ekaina 13, 2012

PABLO MENDAROZKETA, ARRASATEKO MARGOLARI AHAZTUA


Pablo Mendarozketa, Simon Arrietak margotua
Denboraren joanak oroitzapenak ezabatzen ditu gupidagabe, eta berarekin hainbat eta hainbat bizipen interesgarri eta mugarri historiko desagertzen zaizkigu oroimen kolektibotik. Gaur adibide berri bat ekarri nahi dut zutabe honetara, hain zuzen Arrasaten XX. mendean izandako margolari baten kasua. 

Garagartzako eliza

Arrasaten jaio izan ez zen arren, arrasatear txokoak bere egin zituen bere irudietan, eta Arrasaten aurki ditzakegu oraindik ere haren produkzioko ale baliotsuak. Hona hemen, beraz, ahaztua daukagun artista baten gaineko zertzelada batzuk, behintzat gure artean bizi izan zela eta inguruko paisaietaz erakarria zegoela ezagutu dezagun.

Pablo Mendarozketa Burgera(1) zuen izena eta Okako Iruñean (Nanclares de la Oca) jaio zen, 1897ko martxoaren 22an. Bere gurasoak –Nikolas eta Zezilia- Bergarara aldatu ziren bizitzera, eta bertan jaio ziren sendiko beste lau anaia-arrebak. Pablok Bergaran egin zituen lehen ikasketak, eta marrazki zein pinturaren teknikan Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolan trebatu zen. Aldi berean, Simon Arrietaren eskutik afizioan aurrera egiteko aukera paregabea izan zuen. Baita majo aurreratu ere pinturaren teknikan.

Arrasateko eliz nagusiko ataria
Lanak Arrasateko Gesalibar auzora eraman zuen, iragan mendeko bigarren hamarkadan. Santa Agedako zoroetxeko mantenu arduradun izendatu zuten eta bertan aritu zen jubilatu arte. Garagartzako Marzelina Herizekin ezkondu zen 1927an eta bost seme-alaba izan zituen bikoteak. Gerra zibilaren hastapenetan, Mendarozketa karlista sutsua zenez gero, Arrasatetik preso eraman zuten Larrinagara. Urtebete inguru egon zen, Bilbo frankisten eskuetan erori ondoren askatu baitzuten. Garagartzan hil zen, 1972ko maiatzaren 15ean.

Garagartzako Zabal Bide, Mendarozketaren etxea
Pablo Mendarozketaren pinturarako zaletasunak domekero aterarazten zuen etxetik bere trasteekin, naturarekiko zuzeneko konexioan bere artea taulatxoetan islatzeko gogo biziaz. Ez zuen sekula merkatari-pintore izatearen joerarik azaldu. Ez zitzaion bide hori interesatzen. Pinturaren plazerra gozatzea zuen helburu, beste ezeren gainetik. Eta poliki-poliki bere ekoizpen artistikoaren maila gorantz zihoan, kopuruz eta kalitatez.

Burgos aldeko bazterrak

Arrasateko Udaletxean XX. 60etan antolatu ohi ziren erakusketa kolektiboetan beti ikus zitekeen Mendarozketaren obraren bat. Baina bere apaltasunean, nahiago izan zuen anonimatoaren itzala arte galerietako ahalezko dirdira baino, eta ondorioz Mendarozketaren izena eta artearen mugak lagunen eta ezagutuen zirkuluan geratu ziren.

San Juan de Dios elizako aldare nagusia urreztatu zuen
Egun Arrasate eta inguruetako hainbat etxetan aurki daitezke Mendarozketaren margo-irudiak. Gehien bat formatu ertainean gauzatuta, goi sentsibilitate artistikoaren adibideak dira. Santa Agedako San Juan de Dioseko elizan ere bere sinadura ikus daiteke, aldare nagusiko doratuaren arduraduna izan baitzen 1948an. San Juan de Dioseko ordenak, bestalde, Mendarozketaren hamalau bat margo irudi gordetzen ditu Madrilen, beste autore batzuekin osatutako bilduma ederrean.


(1) Bataio agirian Ruiz de Mendarozqueta bezala agertzen da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina