jueves, 27 de octubre de 2011

SIMON LANDA, ARAMAIOKO IDAZKARIA, GERRAREN BIKTIMA


Simon Landa emaztearekin, Aramaioko Ibargoyan
Simon Landa Prestamero Aramaioko udal idazkaria zen 1936ko uztailean gerra piztean. Labastidan 1869ko urriaren 10ean jaiotakoak urteak zeramatzan kargu horretan. Serapia Gomezekin ezkonduta, Aramaioko Udaletxean egokitutako etxebizitzan bizi ziren. Seme-alabetariko batzuk herrian hazi ziren, besteak beste Gregoria eta Carmen alabak eta Felix semea, azken hori ordurako ezkonduta zegoena.

Gerrako lehen egunetan, Aramaioko “Textil Ibarra” lantegian ziharduen Felix semearen bila joan ziren Eibarko miliziano batzuk, baina garaiz abisatuta Goiko Errota baserrian ezkutatu ahal izan zen. Han iraun zuen ongi gordeta, ahalik eta aitak –ezer ez zitzaiola gertatuko jakinaraziz- etxera itzultzeko abisua bidali zion arte. Hala egin zuen, baina iritsi bezain laster milizianoek aita eta semea atzeman eta Bilbora bidali zituzten, preso.

Noiz gertatu zen zehazki? Udal bilkuren aktak errebisatuta, urte hartako uztailaren 12ko bilkurari dagokiona inork sinatu gabe dago. Abuztuaren 9rako deituta zegoen arren burutu ezin izan zen bilerari dagokion diligentzia, berriz, Simon Landak izenpetua agertzen da: “en el día de hoy no se ha presentado más que el alcalde y concejal D. Eusebio Madina, por las circunstancias actuales...” Ez dakit nola ulertu behar den idatzitakoa, izan ere aktaren irakurketatik badirudi pertsona bat bakarrik agertu zela, hots, Faustino Bengoa. Eta Madina ez zen alkate, alkate-orde baizik. Garaiko alkatea Faustino Bengoa zen. Azken hau eta Madina egongo zirelakoan nago.

Abuztuaren 23an, aldiz, bilkura berri bat egiten du udalak, eta ordurako ez da Simon Landa idazkari lanetan azaltzen. Handik aste betera, udal osoko bilkurak aho batez izendatzen du idazkari Frantzisko Mendizabal arrasatearra. “Declarada abierta la sesión por el Sr. Presidente, éste expone que ante la circunstancia de hallarse sin Secretario el Ayuntamiento, cree conveniente nombrar al secretario por oposición D. Francisco Mendizábal Ceciaga, de la vecina villa de Mondragón, para que desempeñe dicho cargo interin se normalice la situación. Todos los concurrentes se mostraron conformes con lo expuesto. Así mismo mostró su conformidad el Comité de Defensa de la República

Beraz, abuztuaren 9 eta 23 bitartean eraman zituzten aita-semea Bilbora. Felixen andrea, Maria Juana Urrutia –Arrasateko Frantzisko Urrutia maisuaren arreba- eta bikotearen lau alabei ezer gerta ez zekien, Amayur batailoiko arrasatear gudari batzuek haien etxetik bertatik propio zaindu zituzten, ahal izan zuten bitartean, hau da faxistak 1937ko lehen hileetan Aramaioko ateetaraino heldu arte.

Udaletxean urtetan egon zen plaka
Horrela, 1937ko maiatzaren 9ko udal plenoan adostu zen, alkate berria Remigio Garro zelarik: “Ver con  agrado el nombramiento de Secretario interino a D. Ignacio Landa Gómez, propuesto por el Excmo. Sr. Gobernador Civil de esta provincia, en oficio del 4 de Mayo último, sintiéndose dicha Corporación altamente satisfecha al poder rendir un tributo de homenaje y cariñoso recuerdo al que en vida fue su padre, digno Secretario de este Ayuntamiento, que fue vilmente asesinado el 4 de enero del año actual en Bilbao, por las hordas rojo-separatistas”

Gertatu zen, hilabete batzuk geroago Durango, Otxandio eta Gernikan ihardungo zuten alemaniar hegazkinek urtarrilaren laugarren egun hartan Bilbo bonbardatu zutela hildako batzuk eraginez eta jende andana batek hiriburuko lau kartzeletara jo zuen, mendekua aplikatzera. Ondorioa oso latza izan zen, eta berrehunetik gora detenitu izan ziren eraila, modu desberdinez. Simon Landa Prestamero horietako bat izan zen; 67 urte zituen.

Arabako Idazkarien Elkargoak eskainia, Aramaioko Udaletxean urtetan plaka bat egon zen Simon Landaren erailketa oroitzen zuena.
 
Felix Landa Gomez


Ikusi dugunez, frankisten eskuetan zegoen Aramaioko Udalak Ignazio Landa izendatu zuen, behin behingoz, idazkari lanetarako. Horrela iraun zuen 1938ko irailaren 12ra arte, hain justu izendapena behin betiko baldintzetan Constancio Fernandez Alsasuak irabazi arte.

Bilboko kartzelatik aske, Felix Landa Gomez 1938an heldu zen Arrasatera, Aramaioko egonaldia itxitzat emanez. Bizkaiko hiriburuan harekin preso egondako arrasatear batzuen gonbidapenari jaramon egin eta herriko udaletxean ekin zion lanari, administrazioan. Arrasateko Udal idazkaria ere izan zen zenbait aldiz, ordezkapen lanetan.

Simon Landa, hainbat eta hainbat bezala, gizakien arteko gorrotoak pizturiko itsukeriaren biktima izan zen. 


Argazkiak: Tere Landak utzita

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada