urria 05, 2022

ARRASATE, XIX.ko ERROMANTIKO FRANTZIARREN OROIMENEAN


Erret-bideko herria izan da antzinatik Arrasate eta bertatik bidaiari ugari igaro dira, denetariko testigantzak utzi dituztenak. Goi mailako pertsonaiak eta apalagoak baziren ere, batzuek eta besteek idatzita laga zituzten Arrasate eta inguruko zehazkizunei buruzko euren iritziak. Gaurkoan “L´Espagne. Pittoresque, artistique et monumentale” liburutik aldatutako pasartea dakart.  MM. Manuel de Cuendias eta V. de Ferealek idatzi zuten 1848an, eta penintsulako ohiturak eta usadioak deskribatu zituzten, bidai arin baten ikusi ahal izan zituzten bezala. Diotenez, V. De Fereal bidai osoa gizonez jantzita egin zuen Subwerwick andrea izan zen. XIX. mendeko bidaiari erromantikoen ikuspegia garbi asko ageri zaigu deskribapenetan eta Arrasatekoari dagokionez ere, halako kutsu sinesgaitza dagokio, inongo zalantzarik gabe. Irakur dezagun, frantsesetik euskaratuta: 

“Urrunago Arrasate dago, harresi zaharrek inguratua. Bi mila eta bost ehun biztanle ditu eta bertakoek bizitza ematen dute pilotan jolasten, barra jaurtikitzen, ondo hornituriko ostatuak bisitatzen eta amodioa egiten.

Arrasateko herria - bere antzinako etxe, emazteki alai, gizakume indartsu baina ez eder  eta ia-ia basatiekin-  antzinako gauzen museoa da: ostatuetan ondo pasa daiteke,diru asko gastatu gabe, eta emakumeak gortea daitezke, senarrak haserrarazteko beldurrik gabe, normalean on huts samarrak baitira. (“Et on y peut faire la cour aux dames, sans craindre d´exciter la colère des maris, généralement assez débonnaires”)

Arrasaten etxeak zabalak dira eta erosoak, baina ez dira bat ere dotoreak. Eskuarki, harrizkoak dira goitik behera: areago, batzuk harri nabarrezkoak dira. Herri honek seme ospetsu bakar bat dauka: Esteban de Garibay, Espainiako lehen historia orokorraren sortzailea dena, espainieraz idatzia, eta baita eskutitz baliotsu askoren egilea ere. 
emakume euskalduna, liburuko grabatua

Santa Agedaraino heldu gara. Ez ginen haraino joango ez bagenitu bertako ur termaletako eraikina eta ostatu entzutetsua bisitatu nahi izango. Inoiz hartzen baduzue Santa Agedako lurrunezko bainuren bat ziur ez diezuela inbidiarik izango Parisekoei: bakar-bakarrik gauzatxo bat: merkeagoak izango direla, eta, ziur hobeto sentiarazten zaituztela, zeri esker eta han aurkituko dituzuen establezimendu horietako zerbitzu adoregarriei esker.

Naturazalea gustura ibiliko da Arrasateko inguruetan; sendagarri-landareak eta mineralak agortezinak dira; Udalatx haitzak sekulako aukerak eskaintzen dizkie botanikoari eta mineralogia zaleari. Udalatx harri nabarrezko harkaitz bat da, piramide itxurakoa, eta 293 metro ditu, gutxi gora behera, eta bere oinean Udalako leizea dauka, 275 metroko sakonerarekin. Leizera sartzea ia-ia ezina da. Alpe eta Pirineotako beste hainbat kobatan bezala, ormak busti dituzten mendetako urek harri bitxizko egitura bat ehundu dute, eta lurrean diamanteak ageri dira, han eta hemen ikus baitaitezke uraren eraginez sortutako kristalizazio bikain eta zoragarriak. Koba horretatik ateratzen dute espainiarrek “el cristal alontario” (harrizko kristala) eta “el bolo arménico” (buztin gorria)” 

Erromantikoek Arrasate hala ikusten bazuten ere, Udalaitzeko mineralak agortu ziren, Galarrako estalaktita eta estalagmita gizakiaren eskuak desagerrarazi zituen, harrizko kristala betiko joan zitzaigun… eta ez dugu bizitza “amodioa egiten” ematen. Zoritxarrez
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina