Aramaioko abertzaletasunaren hasierako mapan agertzen zaizkigun izenen artean Frantzisko
Frantzisko Bengoa Urrutia |
Ibarran munduratu
zen Frantzisko nahiz eta bere jatorria Arexolan zegoen, aitona Jose bertakoa
baitzen. Alde horretatik esan behar da, Joseren arreba Frantziska Kaietana
Gasteizen ezkondu zela Miguel Becerro militarrarekin. Horien seme Ricardo da,
blog honetan hain sarri aipatu dudan Ricardo Becerro de Bengoa ilustratu
euskaltzalea. Beraz, Frantzisko gure gaurko pertsonaiaren aita eta Ricardo
Becerro de Bengoa lehengusu propioak ziren.
Nardeaga Kalean bizi izan zen |
Frantzisko Bengoa
Urrutia laugarren kidea zen zazpi anaia-arreben artean, eta guztietatik
gizakume adindua. Hori dela eta, berari egokitu zitzaion aita Martzelinoren
negozioan hastea, laguntzaile moduan. Arotza zen aita eta zerratokia zeukan
Aramaion bertan. Frantziskok bere bizitza osoan bide beretsutik jarraitu zuen
eta seme batzuk ere lankide izan zituen. Halaber, Aramaioko Nardeaga kalean
taberna bat eduki zuen.
Jesusa eta Frantzisko, ezkontza egunean |
Jesusa Armendariz
oletarrarekin ezkondu zen eta zazpi seme alaba izan zituzten: Pruden, Bitor,
Miren Arantzazu, Imanol, Benedita, Fernando eta Mari Anjela. Denak
aramaioarrak. Ahal izan zuenean, Frantziskok euskal izendegia erabili
zuen bere ondorengoak bataiatzeko.
Politikoki, beraz,
abertzale izan zen, eta Aramaion modu bereziz nabarmendu zen gazte-gaztetatik.
Bere zerratokian, diotenez, bilera bat baino gehiago burutu zen, batez ere
Primo de Riveraren diktadurapeko urteetan, bilkura politikoak debekatuta
zeudenean. Francoren matxinada gertatu zenean Aramaion geratu zen lehenik baina
tropa faxistak herrira sartu aurretik Bilbora aldatu zen sendi osoarekin.
Baina, bost hilabeteren ondoren, ezer gutxi lepora zekiokeelakoan, Aramaiora
itzuli zen, jakin gabe beraren kontra irekitako fitxan irakur zitekeela,
besteak beste: “Nacionalista separatista acérrimo. Ha trabajado
constantemente con mentiras y engaños a esta pobre gente aldeana en contra de
las derechas. Ha sido durante el Movimiento uno de los cabecillas significados,
el cual huyó al campo enemigo”
Jesusa, Frantzisko eta seme-alabak |
Aramaion atxilotu
zuten, Pruden eta Bitor semeekin batera, eta handik gutxira Gasteizen
Karmeldarren Komentuan erregimen faxistak irekitako kartzelara eraman zituzten
hiruak. Sendia, bestalde, Santanderreko Comillasen egonaldi labur bat egin
ondoren Gasteizera heldu zen, senar, aita eta anaien ondoan egoteko asmoz.
1940an Erantzukizun Politikoetako Epaitegiak hiru urteko gaitasungabetzera kondenatu zuen
Frantzisko. Eta zigorra bete ondoren, arabar hiriburuan jarri zuten
bengoatarrek egoitza.
Frantziskok
Aramaion zeukan negozioarekin segitu zuen Gasteizen –Bengoa Zerratokia- eta aitakekin seme guztiek egin zuten lan zerratokian, Aramaion edota arabar hiriburuan. Patxi Bengoa 1976an hil zen,
arabar hiriburuan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina