ekaina 19, 2013

ISABEL II ERREGINAREN BISITA ARRASATEN, 1845ean



Isabel II erregina, 1845ean



Ezaguna den bezala, 1845 urte esanguratsua da Arrasateko historia txikian, abuztuan espainiar erreginak bisitatu baitzuen herria, Santa Agedako bainu etxean atseden egun batzuk emateko. Bisita hark modu berezian eragin zuen herritarren bizimodu arruntean. Hilabete bat lehenago abisatu zitzaion Udalari erregina eta bere ama etorriko zirela.
 
Isabel II erreginak hamalau urte zituen eta Maria Cristina Borbon-Sicilia bere amarekin zetorren Arrasatera, Donostian egun batzuk eman ondoren. Isabel II erregina zen, bere aita Fernando VIIren heriotzan -1833an- horrek semerik ez zuelako eta Isabel zen alaba nagusia. Detaile horrek piztu arazi zuen lehen karlistada, 1833tik 1840era arte iraun zuena. Beraz, Isabel IIak Arrasate bisitatu zuenean, gerraren hausberoak bizirik segitzen zuen. Eta Arrasaten karlistek indar handia zuten.

1845eko uztailaren 11an, udal batzak bere ohiko bileran eta Mateo Nikolas Aranguren alkatea zelarik, honako gai hau tratatu zuen: 

Maria Cristina  Borbon-Sicilia, ama erregina
“Expuso el señor alcalde que en vista del oficio recibido por esta corporación a fin de arreglar el aspecto público y tomar las medidas que fuesen menester a S.S.M.M, con el esmero que requieren tan augustas personas, es indispensable que este Ayuntamiento nombrase una comisión autorizándoles para hacer todo cuanto creyesen conveniente; y enterado de todo lo expuesto acordó comisionar para que entendiese en el conveniente al ornato y aspecto público y demás asuntos que ocurriesen con motivo de la venida de sus S.S.M.M a esta villa" 
Monterron Kondearen semea zen Mateo Nikolas Aranguren eta  beste bilera batean, uztailaren 27an, zenbait batzorde izendatu zituen Udalak, erreginaren egonaldiak exijitzen zuen moduan erantzun ahal izateko. Horrela, etxeen zuriketa eta lan publikoak; udaletxeko apainketa eta obra bereziak; eta hornidura edo abastoseko arloa sailak mugatu ziren, zinegotziek eta alkateak berak ardura hartu zutelarik. Eta herriko etxerik dotoreena hautatu zen erregina eta bere ama lojatzeko: Monterrongo Kondearen Jauregia. Erreginaren bisitak gastuak ekarri zizkion Arrasateko Udalari. Eta abantailatxoren bat ere bai. 

Egun haietan urduritasuna eta ikusmina ziren nagusi Arrasaten. Hurrengo zenbait ekarpenetan bisita haren berri emango dut.
Argazkiak: Wikipedia 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina