apirila 13, 2011

VERGARAJAUREGI, RESUSTA Y CIA.



Unión Cerrajera S.A sortu zela 105 urte betetzen dira aurten. Ezaguna den bezala, Vergarajauregui, Resusta y Cia. eta La Cerrajera Guipuzcoana bi enpresen arteko bat egiteaz jaio zen hura.
Industria prozesu haren hastapenetan izen bat jarri behar da, guztien gainetik: Jose Maria Resusta. Resusta tekniko on bat zen XIX. mendeko lehen erdian, baina bere ideia industrialak behar bezala gorpuzteko kapitalaren premian zegoen. Horretarako Jose Vergarajaureguirekin ipini zen harremanetan, Oñatin baserri mordoa zuena. Horrela, Vergarajauregik, Mateo Urzelay Beristain oñatiarrak eta Oñati zein Arrasateko beste merkatari eta sarrailari batzuek “Almacenes de Cerrajeria” izeneko lantegia sortu zuten, 370.000 errealetako kapitalarekin. Fundatzaileen artean, beraz, Jose María Resusta “Maixortxo” arrasatear fabrikatzailea zegoen, industrian aditua. Enpresa hark “Vergarajáuregui, Resusta y Compañía” deiturarekin ihardun zuen merkatuan. Eta Oñati eta Arrasaten jarri zituen tailerrak eta biltegiak. Arrasaten, konkretuki, tailerrak zeuden eta Jose Vergarajauregi Salinas eta Jose Maria Resusta Altuna izan ziren enpresaren kudeatzaileak.
Enpresa haren pisu espezifikoa gero eta handiagoa zen Arrasaten eta, ondorioz, Urzelayk elkartea utzi zuen 1863an. Geratu zirenek enpresa birmoldatzeko aukera zela uste izan zuten eta sei urte beranduago, 1869ko abenduaren 4an, “letrados de ciencia y conciencia” (1)batzuek antzeman bide zituzten aurreko enpresaren akats legalak gainditzeko “Sociedad en comandita simple Vergarajauregui, Resusta y Cia” deiturikoa sortu zuten, 1.098.500 errealetako kapitalarekin. Estatutuen bosgarren artikuluak markatzen du enpresaren helburua: sarrailgintzako sektoreko fabrika esplotatzea.
Enpresa berriaren tailerrak Arrasateko Zaldibarren zeuden. “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-k 1895ean 600 langile zituen, horietako 500 Zaldibarreko instalazioetan. Gipuzkoako enpresarik handienetakoa zen. Eta penintsulako sarraila fabrikarik garrantzitsuena bilakatu zen.



Ondoko dokumentua Jose Maria Resusta eta Jose Vergarajauregi akziodun eta administratzaileek 1869ko otsailean Simon Plazaola bazkideari Batzar Nagusirako bidalitako deialdia da. Garaiko teknologiak ez zuen ahalbidetzen bestela izatea, eta deialdiko eskutitz guztiak eskuz idatzi ziren. Diodan, Simon Plazaola Iokin Zaitegiren aitona izan zela, eta Zaitegiren artxiboko dokumentuetako bat da hemen azaltzen dudana.

Argazkian: 1900 ingurukoa. Lehen planoan Zaldibarreko Fabrika ikusten da.
Unión Cerrajeraren gaineko informazio gehiago, Euskomedia Fundazioaren:

(1) Horrela irakurtzen da sortze idazkian, Arrasateko Juan Jose de Dolara notarioarekin egina.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina