ekaina 08, 2022

ARRIARAN II.ren AGURRA KANTXETATIK. 50 URTE


Joxe Arriaran 1972an
1972ko ekainaren 7 izan zen Arrasateko inoizko kirolaririk nabarmenetakoaren bere agur profesionala. Izan ere, berrogeita hamar urte betetzen dira Joxe Arriaran Aranburu Arriaran II-ak pilota zaleen bihotzeko txalo zaparrada jaso zuenetik,  hogeita zortzi urtez Euskal Herriko eta kanpoko pilota kantxetan bere maisutasun eta gizatasuna erakutsi ondoren.

Egun zirraragarri haren aurrean medioek Joseri eskainitako albisteetan azpimarratzen zuten arrasatearraren izaera eskuzabala, txiki-txikitatik Arrasateko ikastetxeko frontoian pilotan hasi zenetik. Eta gogoratzen zuen batez ere Juan Bautista Azkarate “Mondragonés”en ondoan ikusi zuela pilotari izan zitekeela. Txapeldun handiarekin entrenatzen ziren herriko gaztetxoak. Baina nola eman urratsa pilotari on eta publikoak estimatua izateko? Eta Josek bi izen aipatzen zituen, bere karreran garrantzi handia izan zutenak: lehena, kirol zalea gaztarotik baina batez ere modu pasiboan: Jose Añibarro, Unión Cerrajera S.Aren idazkaria izandakoa, betidanik Joserengan pilotari onaren itxura ikusi zuena eta profesionala egitera animatu zuena; eta bigarren makulua, oinarrizkotzat Arriaranen ustez, Santi Etxebarria “Zurdo de Mondragón” izan zen, Jose baino zazpi urte zaharragoa, ordurako kantxetan izena irabazi zuena. Bergaran ari ziren Zurdo eta Arriaran entrenatzen arratsalde batean, Etxebarriaren partidu baten aurretik, eta frontoiko enpresariek galdetu bide zioten zein zen laguntzen ari zitzaion mutil hura.

Handik bost egunetara Ondarruko frontoian debutatu zen arrasatearra Zugadiren kontra, eta Joxek  irabazi zuen, 18-14. 1944 urtea zen, abuztuaren 30ean. 75 pezeta eman zioten.  Joxek 18 urte zituen egin berriak (1) Diodan, egun  eta frontoi berdinean Eugenio Bolinagak egundoko erakusketa egin zuela. Kortabitarteren laguntzarekin, 22-17 irabazi zuen arrasatearrak  Arrien-Gallastegiren kontra. Eta, jakina, gogoratu behar da ordurako Felix anaia, Arriaran I, profesional mailan ari zela, eta emaitza onekin gainera. Hortik Joxe, sagaren II. izatea.

Joxe eta Pako anaiak

Joxe Arriaranek 2.100 partidutik gora jokatu zuen bere bizitzan eta nabarmentzekoak dira irabazitako buruz-buruko bi txapelak (1955 eta 1956) eta Pako anaiarekin lortutakoa (1961) Urte hartan Arriaran II Gipuzkoako kirolaririk onentzat hautatu zuten eta Kirol Merituzko dominarekin sariztatu zuten (2), urte bakar batean ia ehun partidu jokatu baitzuen. Eta hori, noski, pilotatik kanpo ere lan egin behar izan zuela… familia aurrera atera ahal izateko.


Joxek gogoratzen zuen behin, inoiz jokatutako partidurik gogorrena Zurdo de Mondragon bere lagun handiaren kontra izandakoa gertatu zela. 22-21 irabazi zuen Arriaranek, 105 minutuko lehiaren ostean. Eta galdu arren, gogoratzen zuen 1946ko Errege Egunean Eibarren jarri zioten beste partidu gogorra. Joxek zioen moduan,  hasten ari zen eta kantxan trebatzeko aukerak ematen zizkion enpresak. Urtarrilaren 6 urrun hartan  Atano III eta Gallastegiren kontra aritu zen, Akarregirekin bikotea eginez. 22-4 irabazi zuten lehenek. Prentsak biharamunean zioen:

“Decíamos “¿No será una carga excesiva la que se ha impuesto a Acarregui y Arriarán II en su lucha contra Atano y Gallastegui? El resultado fue 22-4 en favor de Mariano y Miguel. Además se sacó una pelota excesivamente viva, que perjudicó mucho a Arriarán (todavía no ha cumplido 20 años y no tiene mucha fuerza) quien, como es natural, al verse obligado a jugar con aquella pelota no pudo rendir su labor habitual y terminó completamente desmoralizado. Creemos que debía haberse utilizado una pelota más adecuada para el chavalín de Mondragón, en atención a que el mismo está ahora haciéndose como hombre, ha empezado a formarse como jugador”

Hogeita zortzi urtez profesionalean ihardun ondoren Joxek 1972ko otsailaren 20ean egin zen publiko albistea: Joxek pilotari profesional izateari utziko zion. Berrogeita sei urte egiteko zen eta gorputzak ez zion berak nahi zuen bezala laguntzen. “Nire urterik hoberenak pilotari lotuta eman ditut eta zoriontsua izan naiz” zioen egun hartan. Nik hemeroteketan aurkitu ditudan datuen arabera, azken partidua Bergaran jokatu zuen Joxek, 1972ko otsailaren 12an, Berasaluze IV bikotekide zuela, Pierola eta Aldazabalen kontra.

Omenaldiko pilotariekin, Joxe bizkarrez
Eta heldu zen pilotaren munduko zale eta enpresek Joxeri omenaldia
egiteko eguna. 1972ko ekainaren 7 izan zen jai handia, Bergarako frontoian. Jendetza ikaragarria bildu zen hara, Joxeri omenezko keinua eskaintzera. Adierazi behar da, ekitaldi hartan Pako anaiari – Arriaran III-  ere agertu ziotela zaleek euren eskerroneko errekonozimendua, espainiar gobernuak Kirol Merituzko Dominarekin saritu baitzuen Arriaran pilotarien sagako gazteena, eta domina "Txus" Fernandez Iriondo Pilotaren Gipuzkoako Lehendakariak ipini zion. 
Kirol Merituzko Domina Arriaran III.ri

Egun seinalatu hartako gauean bi anaiak modu bereziz dirdiratu ziren pilotaren zeruan. Gutxi balitz bezala, bi anaiek hurbil eduki nahi izan zuten ekintza hartan, euren kirol bidea irekitzen hasiera-hasieratik lagundu zien beste pilotari arrasatearra: Santiago Etxebarria “Zurdo de Mondragón”. Santirentzako txaloek ere berotu zuten pilota lekuko giroa. Omenaldiko egunean honela irakurtzen zen “El Diario Vasco” donostiarrean:

“Joshe Arriarán, ganador o derrotado, siempre se retiraba con el aplaudo del público. Arriarán II ha conocido las derrotas luchando en la cancha, dando todo cuanto tenía en cada ocasión. Para él no había circunstancias, categoría del partido, ambiente que al mismo rodeaba, localidad en la que jugaba. Para él. Sólo había el jugar a la pelota “cada vez mejor” Joshe Arriarán se retira vencedor, porque se marcha de las canchas victorioso, rendido por los años, pero con “sasoya” suficiente para seguir jugando. Su propia estimación le prohíbe continuar en la cancha, con la responsabilidad que él en todo momento supo mantener. No le va a Joshe el rendir menos y por eso se retira”

Eta Juan de Eguizale kazetariak segitzen zuen bere kronikarekin:

Bi anaien arteko besarkada

“Al comentar esta despedida de hoy y el acto de la imposición de la Medalla al Mérito Deportivo a Paco Arriarán (Arriarán III) retirado hace algún tiempo de las canchas, hoy asesor federativo y preparador de nuestros pelotaris aficionados, por simple y generosa vocación, estamos obligados forzosamente a dedicar a “Zurdo de Mondragón” nuestra admiración. Estará en Vergara esta noche. Y al recordar a los pelotaris mondragoneses, nuestro recuerdo y nuestra oración será para el inolvidable Eugenio Bolinaga, aquel gran maestro de la pelota, aquel animoso pelotari que tanta admiración levantó por su calidad de juego y seriedad en la cancha, y para aquella figura, casi mito, figura gigante, extraordinaria de don Juan Bautista Azcárate “Mondragonés” que fue el protagonista de una larga etapa de la vida de la pelota, y quien dio paso, vencido también por los años, al que luego sería el famoso Atano III…. Cuando los hermanos Arriarán se abracen una vez más en la cancha, estarán celebrando el triunfo de haber logrado el Campeonato de la Estimación, el mejor triunfo de cuantos hayan conquistado, sabiendo que dejan muchos y buenos amigos. Y en ese abrazo se fundirán también el de los pelotaris mondragoneses citados y el de toda la afición, que se siente honrada de haber contado con unos maestros como Joshe y Paco Arriarán”

Omendua, besteak beste, Pako anaia etra Zurdo de Mondragonekin

Bergarako frontoiko harmailetako jesarleku batean zeuden gau hartan Rosa Aranburu, arriarandarren ama, Enkarna Elorza Joxeren emaztea, Kristina Arregi Pakoren emaztea eta bi anaien sendi zabala. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako Pilota Federazioak presente egon ziren – Espainiako Federazioa ez. Arrasateko Udalak, frontoi desberdinetako ordezkariek, eta, batez ere, pilota zaleek jo zuten tropelean frontoira.

Joxe, ama eta emaztearekin

Joxe, senide eta lagunek inguratuta

Joxe eta Jesus Garzia Ariño, "Peino" eta Berezibar adiskide arrasatearrekin

Pilota partiduak antolatu ziren, eta pilotarien aldeko eskaintza zabala izan zen parte hartzeko. Uneko izarrik dirdiratsuenek azaldu zuten euren burua – Federazioak zigortuta zegoen Julian Lajos barne- baina denei txanda eman ezin zitzaienez, Retegi I-Andueza  bikotea Ogueta-Naldaren kontra lehiatu zen, 15-22 arabarren alde.  Bigarren partiduan, Garzia Ariño I - Tapia I / Berasaluze IV - Orexa II bikoteek ihardun zuten eta azkenak izan ziren garaileak, 22-16.

Baina askori malkoak isuri arazi zizkiena, bi partiduen arteko tartean gertatu zen, bi anaiak besarkada handi batean lotu zirenean. Publikoa, agintari, kirolari eta hara bildutako guztiak, pilotaren liburuaren urrezko orri bat ixten ari zeneko lekukoak bihurtu ziren. Joxe Arriaran agur esaten ari zitzaion pilota profesionalari, bizkarrean motxila ederra zeramala, hamarkadatako bere txapeldun-izaerari esker betea.


(1) 1926ko abuztuaren 13 jaio zen Joxe Arrasaten, eta 2015eko urtarrilaren 31n hil zen Aramaion.

(2) 1961-05-14an, Bergarako frontoian ipini zion domina Jose Antonio Elola Olaso kirol idazkari espainiarrak. Ekitaldi hartan buruz buruko pilota finala jokatu zuten Azkarate eta Etxabe X.k. Lehenak irabazi zuen.


Argazkiak: Arrasateko Udal Artxiboa (Laso), JMVM, 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina