen. Eta zer zen “millar”a? Ondarearen araberako titulua genuen: etxe bat eta ortutxo bat hiribilduan edukitzeak eman zezakeen “millar”aren maila; baita baso emaritsu baten jabea izatea edota burni-ola batena. 

Arrasate, XVIII. mendean
Ez zegoen arau finkorik eta uler daitekeen bezala, tokiko boteretsuek ezartzen zituzten baldintzak “millarista”ko titulua eskuratzeko. Jakina, zenbat eta itxiagoa izan millaristen zirkulua aukera handiagoak zituzten udal gaietan eragiteko. Millaristagamia dei lekioke “gaixotasun” horri –oligarkiaren seinale garbia-,  eta ohiturak indarrean iraun zuen bitartean istilu handiak eman ziren, aberatsak ez ziren gainerako hidalgoek sarritan euren parte hartzea ere aldarrikatzen baitzuten udaletxeetan.

Arrasaten 1845eko abenduan izan zen udal taldearen aldaketa. Urtean behin berriztatzen zen ekipoa eta 1846erako hautatu beharra zegokien hautesleei. Lehenik, millaristen sailkapena egin behar zuten, zeintzuek-eta millaristek eurek. Horretarako 1845eko abenduaren 28an bilkura izan zuten udaletxean. Hauxe irakur daiteke aktan: 

“En la sala consistorial de esta N. y L. Villa de Mondragón, a veinte y ocho de Diciembre de mil ochocientos cuarenta y cinco: se reunieron en Ayuntamiento por testimonio de mí el Secretario y bajo la Presidencia del Sr. Alcalde D. Mateo Nicolás de Aranguren y a campana tañida como lo tienen de uso y costumbre, con el objeto de celebrar el escrutinio de los millares para las próximas elecciones, los Sres. D. Mateo Nicolás de Aranguren, Alcalde; D. Vitoriano Echavarria y D. Bernabe de Azcoaga Regidores; D. Andrés de Telleria Síndico Procurador General ; los caballeros hijos dalgo  D. Ramón de Mendía, D. José María de Mendía, el Excmo. Sr. Conde de Monterrón,  D. Vicente Cándido de Barrutia, D. Vicente de Arregui, D. José Joaquín de Barrena, D. Gregorio de Sagasta, D. Juan Recalde, D. José María Zugasti, D. Bartolomé Zubía, D. Juan Pedro de Viguri, D. Leandro de Azcoaga, D. Bruno de Guruzeta y D. Agustín de Altube, todos millaristas,  que dijeron ser la mayor y más sana parte de los que componen este Ayuntamiento” 

Lehen planoan, Kontzezinoko komentua
Aurreko izenen artean une haietako arrasatear “who´s who” daukagu. Diodan, alkatea Monterrongo Kondearen semea zela, urte batzuk geroago kondetzako titulua eskuratuko zuena. Bilkuran onetsiriko boteretsuen sailkapen berri bat egitea zen bigarren urratsa, izan ere denok ezin zuten 1846an udal karguetan ostera agertzerik. 

Horretarako, “voz” deituriko nolakotasunaren araberako sailkapena burutzen zen. “Voz activa” eta “voz pasiva” ziren tipoak. Zer ziren bata eta bestea? “Voz activa” zuenak alkate edota zinegotzi hautatua izateko eskubidea zeukan. “Voz pasiva”, berriz, boza eman ahal izateko eskubideari zegokion. Beraz, bi ahotsak zituztenek hautatu egin zezaketen eta, aldi berean, hautatuak izan zitezkeen. Bakarra zeukanak zegokiona soilik buru zezakeen. Eta ez bata ez bestea zuenari ez zion sistemak aukera ematen hauteskunde haietan parte hartzeko.  Abenduko bilera hartan honela sailkatu zuten ahotsen aukera udal aretora agertutakoek: 

“Y estando así reunidos se leyó la lista de los señores vecinos millaristas, que es la siguiente y se calificaron las voces en esta forma:
Mateo Nicolás Aranguren,  Vitoriano Echavarria, Bernabé Azcoaga, Andrés Tellería: ninguna voz;  Jose Joaquin Barrena, Greorio Sagasta, Excmo. Sr. Conde de Monterrón, Juan Recalde, Ramón Mendía, Juan Pedro Viguri, Bruno Guruzeta, Vicente Arregui: la activa; Jose Maria Zugasti, Bartolomé Zubia, Vicente Cándido Barrutia, Jose María Mendia, José Azpiazu (ausente), Carlos Azcoaga, Leandro Azcoaga, Eduardo Larrea, Agustín Altube: activa y pasiva. Ausentes, José Sola y Marcos Sola. 

En seguida expuso el Sr. Alcalde que no se ha presentado ningún memorial solicitando ser concejante. Y el caballero Síndico Procurador General hizo presente que no tiene noticia de que ninguno de los vecinos concejantes hubiese pretendido (hasta) hoy (presentar) millares, Con lo que se termina esta acta de Escrutinio. Mateo Nicolas Aranguren, alcalde y Juan Francisco Azpiazu secretario” 

Sistema haren ondorioz,  1846ko urtarrilaren lehen egunean udal berriak hartu zuen toki udaletxean. Hauexek ziren kargurik nabarmenenak: Alkatea Jose Maria Mendia; lehen zinegotzia, Jose Joakin Barrena; bigarren zinegotzia, Agustin Altube; sindiko prokuradore orokorra, Leandro Azkoaga. Jose Maria Mendiak zin egin zuen ekitaldian: 

Santa Agedako Bainu Etxea
“… el alcalde saliente recibió juramento en forma legal del referido Sr. Alcalde en el acto, entregándole su Real vara, quien ofreció ser fiel a su S.M. la Reyna, guardar y hacer guardar la Constitución a la monarquía española, las leyes, la unidad constitucional que prescribe la ley del 25 de octubre de 1839, y cumplir bien y lealmente su cargo guardando las ordenanzas y buenos usos y costumbres de esta villa” 

Millaristek zirkulu itxiari eusten zioten, ahalik eta modu hoberenean euren interesetarako. Kontuan eduki behar ditugu, 1845 hartan Arrasate herria Espainia osoaren begietara agertu zela, Isabel II erreginaren gortea astebete batez bertan egon baitzen. Beraz, Santa Agedako Bainu Etxeen deiari jende boteretsu eta aberats ugari iristen zen.  Horrek negozioa adierazten zuen herrian eta diruak dirua erakartzen du. Arrasateko millaristek ez zuten aukera galdu nahi, hautatua izan zen alkate berriarengandik hasita, bera baikenuen Santa Agedako instalazioetako sortzaile eta jabearen semea.

Argazkiak: 1 eta 3: Mendia bilduma




 

urria 29, 2014

ARRASATEKO ANTZINAKO JOLASAK. BIDEOAK


1949arrasate lagun taldeko aurtengo irudia

Gaurkoan bi bideo ekarri nahi ditut hona. Biak nik prestatuak, “1949arrasate” lagunen ezinbesteko laguntzarekin. 

Aurten 65 urte betetzen ditugu talde horretakook eta, beste zenbait ekintzaren barruan, bideo hauen errodajea planteatu ginen, gure haurtzaroko bi jolas gogorarazteko. Badakit bideoek ez dutela inongo Grammy saririk jasoko, baina hortxe geratzen dira, iraganeko haur asti-emateen testigantza moduan.

San Juan de Matuté, jolasten ari
SAN JUAN DE MATUTÉ
Neskatilen jolasa zen. “Txorro-morro” ospetsuaren antzerakoa dugu. Praktikatzen dutenek euskara eta gaztelania nahasten dituen kanta abesten dute. Egia esan, jolas hau gehiago praktikatzen zuten aurrekoek gure belaunaldikoek baino. Oso gutxi dira gure adinekoen artean jolas horren erreferentzia dutenak.  Bideoan, beraz, erdi galduta zegoen jolas haren irudia berreskuratu dugu.
Jolas honen beste bertsio batzuk aurkitu ditut Espainiako zenbait herritan. Baina Arrasatekoak nortasun berezia ematen dio, batez ere euskara erabiltzeagatik. 

Garaiko sei neskatilak aurkezten diguten bideoan, “sardin xesto”, “cuchillito” eta abar zer ziren ikas daiteke.



Lau kanika zale
KANIKAK 
Nork ez du oroitzen kaniketako jolasa? Arrasateko kale, plaza eta bazterrak hartzen genituen gure asti orduetan, “bizkarreko” edota “leketan” aritzeko. Terminologia aproposa erabiltzen genuen, gehiena euskaraz, nahiz eta euskara zenik inor gutxi ohartzen zen. Buztinezko edota harrizko kanikak genituen. Kristalezkoak ezin ziren erabili.
Iraganeko ohiko irudi bat berreskuratu dugu bideo honetan. 

Arrasateko lau mutiko ohik eskaintzen digute jolasaren nondik norakoa. 






urria 22, 2014

RAFAEL ARIZA ETXEZARRETA




Rafael Ariza Etxezarreta
Haren jabea Rafael Ariza Etxezarreta izan zen. Baina zein izan zen Rafael Ariza Etxezarreta? Horrela galdetuta, pertsonaiari buruz datorkigun lehen irudia, Unión Cerrajeraren antzinako argazki batzuetan ageri zaigun gizakume bizardun, argal eta itxura triste samarrekoa da. Behintzat, arrasatear askok herrikidearen gain gure baitan dugun erretratua horixe da. 

Sagasti-Etxearen aurrealdea
Aurreko haietako batean nioen bezala, Rafael Ariza oso pertsonaia interesgarri eta garrantzitsua izan zen XX.aren lehen hereneko arrasatear gizartean. Aurreratu nuen moduan, Madrilen jaio zen, 1874an eta Meatzetako Ingeniaritza ikasi zuen, Madrilen eta Alemanian. Zenbait enpresatako administrazio kontseilu kidea izan genuen, besteak beste “Mendia S.A. Papelera del Urumea” eta Irurako “Echezarreta, G. Mendia y Cia. S.L” izenekoetan. Herrilan Ministerioaren Gipuzkoako goi karguduna izan zen 1934an hil arte.

Sagasti-Etxearen atzealdea
Primo de Rivera jeneralarekin, Union Cerrajeran
Kepa Olidenek Arrasate Pressen 1994ko maiatzaren 20an idatzitako artikulu mamitsuaren arabera, neurrizko gizona zen eta “nik ez dut zozorik ezta Sanjurjo jenerala ere hil dezatela nahi” esaera jartzen du Rafael Arizaren ahoan. Eta bere bibliotekako liburuei erreparatuz, bekoki zabaleko gizona zela baiezta liteke, oso abaniko zabaleko idazleak baitzituen gogoko, bai espainiarrak eta baita atzerritarrak ere. Aitaren bizitza-estiloa kontuan izanda, ez da bat ere harritzekoa liberal samarra izatea bere ohituretan. 

Felix Aranorekin
Aurrera egin baino lehen, azaldu behar da Arrasaten lagun handia izan zuela: Felix Arano maisua. Herriko zenbait zirkulutatik Aranoren lana nola hartzen zen ezagututa, ez da luze pentsatu behar Ariza bera ere zein nolako begiekin neurtuko zuten asmatzeko. Eta Sagasti-Etxeko jabearen zenbait erabakik okerragotu egin zuten hainbat herritarren berarenganako iritzia. Horietako batek Rafaelen arreba Severinarekin du zerikusia. 

Severina Arrasaten bizi zen bere anaiarekin. Biak oso osasun ahulekoak ziren eta zaintza bereziko gaixoaldi luzeak pairatzen zituzten. Arreba Parisera joan zen 1907an eta Frantziako hiriburuan hil zen, 31 urterekin. Anaiak gorpua ekarri zuen Arrasatera eta hilerriko sendiaren hilobian lurperatu nahi izan zuen. Baina zurrumurruak izan bide ziren Severinak bere buruaz beste egin zuela eta debekatu egin zioten Rafaeli arreba Aldayko kanposantuan ehorztea. Erreakzioa boteprontokoa izan zuen: Sagasti-Etxean bertan emango zion lur. Pentsatu eta egin. Hilobia prestatu zuen arrebarentzat… eta berarentzat ere. 

Kepa Olidenek beste anekdota bat ere kontatzen du, Rafael Arizak herriko erretorearekin izandakoa, alegia. Dioenez, Sagasti-Etxeko jabeak eskatu zion igandeetako meza nagusia eguerdiko 12etan jartzea. Baina abadeak ohiko orduarekin segitu zuen eta ondorioz Arizak parrokiara azaltzeari utzi zion eta ez zen itzuli, ezta parrokoak handik denbora batera meza eguerdira aldatu zuenean ere. Sagasti-Etxeak bazeukan kaperatxo bat eta zenbait eliz-funtzio bertan ospatzen ziren.

Sagasti-Etxeko kapera, 1978an
Rafael Ariza Etxezarreta 1933an ezkondu zen, 59 urterekin. Ezkontidea, arrasatear jatorriko Juan Gregorio Mendia Goizuetaren alarguna, Maria Karmen Ruiz de Arkazute izan zen. Sagasti-Etxeko kaperan ospatu zen ezkontza eta Kepa Olidenek dioenez, senar berriak ez zuen zeremonian bedeinkaziorik jaso nahi izan. Horra hor beste adierazle bat Arizaren nortasuna zehazteko. Emazteak bost seme alaba zituen aurretik baina bikote berriak ez zuen ondorengorik izan. 

Sagasti-Etxeko hilobiak, 1978an
Urtebete eskas iraun zuen senar-emazte berrien loturak, 1934ko otsailaren 15ean Rafael Ariza hil egin baitzen, gaixorik. Eskatu zuen moduan, bere arreba Severinaren ondoan lurperatu zuten, Sagasti-Etxean. 

Ariza Etxezarreta desagertuta, Mendia-Ruiz de Arkaute sendiak bereganatu zuen Sagasti-Etxea. Maria Karmen Ruiz de Arkaute 1979an hil zen, baina ordurako “Sagasti-Etxea/Etxezarreta” etxaldea zeharo abandonatua zegoen. 

Bitxikeria lez esan daiteke, Arrasaterekin harremanik ez zuten arrasatear jatorriko mendiatarrak bilakatu zirela Etxezarretako jabeak, Arrasaterekin erabat identifikatua zegoen baina arrasatear jatorririk ez zuen Rafael Ariza Etxezarreta hil ondoren. Ziklo bat ixten zen. Eta arlo askotako eredua izandako Sagasti-Etxeko ondarea, hondamenaren hurrena bihurtu zen.


Aurreko artikulua:

http://txemax3.blogspot.com.es/2014/10/sagasti-etxeko-liburutegia.html

Argazkiak: Sagasti-Etxekoak: JMVM; Rafael Ariza: Kepa Oliden