apirila 13, 2011

VERGARAJAUREGI, RESUSTA Y CIA.



Unión Cerrajera S.A sortu zela 105 urte betetzen dira aurten. Ezaguna den bezala, Vergarajauregui, Resusta y Cia. eta La Cerrajera Guipuzcoana bi enpresen arteko bat egiteaz jaio zen hura.
Industria prozesu haren hastapenetan izen bat jarri behar da, guztien gainetik: Jose Maria Resusta. Resusta tekniko on bat zen XIX. mendeko lehen erdian, baina bere ideia industrialak behar bezala gorpuzteko kapitalaren premian zegoen. Horretarako Jose Vergarajaureguirekin ipini zen harremanetan, Oñatin baserri mordoa zuena. Horrela, Vergarajauregik, Mateo Urzelay Beristain oñatiarrak eta Oñati zein Arrasateko beste merkatari eta sarrailari batzuek “Almacenes de Cerrajeria” izeneko lantegia sortu zuten, 370.000 errealetako kapitalarekin. Fundatzaileen artean, beraz, Jose María Resusta “Maixortxo” arrasatear fabrikatzailea zegoen, industrian aditua. Enpresa hark “Vergarajáuregui, Resusta y Compañía” deiturarekin ihardun zuen merkatuan. Eta Oñati eta Arrasaten jarri zituen tailerrak eta biltegiak. Arrasaten, konkretuki, tailerrak zeuden eta Jose Vergarajauregi Salinas eta Jose Maria Resusta Altuna izan ziren enpresaren kudeatzaileak.
Enpresa haren pisu espezifikoa gero eta handiagoa zen Arrasaten eta, ondorioz, Urzelayk elkartea utzi zuen 1863an. Geratu zirenek enpresa birmoldatzeko aukera zela uste izan zuten eta sei urte beranduago, 1869ko abenduaren 4an, “letrados de ciencia y conciencia” (1)batzuek antzeman bide zituzten aurreko enpresaren akats legalak gainditzeko “Sociedad en comandita simple Vergarajauregui, Resusta y Cia” deiturikoa sortu zuten, 1.098.500 errealetako kapitalarekin. Estatutuen bosgarren artikuluak markatzen du enpresaren helburua: sarrailgintzako sektoreko fabrika esplotatzea.
Enpresa berriaren tailerrak Arrasateko Zaldibarren zeuden. “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-k 1895ean 600 langile zituen, horietako 500 Zaldibarreko instalazioetan. Gipuzkoako enpresarik handienetakoa zen. Eta penintsulako sarraila fabrikarik garrantzitsuena bilakatu zen.



Ondoko dokumentua Jose Maria Resusta eta Jose Vergarajauregi akziodun eta administratzaileek 1869ko otsailean Simon Plazaola bazkideari Batzar Nagusirako bidalitako deialdia da. Garaiko teknologiak ez zuen ahalbidetzen bestela izatea, eta deialdiko eskutitz guztiak eskuz idatzi ziren. Diodan, Simon Plazaola Iokin Zaitegiren aitona izan zela, eta Zaitegiren artxiboko dokumentuetako bat da hemen azaltzen dudana.

Argazkian: 1900 ingurukoa. Lehen planoan Zaldibarreko Fabrika ikusten da.
Unión Cerrajeraren gaineko informazio gehiago, Euskomedia Fundazioaren:

(1) Horrela irakurtzen da sortze idazkian, Arrasateko Juan Jose de Dolara notarioarekin egina.

apirila 07, 2011

ARAMAIOKO ALKATEA ETA BOST ZINEGOTZI ZIGORTUTA


Ezaguna da, 2010ean Asier Agirre Aramaioko alkateari Gasteizko Epaitegi batek zazpi urteko inhabilitazioa jarri nahi izan ziola, AHTri buruzko galdeketa bat tarteko. Urtebete geroago, Arabako Audientziak kargu gabe utzi zuen alkatea. Arabako Fiskal-Buruak ukabila jaurtiki zuen, baina ez bide zuen herriko lehen agintaria guztiz jo. Dena den, ukatu ezin dena, alkateak pairatutako jazarpena da.
Asier Agirrerentzat prestatuta zegoen kolpea ez da aramaioar herriari justiziatik datorkion lehena. Oso urruti joan gabe izan zen beste kasu bat, eta horren berri eman nahi dut ondoko lerroetan.
Aramaioko Udala, 1934an, honako pertsona hauek osatzen zuten: Faustino Bengoa Zilaurren –alkatea- eta Felix Aretio, Eusebio Madina, Daniel Larrañaga, Meltxor Unzueta, Justo Jáuregui –EAJkoak- eta Alberto Unda, Martin Beitia, Juan Arriola-Bengoa eta Valentin Lasaga.
Urte hartako irailaren 23an, osteguna, Aramaioko Udalak ohiko bilera egin zuen, eta Arabako Gobernadore Zibilaren idazki bat irakurri zen. Eskutitzean adierazten zuen Barrutiko Instrukzioko Epaileak bertan behera uzten zituela beren, lehengo alkatea, Faustino Bengoa Zilaurren eta Felix Aretio, Eusebio Madina, Daniel Larrañaga, Meltxor Unzueta eta Justo Jáuregui zinegotziak.
Alkate berria Alberto Unda Urrutia izendatu zen Gobernu Zibiletik, eta beste bi zinegotzi, Martín Beitia eta Valentin Lasaga, hiruak –ikusi dugun bezala- lehengo korporazioan zeudenak. Hau da, kanporatutakoekin batera ari ziren udal arduretan.
Alkate eta zinegotzien kontra joatearen arrazoia, zinegotzi abertzaleek Kontzertu Ekonomikoaren aldeko jarrera hartzeagatik etorri zen. Gertaeren jatorri hurbila, urte hartako uztailaren 15ean aurkitzen dugu. Egun hartako udal bilkuran eta eguneko gai zerrendaz kanpo, Udalak Felix Aretio izendatu zuen, hilak 19an Kontzertu Ekonomikoaren alde Gasteizen burutu behar zen Udal Bilkuran aramaioar korporazioaren ordezkaritza eraman zezan. Erabaki haren arduradunak Bengoa alkateak eta Madina, Beitia, Unzueta eta Larrañaga zinegotziek sinatu zuten.
Abuztuaren 12an, berriz, Arabako Gobernadore Zibilak(1) honako agindu hau bidali zuen:
“Se hace saber a las Corporaciones municipales la obligación en que se hallan de que tanto en las sesiones ordinarias cuanto extraordinarias, no se traten asuntos ajenos a la competencia municipal, y que dichas Corporaciones deben permanecer alejadas en su actuación de toda política, y que los alcaldes se hallan obligados a suspender los acuerdos municipales que recaigan sobre asuntos que no sean de la competencia municipal”
Abisuaz jabetu arren, abuztuaren 22an beste bilera bat eduki zuen Udalak, eta gai zerrendaz kanpo ere, uztailaren 19an Gasteizko batzarrean egondako Felix Aretiok proposatu zuen Aramaioko Udalak Kontzertu Ekonomikoaren defentsarako batzordearen kideak hautatu behar zituela, horretarako ziren hautagaiak kontuan izanda.
Aurrera egin aurretik, Simon Landa udal idazkariak adierazi zien alkate eta zinegotzi jeltzaleei errespontsabilitate administratibo zein penalean eror zitezkeela:
“Ya que es ilegal el acuerdo que se pretende adoptar a la celebración de las elecciones para el nombramiento de la comisión definitiva encargada de la defensa del Concierto Económico, y de la autonomía municipal, mediante un procedimiento electoral que no está autorizado ni tiene reconocimiento por ninguna Ley para la constitución de una comisión intermunicipal, y que por otra parte tampoco figura en convocatoria dicho asunto”
Udalak, aldiz, Aretio zinegotziak proposatutakoa euren ardurapeko gaia zelakoan, erabaki zuen Kontzertu Ekonomikoaren defentsarako batzordea hautatzea. Alkate eta zinegotzi abertzaleek bozketari ekin ondoren, honako pertsona hauek aukeratu ziren: Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko Alkatea; Emilio Lopez de Heredia, Aguraingo Alkatea; Javier Elorza, Gasteizko Zinegotzia eta Primitivo Herrero, Gasteizko Zinegotzia.
Erreakzioa berehala iritsi zen eta lehen esan dudan bezala, Gobernadore Zibilak zigortu egin zituen jeltzaleak, Udal arduretatik baztertuz.
Itxaron beharko zen 1936ra arte, hain zuzen otsailaren 16 eta 23ko hauteskundeak izan arte, zigortutako alkate eta zinegotziak berriro Udaletxera eskubide osoekin itzultzeko. Frente Popularrak irabazi zituen hauteskundeak eta amnistia eman zuen, aurreko gobernuarekin delitu politikoengatik izandako zigor guztientzat.
Horrela 1936ko 25ean, astearte eta arratsaldeko 4etan, ez ohiko bileran Udal berria osatu zen, lehengo karguak berreskuratu zituztelarik, eta honela geratu zen korporazioa: Alkatea, Faustino Bengoa; 1. alkate ordea: Eusebio Madina; 2. alkate ordea: Justo Jauregi; Sindikoa: Martin Beitia; sindiko-ordea: Daniel Larrañaga; zinegotziak:Felix Aretio, Alberto Unda, Meltxor Unzueta, Valentin Lasaga eta Juan Arriola-Bengoa.

(1)Espainiako Gobernuan Lerrouxen erradikalak zeuden, baina eskuineko CEDAk sostengatua. Errepublikako presidentea Aniceto Alcala Zamora zen, errepublikar kontserbadorea.

Argazkia:Gerardo Lopez de Gereñu Euskomedia Fundazioa