|
Jose Errasti Azurmendi |
Arrasateko futbol historian hainbat izan dira
entrenatzaile lanetan ibili direnak. 1912 sortu zenetik, herriko futbol taldeak
– Club Deportivo Mondragón, Mondragón Club de Futbol, Juventud Deportiva
Mondragón, Goizeko Izarra, UCEA edo beste izenen baten babespean- hamaika bat
lagun eduki ditu, baloia arerioaren atean sartzen ahalegindutako mutil (eta
neska) multzoaren prestakuntza fisikoa eta taktikoa prestatzen. Guztietatik nik
txoko honetara bat ekarri nahi dut. Ez dakit onena izango ote zen. Baina idazki
honen protagonistak eraman zuen Juventud Deportiva Mondragón honen lorpenik
handienera, eta horixe da arrazoia aukeratua izateko.
|
Errasti I, 1940an |
Jose Errasti Azurmendi, Errasti I, 1920ko urtarrilaren
lehenean jaio zen Arrasaten. Gurasoak Benito eta Juana ziren, arabarrak.
Arrasatera bizitzera aldatu eta herrian Bar Errasti ipini zuten Estazioko
Kalean, egungo Nafarroa Etorbidean. Bikoteak zazpi seme alaba izan zituen –
Jose, Pilar, Rosario, Jesus, Pedro, Rikardo eta Julian. Sendiko mutilak oso
kirolari trebeak izan ziren futbolean eta pilotan nabarmenduz. Aurreko batean
ekarri nuen txoko honetara Jesus Errasti “Lawton”en kirol istorioa; eta
futbolean ere Julian maila oneko jokalaria izan zen, 1960-70 hamarkadan.
|
1943ko Mondra, Maalan; Errasti, zutik lehena ezkerretik |
Hamasei urterekin hasi zen Jose futbolean,
Maalako zelaian. Eta aurki bihurtu zen urte haietako taldekiderik sendoenetakoa.
Lehen argazkian ikus dezakegu, 1938an, Maalako futbol zelaian. Lehen argazkian
ikus dezakegu, 1938an,gerra zibilean, Maalako futbol zelaian. Hortxe ageri
zaigu argazkian, hirugarrena zutik ezkerretik, goi mailako futbolaren historian
ageriko diren kide batzuekin: Patri, Sologaistoa, Errasti, Bolinaga, Monti,
Arriaran, Etxebarria, Bedia, Heriz, Mañiko eta Balanzategi.
|
Ondarruko Aurrera ekipoan. Hirugarrena, zutik, eskuinetik. |
|
Mondra-n, 1949, Jose bigarrena ezkerretik, goian. |
|
1949-05-17ko kirol kronika |
Sei bat denboraldi egin zituen herriko futbol ekipoan eta
egun batetik bestera Ondarruko Aurrerak fitxatu zuen, afizionatu arrasatearren
penarako. Talde hartan bi kide ohi arrasatearrekin batera ibili zen: Juan Jose
Uribarren eta Ramon Heriz. Baina Josek ez zuen Bizkaiko herri hartan denboraldi
pare bat gehiagorik egin. 1948rako ostera zegoen bere jaioterriko taldean,
barruan zeukan guztia ematen.
Futbolari bezala karrera laster amaituko zitzaiola
jabetuta, entrenatzaile izateko probintzia mailako ikastaroetan apuntatu zen
eta baita titulua atera ere. Eta jokalari denboran emandako guztia seriotasun
berdinarekin eskaini zuen futbolari
berriei erakusten ere. Berriei eta, hasieran, berarekin batera Mondran
aritutako lagunei ere.
|
1955-56ko taldearen alineazio bat (1) |
Eta hain zuzen, taldekide ohi batzuekin lortu zuen
Errastik – Errasti I- bere erdiespenik loratuena, 1955-56 denboraldian.
Hirugarren mailako txapeldun geratu zen ekipoa eta bigarrenera igotzeko
kanporaketak jokatu zituen. Errastiren taldeak oso itxura ona eman zuen baina
futbol profesionalaren errealitatera makurtu behar izan zuen bere burua.
|
Iturripen, 1966an; Laso, Arriaran eta Roderorekin |
Jokalari onak eta entrenatzaile serioa.
Horrela definitzen zuen prentsa espezializatuak Juventud Deportiva Mondragon
taldea. Eta azpimarratu behar da Jose Errasti gizon serioa zela bere lanean.
Ongi ezagutu zutenek diotenez, beti ikasten ari zen, arlo guztietan, bere
prestakuntza teorikoa altxatu nahian.
|
Jose Errastiren omenezko partidua |
Jose Errastik Mondra ekipoa izan zuen begiko
bizitza osoan. Entrenatzera herritik kanpo ere joateko eskaintzak izan zituen
arren Arrasateko berotasuna nahiago izan zuen. Eta futbol zelaietako
erakartasunari 1967an egin behar izan zion agur, lan profesionalak
denbora asko
kentzen baitzion. Herriko futbol zaleek omenezko ekitaldi bat eskaini zioten
Iturripen. Horrela amaitzen zen, ziurrenik Arrasatek eman duen futbol
entrenatzailerik enblematikoenaren karrera.
|
Mondrako jokalari ohiak; Jose erdiko lerroan lehena, ezkerretik |
Fagor elektronikan jubilatu zen 1980an,
bihotzak abisu bat eman ondoren. Hala ere, ez zen kikildu eta ariketa fisikoak
osasunerako duen ontasunaz jabetuta Arrasateko jubilatuei gimnasiako klaseak
ematen hasi zen, Musakolako Polikiroldegian. Horretarako ere berregokitu behar
izan zuen bere burua, iharduneko futbolistenak bezain gorputz ez hain
malguetarako teknikak ikasiz.
|
Jose, 1971an, Ikastolen aldeko partidu baten ostean |
Jose Errasti Felisa Ibarrarekin ezkondu zen
eta lau seme izan zituen bikoteak: Joxe, Benito, Aitor eta Agustin. Kirolak eta
lanak uzten zioten astia Udalpe elkartean ematen zuen, eta sanjuanetako danborradan
esku hartzen zuen, zintzo-zintzo, lehen ediziotik. Jose, gaurko gure
protagonista ahaztezina, 1993ko apirilean hil zen.
(1) Futbol zelaia: Utebo (Zaragoza) 1956ko ekainaren 3. Bigarren mailara igotzeko kanporaketa zen eta Mondrak galdu egin zuen 3-0; baina Iturripen maiatzaren 27an 9-0 irabazi zuenez gero, hurrengo kanporaketarako klasifikatu zen. Arerioa, Tarragonako Gimnastikoa izango zen.
Alineazioa honakoa izan zen: Moreno, Larrañaga, Arregi, Divino II, Egidazu, Aranburu, Sebastian
(ordeko atezaina) Makurtuta: Guridi, Agirre, Bonba, Gutierrez eta
Tololo. Entrenatzailea: Jose Errasti.
Argazkiak: Benito Errasti, JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina