|
Garagartzako eliza |
Aurreko batean nioen bezala, Justo Jauregi-Arraburu abadeak
Garagartzako historiari buruzko
eskuizkribu interesgarria burutu zuen. Eskuizkribuan Jauregi-Arraburuk
Garagartzako zenbait legenda eta ipuin bildu zituen, noizean behin hemen azalduko
ditudanak.
Gaurkoan, dena den, Jose Migel Barandiarani eman nahi diot
protagonismoa, izan ere ataundarrak, Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe
aldizkarian, 1980ko 32. zenbakian, “Euskalerriko Leen-Gizakien
eta Ireluen Bizilekuai Buruz Ikasgai eta Esaunda Batzuek” titulupeko ondoko
istorioa eman zuen ezagutzera. Ia ziur esan daiteke Barandiaranek Justo
Jauregi Arraburu bere ikasleari aditu ziola ipuina. Hona hemen, beraz, On Jose Migelek publikatu zuen moduan:
“LEZETXIKI, KOBAUNDI.— Auek dira
Arrasate-Garagartza-ko Bostate mendi alboan dauden bi arpe. Bata bestearen gainean. Bien artean beste arpetxo bat: Laminen-eskaratza. Leen
aroetako aztarna asko agertu ditugu or, batezere lenengo arpean. Emen bizi izan
dira gizakiak, Mustier-arotik asita geroztiko aldietan. Garagartza’ko lagunak
digutenez, laminen bizilekuak izan omen dira leize oriek. Ara emen zer dion
esaunda batek.
“Garagartza-Korrione’ko motil
gazte batek, Kobaundi-inguruan zijoala, leize atekan neskatilla eder bat ikusi
omentzuan eta berarekin itz egin eta beragaz itxutu. Baita biak ezkon--itza
elkarri eman ere; baiñan leenik neskatxaren adina motillak asmatzekotan.
Motillak bere auzoko andra zaar bati galdetu ea Kobaundi’ko neskatilla ederrak
zer adin ote zuan. Andra ori, Kobaundi-aldera juan, eta an, arpe aurrean,
atekari atzealdea emanaz, makurtu eta, bere anka bien artetik burua atzeruntz
aterata, arpeari begira jarri. Ba-dator ango neskatxa eta, aurrean alako
ikusgarria arkitzean, arriturik dio: «nere biziko eun da bost urte auetan ez
det olakorik ikusi». Andrea bereala itzuli omentzan Korrione’ra eta motillari
esan Kobaundi’n entzun zuana. Orduan neskatillaren adina azaltzen dio motillak
berari, ustez eta ala eskontzen al zirala. Baiñan motillaren amak dio semeari:
«begira leenik nolako oiñak dituan arpeko neskatilla orrek».
Arpera juan eta motillak
ikusten dizkio oiñak neskatxari eta gero amari dio: Kobaundi’ko neskatxaren
oiñak aatearenak bezalakoak dira». Orduan amak: «ori ez dek gizakia, lamiña
baiño; orrekin ezin ezkontzen al aiz». Motillari bere barruna arrunt belundu
omen zitzaion eta gaixotu; baita laster ill ere. Arpeko lamiña Korrione’ra,
gaubela egitera, jetxi omentzan eta, intxaurraren azaletik atera zuan maindire
batekin bere maitearen soina estali.
Illa elizkizunera eta ehortzera
zeramakiela, lamiñak ere lagundu omentzion Garagartza-koelizateraño. Andik bere
arpera gero, negar da negar”
Argazkiak: Eusebio Iñarra(Garagartzakoa)
tartalorenkobazuloa.blogspot eta euskonews.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina