Interneteko bide bihurrietatik nenbilen
arratsalde batean ezusteko galanta eraman nuen, “Ama Cerrajera” nire liburuaren
gaineko aipamen bat Ameriketako Estatu Batuetan aurkitu nuenean. Guztiz harrituta geratu nintzen, aipamena idazmakina
zaharren adiskideen elkartearen 2016ko aldizkarian baitzegoen. Egundoko aldizkari
aberatsa gainera, eta hari jarraiki… topo egin nuen gaur aurkeztu nahi
dudanarekin.
“The Mondragon Typewriter” titulupean, honela hasten zen aldizkariaren idazkia: “One day, I spotted an ad for a portable typewriter with eye-catching red and black paint. It looked just like one versión of the Remington Remie Scout, but it had a strange name: “Mondragon.” (1)
Remington AEBetako rifle et idazmakinen ekoizlerik garrantzitsuenetakoa izan zen XIX.ean. 1927 Remington Rand sortu zen, eta, besteak beste, idazmakinez gain ordenagailuak ekoiztea izan zuen jomuga. UNIVAC eta Unisys marken bitartez ezaguna da egun munduko merkatuan.
Aldizkariaren artikuluak, jarraian, Mondragon zer zen eta non zegoen azaltzen du, modu luzexkaz, eta baita Unión Cerrajera eta Roneoren gaineko informazio zabala eskaini ere.
Fransu Marin artikuluaren egileak 1932-36 aldira mugatzen du Roneo-Remington enpresen arteko akordioa. Eta, goian aipatutako nire artikuluan ere nioen moduan, ez dirudi Roneok hasiera batean behintzat produktua industrializatzeko asmo izan zuenik. Berriz, Remington markaren espainiar estatuko eragile bakarra bilakatu zen Roneo, hitzarmen haren bidez. Horrela ondorioztatzen da, 1936ko iragarki batetik.
Remingtonen exklusibitatea duela dio iragarkiak |
Artikuluaren egileak, dena den, jarraian jauzi
bat egiten du, ez dakit zertan oinarritua, eta dio:
“Pentsa
genezake Mondragon makina UCEM eta Remingtonen arteko akordioaren aurrekaria
izan zitekeela, gerora Remington markako idazmakinen fabrikazio-tailer bat instalatzeko. Hala ere,
akordio hau ez zen praktikan jarriko, 1934ko
urriaren 5eko iraultzarengatik. Marcelino
Oreja eta Dagoberto Resustaren heriotzeekin eten egiten da aurreratua zegoen fabrikaziorako
proiektua”
Roneo eta Resustaren erailketek errotik erauzi
al zuten idazmakinen egitasmoa? Batek daki! Gauza ziur bakarra da Mondragon markako
idazmakinek “Made in USA” labela zeramatela atzealdean.
Roneo eta UCEMen gaineko deskribapenaren
ostean, artikulu egileak idazmakinaren deskribapenari eskaintzen zion tartea. Egia esan, datuen
zorroztasunari Fransu Marinek bere uztako elukubrazioekin segitu zuen.
Dakusagun:
“Mondragon makinaren kolore gorri eta beltzaren konbinazioa Remie Scout-eko beste modelo batzuetan ere agertzen da. UCEMek eta Roneok bi kolore horiek-sartu zituzten euren marka irudian. Kasualitate hutsa?”
Diodan, argitze aldera, kasualitatea izan zela, UCEMek gorri eta
beltza koloreak bere markan askoz geroago sartu baitzituen. Horren harira, Mondragon makinaren diseinuak, kolore gorri eta beltzean aurkeztua, oso aurrerakoia zela iruditzen zait, garai hartako ohiko diseinuekin alderatuta.
Mondragon izeneko lehen idazmakinak 1932koak
direla adierazten da artikuluan eta teklatuari dagokionez, aldakorrak ziren.
Izan ere, espainiar teklatu daukatenak ezagutzen dira, baina baita
alemaniarrekoak ere. Zer dela eta bi teklatuak?
Badirudi Remington-Roneo hitzarmenak espainiar
merkatua ez ezik Europa – edo behintzat Alemania- ere hartzen zuela bere helburuan.
Eta baieztapen horren oinarria dago, hain zuzen, Mondragon markako makinak
Berlingo saltoki batzuetan ere agertu zirelako.
“Mondragon” marka, beraz, nazioarteko testuinguruan ezaguna izatea ez da gaur egungoa. Lehenago, altzairua izan zen eta gero idazmakinak.
(1) Egun batean, pintura gorri eta beltz deigarria zuen idazmakina eramangarri baten iragarki bat ikusi nuen. Remington Remie Scout-en bertsio baten antza zuen, baina izen arraroa zuen: “Mondragon”
Argazkiak: aldizkaria, JMVM
Aurreko batean azaldu nuen Arrasateko Udalak gordetzen duela idazmakina zoragarri horietako ale bat, Josemari Lasagabaster "Bentxes"en jabetzakoa izan zena. Pozgarria izango litzateke ale gehiago agertzea. Agur.
ErantzunEzabatu