Arrasateko Udalaren
finantza gorabeherak buruhauste izan dira ia beti udal kudeatzaileentzat eta une
larrietan denetariko neurriak hartu behar izan dituzte, aurrekontuetako
zenbakiak orekatzeko. Gaurkoan apunte soil bat dakart, 1855ekoa, eta bertan
ikus dezakegun moduan, apartako neurriak elizaren esparruetaraino sartzen zen.
Goazen istoriora:
1855eko ekainaren 24an
ez ohiko bilera egin zuen udal batzordeak gai zerrendako puntu bakarra
aztertu eta haren inguruko erabakia hartzeko. Gaizki egon behar zuten gauzek
udaletxean, hain egun seinalatuan – herriko festa nagusiak- bilera egiteko. Alkatea Jose Maria Mendia zen eta berarekin
batera Joakin Barrena alkate ordea eta Jose Maria Azkoaga, Cesareo Barrena eta
Bernabe Azkoaga zinegotziak elkartu ziren. Bileraren aktatik kopiatzen dut
erabakitakoa:
“Se trató y discutió sobe los medios de cubrir el déficit
objeto de esta sesión a puerta abierta, y se acordó solicitar de la
Excelentísima Diputación foral de esta provincia ocho maravedís de impuesto en
azumbre de vino que se consuma en el resto del año en esta villa, previsionando
que por ser extraordinario el presente año en atenciones y gastos, se extienda
dicho impuesto provisional hasta el vino que consuman los Beneficiados y demás
sacerdotes que moran en esta jurisdicción”
Udal kideen esanetara, une hartako defizita 2.669 erreal
ingurukoa zen, ez baitzen betetzen ari zergen bidez ustez jasoko zutena.
Kontuan izanda marabedi bat 0´01 erreal zela, eta azunbrea, gutxi gora behera,
bi litro zela, udal defizita estaltzeko 66.725 litro ardo edan behar
zuten arrasatearrek 1855eko ekaina eta abendua bitartean.
Urte hartako
biztanleak 3.500 inguru izango zirela jakinda, eta haurrek ardorik ez zutela
edango suposatuz, arrasatear heldu batek –emakume edo gizonezkoa- hogeita
bost litro edan behar zuen udalari buruhauste finantzeroak kentzeko. Marka
ona, alajaina. Estatistikek ez dute argitzen zenbat litro ardo edaten zuten
apaizek.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina