Arrasateko historia hurbileko euskaltzalerik sutsuenetarikoa izan genuen Bernabe Berezibar Lizarralde. Sutsu eta eragilea,
euskal esparrua eremu idor zabala
 |
| Bernabe Berezibar |
zeneko garaietan Berezibar izan baitzen behin
eta berriz euskararen aldeko mugimenduetan aritu zena. Gehiengoaren utzikeriak jazarri
zion urtetan eta lan isilean ihardun behar izan zuen, begi luze
arriskutsuetatik kanpo geratzeko. Hogeita hamar urte baino gehiago eman dira
Bernabe hil zenetik eta ondoko lerroak idaztera jarri naiz belaunaldi berriek,
gutxienez, haren berri izan dezaten. Badakit ez dela kitatuko, inondik ere,
gizon apal harekiko herriko euskalgintzaren zor morala, Bernabe Berezibarren
izenak tokia ongi merezia baitu euskaltzale arrasatearren zerrendan.
San Bernabe egunean – ekainaren 11an- jaio zen, 1912an Asube baserrian. Eta San
Bernabe egunean hil zen, 1985ean. Aita arrasatearra
eta ama antzuolatarra zituen. Lehen ikasketak Arrasateko eskola zaharrean eman
zituen baina, garaiko estiloari jarraiki aurki hartu zuen komenturako bidea.
Bernabe kaputxinoek eraman zuten Altsasura eta hango nobiziotegian ikasi zuen,
harik eta Lekarozera aldatu arte. Baina, hainbatetan bezala, Bernabe ez bide
zen jaio bizitza erlijiosorako eta Arrasatera itzuli zen.
Fraide izateko ikasten ari zen bitartean
gertatu zitzaioneuskara ia-ia ahazteraino eraman zuela. Horretan ez zen
orijinala izan, urte batzuk lehenago gauza berdina jazo baitzitzaion Juan Arana
“Loramendi”ri, Altsasuko komentuan bertan. Bertako diziplinak eta fraideen
euskararekiko gutxiespenak modu negatiboan eragin bide zuten Berezibar
gaztearen berezko hizkuntzan. Eta “Loramendi”ri bezala, behin ama joan zitzaion
Bernaberi Altsasura bisitan … eta ia-ia ez
ziren elkar ulertzeko gai izan. Botoak egin ei zituen egun hartan Bernabek
euskara berreskuratuko zuela. Eta bete egin zuen promesa.
Komentua utzita, Arrasaten lanean hasi zen,
lehenik Iberdueroko bulegoan eta handik gutxira Unión Cerrajeran. Bertan jubilatu
zen, 1976an. Maria Basilisa Uriarte Murgiondo ozetarrarekin ezkondu zen 1945ean
eta hiru seme-alaba izan zituen bikoteak: Maria Jesus, Juan Luis eta Balendin.
Sendia San Josepe ondoko Ibai Alde etxean bizi izan zen.
Emazteak denda txiki bat zeukan Erdiko Kalean
eta Bernabek aprobetxatu zuen dendaren atzealdea euskarazko klaseak emateko. Berrogeita
hamarrenetako azken urteak ziren. Arriskutsuak, toki askotatik, batez ere
abertzale nazionalista bezala fitxatua zegoen pertsonarentzat.
Hastapen apalak izan zituen irakaskintzan eta
Berezibarrek berak prestatu behar izan zituen apunteak ikasleei irakasteko. Liburuen
artean, gehien bat, gerra aurreko argitalpenak ziren, batez ere Ixaka Lopez
Mendizabalenak.
Frantziskotarren iristearekin, 1955ean,
Berezibarrek klaseak emateko lekua aldatu zuen eta Aita Demetrio Garmendia euskaltzale
berrobitarrarekin batera eskaintza zabalagoa egin zen San Frantzisko komentuko
geletatik. Zeruko Argia erabiltzen zuten irakurgaiak hautatzeko. Orduantxe
-1965- sortu zuen Jon Oñatibiak bere Irrati Metodoa eta Bernabe ahalegindu zen metodologia
berritzailearekin aurrera egiten. Hiru urte geroago, 1968, Danok Elkartea jaio zen
eta euskararen eskaintza Gau Eskolara igaro zen, gehien bat. Han ere aritu zen
Bernabe, poliki-poliki prestatzen ari ziren beste irakasle batzuekin batera.
“Loramendi” idazlearen
omenezko ekitaldian -1959ko
 |
| Ezkerrean Bernabe, Arestirekin, Bedoñan 1959an |
irailaren 20an- esku zuzena hartu zuen Berezibarrek
antolakuntza lanetan. Omenaldi hartan, milaka euskaltzaleren aurrean, Antonio
Arrue euskaltzainak hitzaldia egin zuen eta Basarri eta Lizaso bertsolariek ere
parte hartu zuten. Egunerako ireki zen elerti norgehiagoketan, bestalde,
Gabriel Aresti bere “Maldan behera” olerkiarekin suertatu zen garaile,
Bitoriano Gandiagaren aurretik.
Bestalde, euskararen gaineko grinak mugitzen
zituen hainbat euskaltzale ezagutu zituen Bernabek. Klaseez gain, Bernaberen andrearen denda
atzealde txiki hartan jasotzen zituen euskararekin konprometituta zebiltzanen bisitak.
Eta guztietatik gehien atsegin zituenak Juan San Martin euskaltzainarenak
ziren. San Martinekin adiskidetasun estua egitera heldu zen eta eibartarrak
bideratu zuen arrasatearra euskalgintzaren goragoko dimentsiotara.
 |
| Arantzazuko taldekide batzuk |
San Martinen eskutik, Bernabe Berezibarrek
parte hartu zuen 1968an Euskaltzaindiak antolatutako Arantzazuko Batzarrean, euskararen
hizkuntza-normalizazioko bidean irekitako lan jardunetan. Berrogei bat
euskaltzalek , Koldo Mitxelenaren gidaritzapean, lehen urratsak eman zituzten,
ordudanik euskara batua deitua izan den hizkuntza idatziaren zutabe nagusia
eraikitzeko.
 |
| Juan San Martin |
Anaitasuna aldizkariak 1970ean “Batasunaren
Kutxa” tituluko liburua kaleratu zuen. Bilera bat izan zen urte hartako
abuztuan Eibarren eta beste bi arrasatearrekin batera – Xabier Zubizarreta eta
Eduardo Larreategi- Bernabe Berezibar daukagu liburu hari babesa eman ziotenetakoa.
Mitxelena, Aresti,Torrealdai, Lizundia, San Martin, Txillardegi eta gisa
horretako euskalariak agertzen dira zerrenda hartan.
Aipatu dut Zeruko Argia aldizkaria, Bernabek
irakurgai aproposak hautatzeko erabiltzen zuena. Astekariaz bere iritziak eta
herriko albisteak plazaratzeko ere baliatu zen gure gaurko protagonista eta
bere artikuluak eskaini zituen maiz, 1973ra arte. Zerabilen gaitzizena “Asubeko”
genuen. Inork gutxik zekien Arrasaten nor ezkutatzen zen izenorde haren atzean.
Handik urtebetera hartu nion nik erreleboa Zeruko Argian, modu berdintsuan
katakunbetetatik aritzeko.
Begiluze salatarien arriskuari aurre egin
behar izan zion beti Berezibarrek eta guztietan ez zen ondo atera. Euskal Jaia
ospatu zen lehen aldiz 1964an eta istilu batzuk izan zirelako aitzakiarekin
gobernadore zibilak isun ekonomikoa jarri zion Bernaberi: 5.000 pezeta.
Errekurritu zuen arren, hileko soldata baino altuagoa zen diru kopuru hura
ordaindu behar izan zuen, zintzo-zintzo.
Bernabe Berezibar 1985eko ekainaren 11an hil
zen. San Bernabe eguna genuen. Gorputz osoko euskaltzale arrasatearraren bizia
itzali zen, 73 urte betetzen zituen egun
hartan.
Argazkiak: JMVM