miércoles, 6 de julio de 2011

JUANITO VEGA, ARRASATEKO IGERILEKUKO ARDURADUNA


Uztaileko beroak bainu hartzera gonbidatzen gaitu. Dena den, aurrera baino lehen diodan ez naizela oso bainu zalea, ez behintzat hondartzan edo igerilekuetan. Donostian bizi izan nintzen bost urteetan eta Gipuzkoako hiriburuan lanean aritu izan naizen hamaseietan nekez kontatuko zaizkit La Kontxan eginiko dozena erdi bat bainu-aldi.. Eta Uribarri-Ganboako uretan ere –mende erdi luze horien bazterretan- ezagutu nahi nuke zenbat izan diren nire murgilketak! Bi digiturekin nahikoa izango nuke.

Baina ez naiz beti orain bezain lehor zale izan. Izan ziren garaiak, Arrasateko igerilekua ia egunero erabiltzen nuela, uztailean batez ere. UCEMen sasoi onak ziren, 1960 ingurukoak, arrasatear gehienok aprobetxatu genituenak, eskura ipintzen zitzaizkigun abantailez baliatuta. Horietako bat Zaldispeko igerilekua zen, gizakumeontzat bakarrik irekia. Toallan bildutako bainujantzi eta txanoa beso azpian hartuta, murgil egitera zuzentzen ziren gure urratsak, inbidiaz begiratzen ziguten emakumeen amorrurako. Moral hertsiko ondorio ulergaitzak, gaur eguneko begiekin aztertuta!

Eta bainu aldi haietaz oroitzen naizen guztietan, izen propio bat etortzen zait gogora: Juanito Vega. Bera zen gure erreferenterik nagusienetakoa udako hiletan. Juanitoren esku zegoen igerilekuan ordubetetxo bat ala gehixeago aritu ahal izatea... Eta ahaleginak egiten genituen denok gizon haren borondatea irabaztearren.

Gaur txoko honetara ekarri nahi izan dut Juanito Vega, arrasatear askok oroituko baitu oraindik gizon hura, aurten gugandik hogeita hamasei urte betiko joan zena.

Juanito 1917ko abuztuaren 29an jaio zen Arrasaten. Aita Valladolidekoa eta ama nafarra zituen. Guretzat ezagun egiten hasi orduko Unión Cerrajeran ari zen lanean, biltegian. Baina lehen Cometal izeneko burdindegi-enpresan ihardun zuen, hain justu, igerilekuaren atze aldeko eraikinean, gero Eskola Politeknikoa eta gaur egun ospitalea izango zena. Etxebizitza ere lantegiaren ondoan zeukan Juanitok.

Unión Cerrajerak 1948ko uztailaren 24an inauguratu zuen igerilekua baina Juanitok artean Cometalen ziharduen. Beraz, ez zen igerilekuko lehen arduraduna izan. Vega 1951an hasi zen UCEMen beharrean eta orduantxe eskaini zioten udako hileetan igerilekuko ardura bere gain hartzea. Ordudanik eta bere heriotzara arte Juanito izan zen igerilekuko irudi zentrala. Egiazko giza-instituzioa. Iragan ekainean, beraz, Juanito gure udetan orduak markatzen hasi zela hirurogei urte bete dira.


Ziur nago, “piszina”tik igaro ginen denok dugula Juanitorekin gertatutako anekdotaren bat kontatzeko. Nik gaur ez dut niri jazotakorik azalduko, Juanitori berari baino.

UCEMen sartu berria zen, eta artean igerilekura lantegiko gizonak eta langileen semeak bakarrik sar zitezkeenez gero, aurrerantzean bere semeak –Agustin eta Juan Pedro lau urteko bikiak- eraman ahal izango zituela adierazi zitzaion. Sasoiko lehen egunean hara eraman zituen bi semeak, igerian erakutsi ahal izango zielarik. Bikiak uretara sartu zirenean... mutikoek igerian arrainak bezala zekitela ikusi zuen Juanitok. Hura ustekabea! Nola zen posible? Umeak estutu eta aitortu egin zioten, igerilekuaren atze aldeko burdin hesitik salto egiten zutela gauez. Eta igerian ez ezik baita tranpolinetik botatzen ere ederki zekitela erakutsi zioten, ahoa bete hortz geratu zen aitari.

Juanito Vega Arrasateko pertsonaiarik ezagunenetakoa izan genuen mende laurden batez, bere nolakotasunak igerilekuan erakutsi zizkigularik. Izaera bizikoa azalean –haiek ziren errietak!- bihotz handikoa genuen, umeekin -goiko argazkian Edurne Arana bilobarekin ageri da- eta nagusiekin. Bihotzak eztanda egin zion 1975eko urtarrilaren 13an.


Argazkiak: Maritxu Vega

No hay comentarios:

Publicar un comentario