martxoa 02, 2019

ALBINA MADINABEITIA. Arrasatetik Bartzelonara


Arrasateko historian emakume gutxi izango da, Albina Madinabeitiaren ospe mailara iritsi direnak. Estatu osora irradiatu zuen biolin jole handiak bere kalitatea gazte-gaztetatik, eta oso ekarpen baliotsua izan zen arrasatearrarena. Denboraren joanak erdi estali dizkigu Albinaren lorpenak eta emakume aparta izan zelako iruditu zait egokia dela – agian justiziakoa dela esan beharko nuke- txoko honetan toki bat ematea gure herrikidearen ibilbide artistikoari. 
Albina Madinabeitia, 1977an
Ekin diot Albina Madinabeitiaren gaineko bizitzaren zertzeladak eskaintzeari, Arrasateko emakume honen ibilbide artistikoa irakurleei hurbiltzearren. Honako hauek dira kapituluak:
Albina Madinabeitia Arizaga Arrasateko biolin jole ospetsua 1909ko otsailaren 5ean jaio zen, arratsaldeko 5etan. Gurasoak Nazario Domingo Madinabeitia Altube arrasatearra eta Kandida Arizaga Gaztelu aretxabaletarra izan ziren. Sendia Biteri Etorbideko lehen zenbakian bizi zen eta aitaren ofizioa urtzailea zen, garai hartan Unión Cerrajera S.A enpresako langilea. Sasoi hartarako bitxia irudi badaiteke ere, Albinari izen bakar bat jarri zioten pontean. Bikoteak sei seme-alaba izan zituen baina Albina bakarrik iritsi zen nerabezarora, beste bostak oso txikitxoak hil baitziren. 

Albinari musikarako zaletasuna nondik heldu zitzaion adierazteko, diodan aitaren aldeko Albinaren aitona Migel Madinabeitia Aristegi izan zela, hamarkadatan Arrasateko udal idazkaria, alde batetik, eta idazle eta kultura gizon esanguratsua, bestetik. Udal idazkariaren etxean musika zaleak ziren – emaztea Altube zen, Sebero eta Benigno musikarien izekoa- eta ez da bat ere harrigarria Albinak ere zaletasun hartatik zuzen-zuzenean edatea. 

Arrasatera itzuli berria zen Albina 1977an eta biolin jole orduantxe erretiratuari elkarrizketa bat egitea proposatu nion, Deia egunkarirako. Urte hartako abenduaren 31an publikatu nuen idazkitik ondoko orrietan joan naiz tartekatzen zati batzuk, Albina hurbilagoa eduki dezagun. 

“Betidanik ezagutu dut nire burua instrumenturen bat eskuan dudala. Lehenik mandolina jotzen nuen. Baina nire osaba batek mandolina txotxokeria bat zela esan omen zion nire aitari eta orduan lehen biolina erosi zidan aitak. Aurreneko ikasketak aitak eman zizkidan, sei urte nituela. Bederatzi urterekin ezagutu nuen lehen maisu profesionala"

Nazario Madinabeitia aitak lehen klaseak eman zizkiola dio Albinak, eta haren musikako hastapenetan norekin ibili zen ziurtatzerik ez dudan arren, Sebero Altuberen adinekoa zenez gero, Juan Jose Maria Rodriguez Arrizabalaga “Maixu Zaharra”rekin ikasiko zuela esatera ausartzen naiz, Seberok egin zuen bezala. Rodriguez Arrizabalaga eskolako klaseak ez ezik, solfeokoak ere ematen zituen eta bera izan zen Arrasateko lehen txarangaren zuzendaria.

 Nazario Madinabeitia eta Sebero Altube lehengusu propioak ziren. Azken honen biografia 1979an publikatu nuenean, Seberoren gutun bat eman nuen ezagutzera, aita Nazario hil zitzaiola Seberok Albinari zuzendua. Hona hemen zatitxo bat.

 “No puedo olvidar los muchos y buenos ratos que, cuando éramos muchachos, pasábamos los dos solos, allí en la goiko-sala de la casa Altube: Nazario con una sonora guitarra y yo con un viejo violín. Yo estudiaba entonces armonía y composición de música y le explicaba los acordes de la guitarra propios para acompañar las melodías que yo raspaba en dicho violín”  

Albinaren adinkidea zen Valentin Letona arrasatearrak ere Nazariorekin ikasi zuen, eta Valentinek erabilitako musika-koadernoan ikus daitekeenez ikasketetan Vicente Letona aitaren apunteak erabili zituen. Vicentek ere “Maixu Zaharra”rekin ikasi zuen. Beraz, apunte haiek XIX.ren azken hamarkadetara eramaten gaituzte, eta orduantxe jar genezake Albina Madinabeitiaren biolinerako zaletasunaren abiapuntua.




Albinak ziurrenik erabiliko zuen lehen metodoa
Esan dezadan, bestalde, gero ikusiko dugun bezala Albinak zazpi urterekin Eibarren emandako bere lehen kontzertuan, Vicente Letonaren biolina erabili zuela eta handik urteetara Albinak erosi nahi izan ziola Valentini, sekulako oroitzapen onak baitzekarzkion instrumentuak. Barne historiak. 

Iturri hurbila ere izan dut idazki honetarako Gloria Abanda Cendoya kazetariak  1991ko uztailaren 7an, Diario Vasco egunkarian argitaratu zuen elkarrizketa. Bertatik atera ditut zati batzuk eta ondokoa da horietako bat:  

“Mi padre era un gran aficionado y mi tío Gaspar Madinabeitia era un fenómeno tocando la tuba, siendo solista de la Sinfónica de Madrid y de la Opera del Teatro Real. El sabía que en el Conservatorio de Barcelona estaba el donostiarra profesor Ibarguren, que veraneaba en Salinas. Así que mi padre  me llevó allí para que me escuchara, y una vez que lo hizo el maestro decidió que tenía que estudiar muy seriamente. Como era demasiado pequeña, me llevaron a vivir con ellos después de haber conseguido una beca de la Diputación de Guipúzcoa"

 Bartzelonara 1918an heldu zen Albina, artean umetxoa. Berak aitortzen zuenez, behin “El Siglo” merkatal-saltoki handi bateko ugazabak, Albina biolina jotzen ikusi ondoren, jolasteko sukalde bat oparitu zion. Bizitzaren gauzak! Aparteko artista bihurtzeko bidean eta, batera,  ume jostailuekin gozatzen ari. 

Gaspar Madinabeitia izan genuen Albinaren erreferenteetariko bat. Osaba zuen eta musikako profesionala izan genuen lehen madinabeitiatarra. Historiak baditu bere alde argiak eta, gainerakoak, erdi edo zeharo ezkutuak geratzen dira. Arrasateko musikaren historian Madinabeitia abizenak badu bere tokia – batez ere Albina biolin joleari esker.  Albinaren aita ere, Nazario, musika zalea zen. Baina sendi  horretan bada beste kide bat, Nazarioren anaia Gaspar, bere abentura musikala ere burutu zuena. Nazario eta Gaspar, Miguel Madinabeitia Arrasateko historialari eta udal idazkariaren semeak ditugu. Gaspar Madinabeitiari toki berezi bat eskainiko diot laster “Hots begi danbolinak” blog honetan bertan. Jarrai dezagun, beraz, Albinarekin.


Behin galdetu zioten Albinari zer izango zen bere bizitza ez balio aita zenak biolin bat erosi. Eta Albinak garbi asko erantzun zion kazetariari:   

“Ziurrenik Unión Cerrajera-ko langileren batekin ezkonduko nintzen eta seme-alaba ugariren ama izango nintzen”


Goian Clemente Ibarguren izena aipatu digu Albinak eta aurrera baino lehen datu pare bat eman nahi ditut biolin jole trebe horren gain. Donostiarra zen jaiotzez, 1850ean jaioa, eta gaztetatik musikaren arlo bohemioarekin lerrotu bide zen. 1878an Parisen dago, biolina jotzen, Espainiako Estudiantinarekin. Isaac Albenizekin batera Espainia eta Amerika zeharkatu zituen. Pablo Sarasateren laguna zen eta nafarrak lortu zuen donostiarraren bizimodua nolabait zuzentzea, eta horren ildotik Bartzelonako Musika Kontserbatorioan erdietsi zuen Ibargurenek biolineko irakaslearen plaza. Jubilatutakoan, Donostian eman zituen azken urteak eta bertan hil zen 1933an. Prentsako nekrologikoetan adierazten zen, Ibargurenen ikasleen artean Albina Madinabeitia gailentzen zela.



Argazkiak: JMVM
 





 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina