miércoles, 15 de enero de 2014

“MONDRAGÓN EN SU HISTORIA (Y EN CUATRO HORAS)”



Nire liburu berri bat aurkeztu dut gaur. “Mondragón en su historia (y en cuatro horas)” titulatu dut. Ikasteko, esperientziak elkar trukatzeko eta hezkuntza-ezagutzan igotzeko gertu dauden pertsonak biltzen dituen GOIENAGUSI elkartearen eskariari jarraiki prestatu  eta eman ditudan lau ordutako hitzaldietako edukia biltzen du liburuxkak. Esperientzia polita izan da ni bezain adindua den entzuleria baten aurrean aritzea … nahiz eta oraindik erdia bakarrik burutu dudan, datorren astelehenean, hilak 20, eskainiko baititut azken bi orenak. 

Historiaz interesatuta egotea zeharo naturala da giza norbanakoengan. Baina behin Gandhik esan zuen bezala, gizakiak bezain ugariak dira jainkoak. Eta historiarekin gauza berbera gertatzen da, modu diferentez bizi izaten baititugu gizon emakumeok eguneroko jazoerak. Oraingo liburu honen titulua ideia horretatik dator, ez baita nire asmoa historia bat eta berdaderoaz jardutea izan – ezina izango litzatekeena- baizik eta Arrasateko historiaren testuingurua ulertzera lagun dezaketen zenbait mugarri eskaintzea. Zehatzago esanda, lau ordutan jar daitezkeen mugarriak.

Zalantzarik gabe, historia errebisatu eta errepikatu egin behar da. Jose Migel Barandiaranek, adibidez, Leze Txikin emakume baten beso hezurra aurkitu zuenean 40.000 urteko adina eman zion. Egun, teknologiari esker, 125.000 urte suposa dakioke. Etengabeko ikerkuntzak, aurkikuntzak, derrigortu egiten du historia errebisatzea, datu berriekin gaurkotzeko. Bestalde, giza belaunaldiak etengabe agertzen ari dira eta protagonista berrirekin betetzen dira ikasgelak. Horiek gure historiaz jabetzeko beharra eta eskubidea daukate; beraz, ezinbestekoa da gai berberaren gainean errepikatzea. 

Jakin guraz beteriko gizon-emakumeontzako hitzaldietako edukiak osatzen du, beraz, “Mondragón en su historia (y en cuatro horas)”en testua. Eta neukan denboraren araberako emanaldiak antolatzea izan da zailena. Behin kapituluak aukeratuta, objektibitatea izan dut urrezko araua, deskribapenean txirristarik egingo ez banuen. Ziur nago, besteren batek era desberdinez burutuko zuela enkargua.

Eta azpimarratu nahi dut liburua gazteleraz dagoela idatzita. Alde batetik, hitzaldiak hizkuntza horretan ematea eskatu zidatelako. Bestetik, liburu berri honetan diodan gehiena euskaraz argitaratutako aurreko nire beste liburu batzuetan agertzen delako. 





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada