urria 12, 2011

LUIS ARMENGOU ETA JULIO GALARTA, MARGO IRUDI BATEK LOTUTA




Viteri Fundazioko irakaslea izan zen Luis Armengou XX. mendearen hasieran, marrazki eta beste zenbait espezialitate artistikotan. Goi mailako irakasle izateaz gain oso margolari ona zen. Irakaskintzarako zituen dohainetaz gero eta lausotuagoak geratzen ari diren erreferentziaz bakarrik badakigu ere,  Armengouren eskuetatik ateratako arte-lan batzuek ongi adierazten dute egilearen maila. Arrasaten baditugu horietako batzuk eta gaur dakardanak bere istorio txikia badu.

Irudietako baserria Arrasateko Popillo baserria da. Lehen margoa datatua dagoen egunetan hala esaten zitzaion baserriari baina lehenago Ortueta izenarekin ezagutzen zen. Nondik Popillo izena? Jakina den bezala, XIX. mendearen bukaeran bi ola-lantegi ziren Arrasaten –Ziarrola eta Zaldibarkoa- eta azken hori Ortueta baserriaren ondoan zegoen. Bi olek bat egin zuten 1906an Union Cerrajera sortzeko.

Zaldibarko olan Gregorio Agirregabiria Ortueta baserrikoak egiten zuen lan, urtzagintzan. Normala zenez, beltz-beltza eginda ateratzen zen beharretik eta larruzko aurreko mantalarekin erantzi gabe baserrirako bidea hartzen zuen iluntzero. Inguruko umeek ikusten zutenean, “Ointxe jatok popiltto baltza” oihukatzen ei zuten. Diotenez, hortik dator Popilo izena.

Luis Armengouk 1909an margotu zuenean, Tomas Iribecampos Uribe (1884-Etxaburu baserrikoa) eta Josepa Laspiur Irazabal (1884- Angiozarko Gongeta baserrikoa) harrapatu zituen baserrian. Tomas Popillora ezkondu zen, Kandida Agirre Agirregabiriarekin. Eta Josepak baserri hartan egiten zuen lan, Luis Armengouk hilezkortu zuenean.


 



Mende erdi inguru geroago, Juanito Iribecampos Agirrek –Armengouren margo irudia bazela ezagutu zuenean- Julio Galartari enkargatu zion haren kopia bat. Eta gaurko bigarrena dugu. Zuhaitz genealogikoari begira, Juanitoren birraitona izan zen lehen “Popiltto” hura. 

Ortueta baserria, Popillo geroago, egun Roneoko etxeak diren orubean zegoen.  Jabea Villafrancako Kondea zen – Unión Cerrajerako akzionadun inoprtanteenetakoa bihurtuko zena- eta orubea UCEMek erosi zuen, Roneo jartzeko. Toribio Agirre enpresako orduko zuzendari nagusiak Iribecampos sendiari hilabeteko epea eman zion etxea uzteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina