Ez, ez naiz okertu. Badakit oraindik ia bi hilabete geratzen direla Zigarrolako jaietarako. Baina San Isidro dela eta, 1982an esku egitaraurako eskatu zidaten idazkiaren bila jo dut nire paper
zaharretara eta hantxe zegoen, denboraren joanak horixkatua. Mamiak lehen
bezain bizirik jarraitzen duenez gero, ordea, hona aldatu nahi izan dut izkribu hartan
idatzitakoa, belaunaldi berrien ezagutzarako. Hona hemen, beraz, “59 urte
pasatu ondoren” titulatu nuena:
“Auzoko ez hain gazteek gogoan dute
oraindik: 1923ko maiatzean ospatu zen lehen aldiz San Isidro, auzoko jai nagusi
bezala. Lehengo auzokideek bi jomuga izaten zuten jaiei zegokienez: zubiz Bergararuntzekoek
San Prudentziokoak ospatzen zituzten; Arrasateruntzekoek, berriz, San Juanak.
Baina 1923an erabaki zuten musakolarrek euren jai nagusia aurrerantzean auzoan
bertan egitea. Izan ere, auzokoek – nekazal auzoa zenez- San Isidro ospatzen
zuten baina kalera joaten ziren beste auzoetako nekazariekin batera eguna
emateko.
Zer gertatu zen egun hartan? Bada, Eskola
Bateratuaren inaugurapena bizi izan zutela auzotarrek. Eta ospakizun bereziez
antolatu zuten eguna.
Domingo Arzamendi zen Arrasateko alkatea
eta auzokoa Juan Gorosabel “Axerikua” Herriko udal taldean beste auzokide batek
zeukan kargua: Pedro Arregi “Garratz” Hiru horiek eman bide zituzten lehen
urratsak Eskola gauzatu ahal izateko. Hogeita lau baserri ziren orduan auzoan
eta ikastetxe berriaren inaugurapena pozik hartu zuten denek. Aretoa
Villafrancako Kondearen etxabehe batean zegoen eta bedeinkazioa Pedro Izagirre San
Juan Bataiatzaile parrokiako apaiz laguntzaileak eman zuen. Ostean, udal
txistulariek lagun, herri eta auzo alkateek aurresku bana eskaini zioten, egun
hartatik eta urte luzetan eskolako maistra izango zen Elisa Lasari.
Ondoko ospakizuna mahai baten inguruan
burutu zen, eskolan bertan. “Txoza” eta “Bishentena” tabernetatik zerbitzatu
zuten bazkaria eta mahaikide asko bildu zen. Bakoitzak berea ordaindu behar
izan zuen. Bazkaria aurrera zihoala, Pedro “Garratz”ek aldamenean eserita zeukan
Patxi Gorosabeli esan zion: “Señoritoari abisatzea ahaztu jaku” Señoritoa
Sagasti Etxeko Rafael Ariza injinerua zen. Batzuk etxera joan zitzaizkion
behintzat
bazkalondoan etortzeko erregutuz. Baita Ariza agertu ere, guztientzat
opari banarekin: egundoko zigarro purua.
Zigarrola, 1950 inguruan |
Mahaiko giroa berotzen hasi zen eta laster
bertsolariek ekin zioten saioari. Urte haietan zaletasun handia zen
baserritarren artean bertsotan egitera eta oraindik batzuen izenak gogoratzen
dira auzoan: Isidro Arregi “Zeleta”, Martin Egidazu “Arruena”, Antonio
Gorosabel “Antoña”, Juan Gorosabel “Axerikua”, Manuel Pagoaga “Aranguren”,
Braulio Arizabaleta “Izekiel”, Agustin Sagasta “Mojategi”, Bishente Arabaolaza “Itsasondo”,
Joxe Mari Arabaolaza “Errota”, Jabier Zelaiaundi “Antoña”… Horietako batzuk “Txirrita”,
“Prantsesa” eta beste zenbait bertsolari handirekin aritu ziren behin baino
gehiagotan, batez ere ospetsu horiek san Isidrotara etortzen zirenean.
Egun hartako arratsaldeko zazpietan herriko
musika bandak dantzaldia alaitu zuen. Gillermo Lasagabaster zuzendari
ordekoaren gidaritzapean, hantxe zeuden Rufo Aranbarri, Fernando Amozarrain,
Joxe Urionabarrenetxea “Joxe Bizar”, Lorenzo Aranbarri “Pedroaundi”, Jesus
Ortuoste “Txapero”, Roberto Herrera, Miguel Sanpedro, Eustakio Markaide “Olia”
eta abar, pasodoble, txotis, habanerak eta beste eskaintzen ari.
- Aurrena pasodoblie, gero txotis
eta habanerak. Azkenaurrekoa jotie eta azkena ostera pasodoblie.
Gauerdian amaitu zen egun hartako jaia.
Auzokide guztien baitan ideia bat zebilen: San Isidro hautatu behar zen auzoko
jai nagusi bezala.
Eta horrela izan da. Berrogei eta hemeretzi
urte pasatu dira. Hogeita lau baserri haietako batzuk betiko desagertu dira.
Horien ordez etxebizitza ugari eraiki dira eta Musakolako auzoak aldaketa haundiak
bizi izan ditu. Orduko ikas geletan lehen hizkiak ikasi zituzten gizon-andreak
areto berdinetara itzuli berri dira. Ez dira euren ikasketetan sakontzera joan.
Ez. Elisa Lasaren ingurura biltzen ziren ume haiek solasaldietarako aterpe
bihurtu dute Eskola zaharra, Jubilatuen Txokoa bertan baita. Eta kafe edo baxo
erdi baten aurrean garaiko gertaerak euren gogoan astintzen dituzte. Iraganean
murgil egitea etorkizun ezezagunean baino atseginagoa ei zaie. Eta Juanito “Zabaleta”,
Patxiko “Antoña” eta beste askoren jazoera eta xelebrekeriak berpizten dituzte,
behin eta berriz, eta – oharkabean- beste bizimodu desberdin baten ezagugarriak
azaltzen dizkigute.
Aretoan, mahai eta aulki artean jolasean,
Maite neskatila polita ikusten dugu, duela berrogei eta hemeretzi urteko ume
hain laguna. Maite da gaurko amandre eta aitajaunen itxaropenezko ondorengoa"
Lau urte barru, beraz, "astoaren jarraitzaileek" ehun urte beteko dituzte euren jaiak direla eta. Badakite, beraz, aitzakia dutela zerbait berezi prestatzeko.
Argazkiak: JMVM
Zure testua musakola.com en argitaratu dugu:
ErantzunEzabatuhttps://musakola.com/san-isidro-jaiak-2023an-ehun-urte/
Milesker Josemari, edozein gauza idatzi.
Eskerrik asko! Plazerra da idatzitakoa irakurtzen dela jakitea. Datorren astean ere zerbait badoa, "Zeleta" bertsolariaren inguruan.
Ezabatu