Aitajaunaren izena ipini zioten eta aita bezala pilotaria izan genuen. Tadeo Azkarate Murgoitioz ari naiz, Mondragonés txapeldun handiaren semea. Toki bat irabazi zuen Arrasateko goi pilotarien artean eta justiziakoa da txoko honetan, frontoietan Mondragonés II bezala aritu zenari lerro batzuk eskaintzea.
Gure protagonista Durangon jaio zen, 1917ko urtarrilaren 15ean. Garai hartan aita Juan Bautista eta ama Pilar Bizkaiko herri hartan bizi ziren. Ordurako aita eskuko txapeldun handia genuen. Tadeo izan zen bikotearen lehen fruitua. “Mondragonés. Mito eta gizona” artikuluan nioen bezala, Azkarate sendia Logroñora aldatu zen bizitzera 1921ean, “Logroñés” izeneko frontoia bihurtu baitzen goi pilotarien biltokia, eta Juan Bautista lehena zen. Beraz, Tadeok Errioxako hiriburuan burutu zituen lehen ikasketak. Hamar urterekin, ordea, Arrasatera itzuli zen familia eta Azkarate sendiko mutikoa herriko eskolan ibili zen.
Bide batez, aitaren itzalera Zaldibarreko herriko frontoian eman zituen lehen pilotakadak. Gero Gurea etorriko zen eta bertara biltzen ziren Tadeo bera eta herriko Zurdo de Mondragón, Arriaran I, Bolinaga, Arriaran II eta beste zenbait gaztetxo, pilotari profesionalen bideari ekin guran Juan Bautistaren “eskuetatik” lehen ikasgaiak jasotzeko.
Etxabe, Zurdo de Mondragón, Arriaran II, Mondragonés II, Arriaran III, Garcia Ariño, XX, Txikuri. Arantzazuko frontoian. |
Mari Karmen Larzabalekin ezkondu zen |
Entzutetsuak ziren aita-semea elkarrekin egindako partiduak. Kontuan eduki behar da 1941ean Juan Bautistak 50 urte bete zituela, eta artean atzelari arrasatearrak egundoko sasoia erakusten zuen frontoietan. Izan ziren ere, aita-semeak Arrasateko beste pilotariren baten kontra egiten zituzten norgehiagoketak. Adibidez, 1940ko Santo Tomas jaietan oso partidu ederra izan zen Mondragonés II eta Mondragonés I / Zurdo de Mondragón eta Atano IVren kontra Gurea frontoian gauzatutakoa. 20-22 irabazi zuten bigarrenek, prentsak zioen bezala “joko espektakularra ikusita”
Gurea frontoia ere izan zen lekukoa, 1.941eko San Juan egunean, Arrasateko pilotariek eskainitako partiduez. Egun grisa gertatu zen herriko zaleentzat, lehen norgehiagoketan Bolinaga eta Mondragonés I bikoteak galdu egin baitzuen, 21-22, Etxabe IV eta Txikito de Mallaviaren kontra. Bigarrenean, Mondragonés II-Arriarán I (Felix) garaituak izan ziren, 14-22, Osinalde eta Txararen kontra. Interesgarria da, emaitza guztien gainetik, Arrasateko pilotariak frontoietako karteldegietan agertzen zirela ikustea, Juan Bautista Azkaratek irekitako arrastoari segituz.
Tadeo eta bere atzean aulkian eserita aita, Mondragonés I handia. |
kopurua, beti baitzegoen prest larrialdietan behartsuari laguntzeko. Pilotari profesional gisako Tadeo Azkarate Mondragonés IIren ibilbidea 1956ra arte luzatu zen. Eta aurrerantzean, okindegiko negozioari lotu zitzaion buru belarri, inoiz edo inoiz berriz frontoira itzultzen bazen ere, profesio gisa erakutsitako artea eskuzabal berrerakusteko helburu on baten alde.
Tadeo 1955ean ezkondu zen Irungo Mari Karmen Larzabalekin, eta bikoteak hiru seme izan zituen. Pilotari xume baina emankorra izan zena, 1989ko apirilaren 10ean hil zen, gaixotasun latz baten ondoren.
Argazkiak: Mari Karmen Larzabal, JMVM
ARRASATEKO PILOTARI BURUZ GEHIAGO
https://txemax3.blogspot.com/2021/05/pilota-arrasaten-istorioak.html