Ezaguna den moduan,
euskal Diputazioek euren talde bereziak sortu zituzten XVIII-aren hondarretan,
lurraldeetako ordena eta administrazio publikoari behar bezalako erantzuna
emateko Horrela, Araban miñoiak, Bizkaian foru zaintza eta Gipuzkoan mikeleteak
ziren talde armatu ofizialak. Karlistadetan –batez ere bigarrenean-
armada liberalaren aldeko indar laguntzaileak bihurtu ziren.
Zelestino Arzamendi |
Apur
bat esan genezake mikelete eta miñoi izenen gain, izan ere frantziar okupazioaren ondorio
zuzena dira, arrotzak, beraz (michel eta mignon hitzetatik, alegia) Baina ez da hori gaurko idazki honen arrazoia eta
utz dezagun hurrengo baterako.
Bere sorreratik
izan zituzten ohiko betebeharrez aparte, Gipuzkoan mikeleteek1856tik aurrera
probintziako ariel edo arbitrioen zaintza eta administrazioa eraman zuten
lurraldeko hainbat bidesari-etxetan, eta haiei zegokien kobrantzaren ardura,
ordura arte enkante publikoan egin zena. Arrasateko seme bat lan horietan ibili
zen XX. mendearen lehen herenean. Zelestino Arzamendi Aranzabal izan zen
betebehar horietan ihardun zuen mundrautarra.
San Kristobal baserrian jaio zen Zelestino
1894ko martxoaren 8an. Herriko gazte gehienok bezala, sarrailgintzan aritu zen
gazte-gaztea zenetik, Ugarte y Cia. lantegian, geroago Unión Cerrajerara igarotzeko.
Baina sarrailari on bat izan beharrean, zeru berrien bila atera zen fabrikatik
eta mikelete apuntatu zen mendearen bigarren hamarkadan. Zaintza talde horretan
zenbait lan desberdin burutu ostean, Diputazioak Gatzagako lantokiaren ardura
eman zion 1924 inguruan eta Antonia Atxa Zubia bere emazte arrasatearrarekin
hara aldatu zen bizitzera. Gipuzkoa eta
Arabaren arteko merkantzia-trafikoaren ardura hartu zuen Zelestinok bere gain.
Sei urtez aritu zen Gatzagan, bai errepidez
zein trenez igarotzen zen merkatal-jarioaren gaineko zergak bertatik bertara
eskuratuz, horrek suposatzen zuen administral-tramite guztiekin. Hori gutxi
bailitzan, muga horretatik izan ohi den estraperloa borrokatu behar izan zuen,
azken finean talde armatua baitzen mikeletena. Zelestinok asto baten
gainean egiten zituen ibilaldiak, iruzurgileen bila. Eta zeregin horretan
1930ra arte aritu zen, Diputazioak –arrasatearraren lan onaz ohartua-
Donostiara aldatu zuen arte.
Mikeleteak formatuta, Miramar Jauregian |
Donostiako lantokia Diputazioaren Jauregian
bertan izan zuen Zelestinok. Eta zeregin berrietan ere jarrera zintzo eta
publikoarentzat zabala erakutsi zuen beti. Hiriburuko Antiguo auzoan bizi zen,
eta diotenez “Antiguoko San Ignazio” deitzen zuten, gau eta egun erakutsitako elizkoitasun eta besteenganako eskuzabaltasunarengatik. Itxura denez, San
Ignazioren antza zuen, fisikoan eta bizitza jarreran.
Ez dugu inoiz jakingo San Ignazioren itxura
ote zuen, baina bai, bederen, bere anaia Segundorena, Arrasaten bizi zena. Gertatu zen, Segundo
aurreneko aldiz Donostiara joan zenean bere anaia bisitatzera, Antiguo auzora
iritsi eta etxea zein zen ezin asmatuz, atartez atarte zebilela anaiarena
bilatu nahian. Halako batean, bere produktuak espaloian salgai zeuzkan zapatari
batek Segundoren ahaleginaz ohartuta, oihu egin zion: “Matía, 32- Lehenengo
pisua!” Ez zuen, jakina, inondik ezagutzen, eta ez zion Segundok
zapatariari ezertxo ere galdetu behar, noraezean zebilen gizona
Zelestinoren senitartea zela langile hark antzemateko.
Hauxe izan da Zelestino Arzamendiren gaineko oroitzapen txiki bat.
Arrasateko San Kristobal baserritik Donostiako Diputazioaren jauregira aldatu
zen herritar peto eta xumearena.
Argazkiak: Pilar Arzamendi eta Gipuzkoa 1915 liburutik