otsaila 28, 2011

MONTERRONGO JAUREGIA EZ ZEN JATORRIAN KONDEENA IZAN



Pedro Bernardo de Villarreal de Berrizi buruz idatzi nuen nire aurreko batean, gure ingeniaria arrasatear gizarteko goi mailako sendi batean jaio zela. Zehatzago, haren ama María Saez de Andikano zen, tituluen artean -besteak beste- Austriako Margarita Enperatrizaren Azafata. Margarita, Carlos II espainiar erregearen arreba zen. Eta hain zuzen ere, bere aldetik, María Saez de Andikano Juan Andikano Zelaa Monterrongo lehen Kondearen arreba zen. Konde titulua Carlos II-ak 1689an egindako izendapenarengatik eman zitzaion Juan Antonio Saez de Andikanori. Ikusten denez, “andikanozelaarrek” goi jotzen zuten madrildar gortean.
Bide bertsutik, esan daiteke Pedro Bernardo Uribarriko elizan izan zela bataiatua, 1669ko maiatzaren 26an; eta bere abizenei dagokienez, agertzen da: Villarreal-Ganboa Andikano.
Baina gaurko nota hau idaztera jarri banaiz, beste arrazoi batengatik da: egun Monterrongo Jauregia ezagutzen duguna ez zen bere jatorrian Kondeena izan. Beste arrasatear ospetsu batek eraiki zuen: Mateo Aranguren Unzueta kapitaina, indianoa. Kapitain honek, Musakolako izen bereko baserriaren jatorriaz, 1655ean jaso zuen Zarugaldeko jauregia, hain justu goian aipatutako María Saez de Andikanorekin 1648an ezkondu ondoren, emaztearen lehen ezkontzan.

Juan Sez de Andikano Zelaa lehen Kondeak, Herriko Plazan zeukan bere etxea, hain zuzen egun behean Kajoi taberna duena. Etxeko galerien entramatuak erdi ezkutatuta, fatxadan Andikano-Zelaa eta Loiola-Irazabal sendien armarriak ikusten dira oraindik.
Zarugaldeko Jauregian bizi ziren arangurendarrei Monterrongo Kondearen titulua XVIII. mendean heldu zitzaien, Arrasaten 1762an jaiotako Santiago Elias Aranguren Alavari egokitu zitzaiola, ordurarteko kondea oinordeko zuzenik gabe hil zenean.
Eta ordudanik, Zarugaldeko Jauregia Monterron Jauregia izatera pasatu zen.

Alderantziz irudi daitekeen arren, gaurkoa ez da “gizarte-oihartzun” horietako bat, Juan Karlos Guerra zenak 1928an argitaratutako bere “Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa (según el orden de sus familias pobladoras)” liburutik ateratako datuen azalpen txiki bat, baizik.
Guerrak ez dioena, ordea, da, Santiago Elias Aranguren Monterrongo Kondea eraila izan zela, 1816/11/17an, Arrasateko alkatea zenean. Hiltzaileak Ignacio Uribesalgo eta Santiago Nuarbe izan ziren. Bost urte geroago, absolbituak izan ziren.




Argazkia: Indalecio Ojanguren. http://www.guregipuzkoa.net

10 iruzkin:

  1. Egunero ikasten da zerbait, milesker!!

    ErantzunEzabatu
  2. ...FAMILIARENTZAT EGINIKO BLOGA !

    jesusssss..huaxe da nibela dakaguna !

    ErantzunEzabatu
  3. Oso ondo, baina non daude hori desmostratzen duten iturriak? Hurrengoan bibliografiaren aipamena egitea ez legoke gaizki egongo.

    ErantzunEzabatu
  4. Idazkian komentatzen dudan bezala, “Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa (según el orden de sus familias pobladoras)” deritzanetik atera ditut daturik gehienak, Andicano eta Aranguren sendiei dagozkien ataletan.

    Azken oharra, hots, Santiago Elias Aranguren eraila izan zenari dagokiona, Bergarako artxiboan gordetzen da expediente osoa.

    Mila esker zure interesarengatik.

    ErantzunEzabatu
  5. Hasteko milesker erreferentziak emateagatik. Aranguren jauna oso interegarria iruditu zait beti.
    Badago beste liburu bat Mateo de Aranguren aipatzen duena.
    El espíritu emprendedor de los vascos liburuan zera diote Mateo de Aranguren jaunari buruz:
    Uno de ellos era Mateo de Aranguren que había nacido en 1602, en Mondragón y cuya madre era de Aramayona, como los Verastegui... En los años fines de la década de los 1640 regresó ya rico a Mondragón y en la primavera de 1648 se procuró un rico matrimonio con María Sáenz de Andicano.
    Testu horretan irakurri dudanaren arabera, aipatzen diran Verasteguitarrak ere oso interesgarriak dirudite. Aramaixoko leinua?

    ErantzunEzabatu
  6. Aipatzen duzun liburua oso ona da.Sarritan erabili dut. Eta baita aholkatu ere.
    Verastegitarrak? Begira, hain zuzen Fede Verastegi (aipatu liburu horren egileen lagun handia) laguna daukat nik ere eta berak dioenez, "berastegitarrak" (Berastegiko jatorriarekin) XVI mendean agertzen dira Gasteizen, "V"rekin.
    Hala ere, bada beste teoria bat, Borja Aginagaldek inoiz Federi azaldu bide diona, Gasteizko Verastegitarrak (Martinez de) "Aberasturi" abizenaren aldaera interesatua dela, gipuzkoar jatorrizkoek ez baitzuten hidalgia frogatu behar.
    Edozein modutan, nik ez dut inoiz entzun aramaixoar jatorria dutenik.
    Mila esker galdetzeagatik.

    ErantzunEzabatu
  7. Zorionak Josemari! Jarraitu auzo, herri, bailara,etb... kontuen berri ematen.

    ErantzunEzabatu
  8. Zorionak Joxemari,
    Bada bai, zer ikusi eta zer ikasi blogean!
    Proposamen batekin natorkizu, Arrasateko euskaltegietako ikasleek Arrasateko pertsonai ezagunetaz hitz egiteko ekintza prestatzeko eskatu digute.
    Prest egongo al zinake, urria aldera, elkarrekin gaia findu eta berrogeitahamar ikasleri hitzaldia eskaintzeko?
    Gure herriko pertsonaiez ezer gutxi dakigu eta.... ikusi dugunez euskaltegietan, hemengo pertsonai,auzo eta bere historiataz izugarrizko interesa dago.

    eskerrik asko eta ados bazaude bidal iezaguzu oniritzia ondorengo posta-elektronikora: loramendi.arana@gmail.com


    eskerrik asko,

    ErantzunEzabatu