JOSE MARI AZKARRAGA "LUR-GORRI" |
Duela hirurogeita hamabost urte, 1937ko
abenduaren 16an, Jose Mari Azkarraga Mozo 21 urteko gaztea fusilatu zuten
Derioko kanposantuan. EAJko kidea genuen eta Ariztimuño eta San Andres
bataloietako komisario politikoa izan zen. Ordudanik emandako denbora arren,
oraindik bizirik irauten du Azkarragaren gaineko oroitzapenak, bai hura ezagutu
zutenen baitan –gero eta gutxiago- eta baita, bere euskal aberria maitatzearen
bekatuarengatik biziarekin ordaindu
zuen gazte haren ibilbidearen nondik norakoetan arakatu ahal izan dugun
guztiongan ere.
ANAIA-ARREBAK, 1934an |
Sendi abertzale eta euskaltzale batean jaio
eta hezia, aurki sortu zen Jose Marirengan bere herriaren kulturarako interesa
Madrilen Zuzenbide ikasketak egiten ari zela Euzko Ikasle Batza-ko lehendakari
izendatu zuten 1933an. EAJ eta STVn afiliatua, garaiko euskal aldizkari eta
egunkarietan idazteari ekin zion 1932an, “Lur-Gorri” izengoitia erabiliz.
Frankisten 1936ko uztailaren 18ko altxamenduak Aramaion harrapatu zuen, herri
honetan ematen baitzituen Jose Mariren sendiak denboraldi luzeak.
ARAMAIOKO ETXEA |
Bere alderdiaren zerbitzuan jarri zen eta hark
gero Amayur batailoi izango zenaren lehen zeluletako bat antolatzeko agindua
eman zion, batez ere Leintz bailara eta Aramaioko gazteekin.
Gerrako frontera Euzkadi egunkariaren
korrespontsal bezala heldu zen, Legutioko gertaeretatik Asturiaseko
eszenategirainokoak aurkeztu zituelarik. Ariztimuño batailoiko komisario
politiko izendatu zuten 1937ko erdialdean, eta handik gutxira San Andresekoa.
Santoñako itunean frankistek atzeman eta sasi epaiketa baten ondoren heriotzara
kondenatu zuten eta baita fusilatu ere. Modu horretan, bere herriaren gogoa
maite zuen gaztearen bizia itzali zuten matxinatuek, hain zuzen ere bere azken
orduetan, osotasun eta duintasunaren ereduak izanagatik han eta hemen barreiatu
ziren eskutitz zoragarriak idazteko kemena izan zuen gaztearena.
PAKO SALABERRI ETA ANAIAREKIN |
Jose Mari Azkarraga, bere herriaren balio
kultural eta sozialak gizarte osoarentzat berreskuratzeko kontzientzia izan
zuen euskalduna dugu. Helburu horren atzetik lan egin zuen amore eman gabe. Eta
horren adibidea da, heriotza zigorraz jabetuta gero ere El Duesoko kartzelan
“Espetxean” aldizkari klandestinoaren hirugarren alean idazteko izan zuen
kemena. Bere azken artikuluan –1937ko zortzian!- urte bereko ekainean
fusilatutako Estepan Urkiaga “Lauaxeta”ri buruz aritu zen.
Presoek eskuz idazten zuten aldizkariaren
laugarren zenbakian, abenduaren 25ekoa, honela zioen egile anonimo batek,
“Lur-Gorri”ri eskainitako “Flor caída” artikuluan: “Has sido digno del poeta que te precedió en la
muerte. Cuando trazaste la introducción a su poesía póstuma, no presentías tan
próximo tu fin. Cantabas a la Inmaculada, y en tu prosa palpitaba el cariño
hacia el hermano y la admiración hacia el poeta. ¡Ah, si yo pudiera honrarte
como tú honraste a Lauaxeta”
Ezin dut idazkiño honetan
sartu gabe utzi, “Lur-Gorri”k sortutako poematxoa. Ene ustez, gazte hark
transmititzen jakin izan zuen sentimendua gordetzen du:
“Eta zugandik urrun, mundua nitaz ahazten denean; jatorriz ibar
hauetakoa naizela eta bertan jaio nintzela inork ez dakienean ere, nire
bihotzak maite egingo zaitu”
Bideoa: http://youtu.be/pz4OfwY3UlA
================..=============
"Lur-Gorri" hil zuten egunean eskutitz batzuk idatzi zituen, sendikoentzat, laguntzentzat eta alderdiko agintarientzat. Hona hemen haietako bi, gurasoei eta arrebei,aurrena, eta bera bezala heriotzara kondenatua zegoen hamazortzi urteko anaiarentzat, bigarrena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina