ekaina 08, 2016

GARAGARTZAKO SOTERO GAZTAÑAGA “TXUAN”



Sotero Gaztañaga, "Txuan"

Arrasateko Garagartza auzoko historia hurbilean arakatuz gero pertsona xelebre batzuk aurkituko genituzke, beren izaera pertsonalarengatik edota auzokideek haiei egotzitako xelebrekeriengatik. Gizabanako horietako batez ariko naiz, azal-azaletik ez bada ere. Oraindik ere auzoko askok gogoratzen duten gizona  dugu Sotero Gaztañaga Erguin, Txuan gaitzizenarekin ezagunagoa. 

“Txuan” esaten zioten baserrian jaio zen gure gaurko protagonista 1882ko apirilaren 23an. Baserriaren aurreko izena “Etxarte” (Esarte, Uxarte) zen baina badirudi Juan (Bidaburu?) zeritzan ugazabaren deituraren bilakaeraz lehenik “Txuanena” eta gero “Txuan” bihurtu zela.  Sotero oso gizon alaia izan bide zen gaztarotik eta denetariko anekdotak egozten zizkioten eta, egun ere, dizkiote auzotarrek. 

Union Cerrajeran egiten zuen lan eta ordu libreetan soinua, hala moduz  jotzen ikasi zuen. Zekizkien musika piezekin erromeriak alaitzen zituen astero Garagartzako eskola zaharraren ondoko Iturrigorrin eta “Perikin”enean.  Sotero "Txuan”en ospea handia izan zen Arrasate eta inguruetan. Migel Okina Bergarako pintoreak bere pintzelekin hilezkortu nahi izan zuen. Margotzen ari zitzaionean artista eta Soteroren artean sortutako elkarrizketa mundiala izan bide zen, lekukoek diotenez. 

Garagartzako historiari buruzko datu asko eta
Txomin Iria, "Kartxel"
asko idatziz eta ahozko euskarritan utzi zizkigun Txomin Iria “Kartxel”en paperetatik atera dut ondoko gertaera. Txominek idatzi zuen moduan utzi dut. 

“Sotero soñujollie san; asquen denporetan soñuric euqui esarren afisiño aundixe euquen soñu joteco da sapatuetan sarritten gueraquetasan Gauchorico tabernan lanetic echeracuen. An egoten san Iñasio Galarren filarmoniquie, da an egotesienac soñue jotiarren Soteroi pagetautsien batsuc ardaue beste batsuc cafie, da Sotero posic soñujoten. 

Sapatu baten, tabernioi bete beteic euen jentes, da euren artien soñujoille on bat, da Sotero soñujoten. Batsuc chaloca, beste batsuc… fuera… fuera, bañe danac posic broma ederra pasetan. Da sonujoille onorrec, nunbait esin aguentau Soteroi jotentsen chaluec, edo eracutsi eingure bere abillidadioi, juetenda Soteroana, da oso sacar esautsen orri:
Garagartza auzoko ikuspegi bat, 1950.
“Chuen” ic estaquic soñujoten, da ecac soñuoi” Da berac quendutsen Soteroi jarritte euen lecuen escuetatik. Orduen Sotero suttittusan, burutic anquetara beittu, da esautsen: “I arrue espeintse asko gison aundisaue izengoitsaque”  

An euen jentiec ori entsun euenien, errebentaubier barresca. Seguru asco gau artan, soñujoille onorrec eseuen eingo lo ascorik” 

Itzuliko naiz Sotero “Txuan” gizon haren ateraldiekin, beti ere Txomin Iria “Kartxel”en eskutik.

Argazkiak: Javier iria, JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina