azaroa 30, 2022

JUANITO ARRIARAN. PILOTARI-SAGAKO FUTBOLARIA

Juan Arriaran Aranburu
    Juanitoren emaztea zen Itziar Villar gogoan edukita, lantxo hau elkarrekin osatu ondoren aurtengo urriaren 19an hil baitzen.


Gure protagonista pilotari-saga baten barruan hazi zen, aurreko beste hiru anaiak frontoietan ibili baitziren profesional moduan. Inoiz Arriaran IV. bezala ezagutuak futbola aukeratu zuen eta kirol modalitate hori bihurtu zuen ofizio, futbolista eta entrenatzaile gisa. Juan Arriaran Aranburu ari naiz, 1933ko abenduaren 27an jaioa, Arrasaten. Gurasoak Biktor eta Rosa.

Biatoristekin ikasi zuen txikitan – egundoko trebetasuna izan zuen beti matematikaterako- eta artean gaztetxoa Banco Guipuzcoanon hasi zen lanean.  


Banco Guipuzcoanoko lankideekin

Denbora libre gehiena baloiarekin ematen zuen, nahiz eta noizean behin anaiaren bati ere laguntzen zion pilotan, herriko frontoian edo Gurean. Eskuek ez zioten pilotarako laguntzen eta baloia hautatu zuen kirol. Hamaika bat oinetako pare apurtu zituen, lagunekin kalean futbolean. UCEA futbol taldean ibili zen bi denboralditan, lurralde mailako txapelketetan. Sendiak gogoratzen duenez, Biktor aita UCEAren futbol zelaia zen Zaldispera lehen aldiz agertu zenean, ustekabeko baloikada bat jaso zuen.



UCEAren elastikoarekin, Iturripen

Arrasateko lehen ekipok 1953-54rako fitxatu zuen Juanito.  Denboraldi bikaina egin zuen Arriaranek hirugarren mailako Juventud Deportiva Mondragón hartan, Jose Errasti entrenatzailearen agindupean. Txapelketaren amaieran laugarrenak izan ziren, Sestao, Huesca eta Getxoko Arenasen kontra. Arrasateko zaleak oso pozik zeuden taldearekin, eta Iturripe bete egiten zen, sarrailagileak animatzeko. Iturripen jokatutako azken partiduan, 5-1 Azkoyenen kontra, lau gol sartu zituen Juanitok. Atzean geratu ziren Numancia, Indautxu, Burgos, Basconia, Mirandes eta izen handiko beste talde batzuk. Amaiera polita izan zuten, beraz, sarrailagileek 1953-54 denboraldian. 

JDM, 1953-54; Moreno, L.Arregi, Divino II, Berezibar "Txaparro", Axpe, Sebitas, Uribe (masaialaria), E. Arregi, Egidazu, Arriaran, Bolinaga, Guridi, Tololo.

Hurrengo denboraldian, Juanitok gutxiago jokatu zuen soldadutzara joateko ordua iritsi baitzitzaion, Burgosen.

Burgos. Arriaran bigarrena ezkerretik, zutik; makurtuta,
bigarrena eskuinetik Errasti "Lawton"

Eta hirugarren mailako Burgos taldeak fitxatu zuen 1954-55rako. Oso urte emaritsua izan zuen Gaztelako ekipoarekin eta urte amaieran bigarren mailara igo zen Burgos. Arriaran talde haren zutabe garrantzitsua izan zen. Eta gol ugari sartu zituen, azkena Durangon 1956ko apirilaren 29an lehiatutako azken partiduan, igoera ziurtatzeko balio izan zuena. Talde hartako beste titular bat Jesus Errasti “Lawton” arrasatearra zen eta argazkian ikus daitezke biak, bigarren mailara igo zireneko gaueko harrera ekitaldi jendetsuan Burgosen, zaleen lepoetan. Baina bazen hirugarren arrasatear bat ere, Jabier Urkiola, Arriaran bezala soldadutza hiri hartan egiten ari zena, taldearen hamaikako titularretan hamazazpi partidutan agertu zena.

Arriaran eta Errasti Burgosko zaleen lepoetan, 1956-04-29

Burgosen segitu zuen Juanitok lehiaketa amaitu ondoko lagun arteko partiduak jokatzen, eta ostera hiri gaztelarrean geratuko zela ematen zuenean Indautxuk fitxatu zuen.

Bigarren mailan ere ari zen Indautxu eta 1956-57 denboraldiko lehen partidutik Arriaran titularra izan zen. Ligako lehen norgehiagoketan golak sartzen hasi zen, Logroñon. Zentroko aurrelari bezala aritzen zen artean eta Rafa Iriondok entrenatzen zuen Indautxuren ezkerreko hegalaria beste arrasatear bat zen, Jose Mari Guridi “Ziriles” Diodan, denboraldian Garellanon jokatutako lehen partiduan Guridi larri lesionatu zela eta ez zuen gehiago jokatu ahal izan. Indautxuren eskuin hegalaria Pereda zen, urtetara Barçan ospetsua egingo zen jokalaria. Oso txapelketa ona burutu zuen Arriaranek, hogeita zortzi partidu jokatu zuen eta  hamahiru gol sartu zituen. Indautxuk hirugarren tokia eskuratu zuen, Gijon eta Sabadellen ostean.

Indautxurekin,  Vallecasen. Erdian makurtuta Arriaran;
ezkerrean Pereda.
Bigarren denboraldi bat ere egin zuen Juanitok ekipo hartan, 1957-58, baina gauzak ez zitzaizkien hain ondo atera. Laugarrena amaitu zen arren, Rafa Iriondo entrenatzailea kanporatu egin zuten. Indautxu hartan Jones izeneko futbolari bikaina agertu zen, Atletico de Madriden karrera egingo zuena eta arrasatearraren adiskide handia. Hamaikakoaren beste futbolari bat Eusebio Rios zen, karrera Betisen egingo zuena.

Eta Rafa Iriondoren eskutik Juanito Arriaran Gasteizko lehen ekipora aldatu zen 1958-59 denboraldirako, bigarren mailan jokatzeko. Urtebete bakar bat egin zuen Alavesarekin, eta ekipo hartan Jesus Urkia “Sebitas” sarrailagile ohi aretxabaltarra ari zen, atezain. Diodan legez, aukera gutxi izan zituen ekipo hartan – hemeretzi partidu egin zituen-  baina eman zitzaizkionak aprobetxatu egin zituen. Adibidez, Sabadellen kontra Creu Altan jokatutako norgehiagoketan, 0-3 irabazi zuen Alavesak eta biharamuneko prentsak zioen: “Arriarán reapareció y marcó el gol que abría la victoria albiazul. A lo mejor es bueno que a Arriarán se le considere como desbancado y reaparezca cada domingo” Alavesa hamahirugarrena izan zen denboraldiaren amaieran eta bigarren mailan segitu ahal izan zuen.

Alavesarekin; makurtura erdian; atezaina, Sebitas

Hurrengo denboraldirako, ordea, Arriaranek Gipuzkoako aireak nahiago izan zituen eta hirugarren mailako Tolosan fitxatu zuen. Urtebete egin zuen Bergarako ekipora igarotzeko, baina 1961-62 urtean ostera tolosarrekin aritu zen.

Parentesi bat irekita, diodan 1962ko maiatzaren 24an Itziar Villar betiko bere andregaiarekin ezkondu zela Arrasateko parrokian.  Bikoteak bost seme-alaba izan zituen, Diego, Marta, Iban, Oihane eta Eñaut.

Iñarra erretoreak ezkondu zituen, 1962ko maiatzaren 24an

Eta 1962-63 jardunaldirako hirugarren mailako Juventud Deportiva Mondragonen fitxatu zuen. Denboraldi haren amaieran hirugarrena izan zen Mondra sailkapenean, Eibar eta Real Unionen ostean, eta Logroñés, Mirandés, Sanse eta izen handiko beste batzuen aurretik. Honakoa izan zen denboraldiko azken partiduaren hamaikakoa, Alfaron: Sebitas; Jorge, Olazabal; Errarte, Arenaza, Bergaretxe; Gomez, Arriaran, Berezibar, Aranguren eta Aranburu. Arriaranek ordurako 8 zenbakiarekin jokatzen zuen, erdiko aurrelariaren 9ren ordez.

Mondran, 1962-63 denboraldian
Beltran, Arenaza, Bomba, Ezkurra, Olazabal; Larrauri,
Arriaran, Berezibar, Bergaretxe, Errasti eta Zaldua

Bere jaioterrian amaituko zuen Juanitok ibilbide profesionala jokalari bezala. Hurrengo denboraldian, 1963-64, taldearen entrenatzaile lanetan hasiko zen. Eta urte mordoxka ihardun zuen lan horretan, lurralde zein hirugarren mailako txapelketetan. Jose Ignazio Zaitegi eta bion “Una temporada y tres futbolistas. 1965-66. Sagasta, Larrauri, Aranbarri” liburuan irakur daiteke:

“Ciñámonos al aspecto puramente deportivo, que es el que nos interesa en esta descripción de aquella temporada 1965-66.  En una Junta Rectora de JDM presidida por Alfonso Gorroñogoitia, eran José Martínez de Ubago y Juan Mari Lasagabaster quienes representaban en aquélla los intereses del deporte del balón. Y esos dirigentes supieron conformar un equipo de deportistas en el que se mezclaba la experiencia con savia nueva, y que iba a dar un buen resultado. En la plantilla estaban futbolistas con larga y brillante trayectoria como Bomba, Arenaza, Elkoro, Uribesalgo… con otros jóvenes ansiosos por demostrar su valía: Sagasta, Aranbarri, Larrauri… Todos ellos conformaron un excelente conjunto, dirigido por Juanito Arriaran, con la ayuda del preparador físico Ignazio Zeziaga “Divino II”.

Denboraldi hartan Iturripetik Real Madridera helduko zen Javier Larrauriren ustez, Arriaran entrenatzaileari asko zor dio, maisuki erakutsi baitzizkion futbolaren oinarrizko ikasgai praktikoak.

1971-06-20, Tolosan
UDA Gipuzkoako txapelduna

Arrasatetik Aretxabaletara egin zuen salto Juanitok eta 1969-1970ean UDA entrenatzen hasi zen. Erregionaleko bigarren mailan zegoen UDA eta ekipoa oso ondo ibili zen, Gipuzkoako txapeldunak izan baitziren, eta ondorioz estatuko ekipoekin lehiatu ziren. Aragoi eta Nafarroako txapeldunak kanporatuta amore eman zuten Kanariar Irletako San Antonioren aurrean. Ondorioz, Gipuzkoako Federazioak denboraldiko saria eman zion UDAri. Bigarren denboraldian ere joko ona erakutsi zuten leinztarrek eta Gipuzkoako Koparen finala eskuratu zuten.

Hurrengoan, 1971-72, izan zen Juan Arriaranek sekula lortutako goi erpinik gorenenetakoa. UDA bere hogeitabosgarren urtebetetzea ospatzen ari zen eta apustu handia egin zuten kirol aldetik ere marka guztiak hausteko.

Eta ondo joan ziren gauzak, izan ere afizionatuen mailako Espainiako txapeldunak izan ziren; horrezaz gain, Gipuzkoako txapeldunak eta hirugarren mailara igo zen taldea. Estatuko txapeldunaren titulua, 1972ko uztailaren 16an eskuratu zuen, Murtziako La Condomina estadiumean. Biharamunean, Donostiako Hoja del Lunesen irakurtzen zen, UDAren urteko balantzea eginez:

“Quizá el artífice de todos estos continuados éxitos sea Juanito Arriarán, ese entrenador que quizás sea un desconocido para el aficionado, pero cuyo nombre a partir de esta temporada comenzará a sonar con fuerza dentro del ámbito nacional futbolístico, que a lo largo de la actual temporada, que por cierto no es la única de sus triunfos con el Arechavaleta, si recordamos que ya el pasado año disputó la final de primera regional frente al Deportivo Alavés, rozando el ascenso a tercera división, para en las dos últimas ediciones del campeonato de aficionados llegar a cuartos de final y semifinal, respectivamente. Es un hombre que ha hecho indudablemente méritos más que suficientes para situar al Arechavaleta donde está”

UDArekin, 1971-72, estatuko txapeldunak

UDA hartan baziren Arrasateko jokalari batzuk: Jose Ignazio Isasmendi, Fernando Aguriondo, Joseba Etxagibel eta Jose Miguel Uribarren. Hurrengo denboraldia ere burutu zuen Arriaranek Aretxabaletan, 1972-73, hirugarren mailan. Ligan hamabosgarren tokian geratu ziren – Salamanca izan zen txapeldun- eta mailari eusteko promozioa jokatu behar izan zuten, Mahonen kontra. Ibarran jokatutako partiduan kanpoko kontrako markagailua berdindu bazuten ere atxabaltarrak galtzaile atera ziren… penaltiz.

Kopan berriz hiru kanporaketa lehiatu zituen ekipo hark. Baskonia eta Eibar kanporatu ondoren bigarren mailako Pontevedra egokitu zitzaien. Pasaron futbol zelaian 2-0 galdu ondoren Ibarra husna geratu ziren. Arrasateko futbolariak Ibarrako hamaikakoetan Txomin Arzamendi,  Joseba Etxagibel, Pako Zabala,  Jose Ignazio Isasmendi - nahiz eta Mondran ari zen - eta Santiago Aranbarri izan ziren.

Eibarrekin; goiko lerroan Zabala
eta Etxagibel arrasatearrak


Arrakastaren ildotik, estatu mailako entrenatzaile izateko titulazioa atera zuen Arriaranek eta aurrera egiteko aukerak sortu zitzaizkion. Lehen geltokia Eibarren izan zuen, 1973-74 urtean, hirugarren mailan bigarrenera igotzeko ilusio eta asmoarekin. Eta ia-ia lortu zuen, atean geratu baitziren denboraldi bikaina burutu ondoren. Azken partiduan galdu zuten igotzeko txartela, ordura arte Alavesarekin izandako lehian babazorroen alde jo baitzuen zorteak.


Juanitoren eskuinean Jon Arriaran loba
 Bitxikeria bezala diodan, Alaveseko izarra Jesus Aranbarri arrasatearra zela, denboraldiko golegilerik onenaren tituluarekin; eta, bestalde, Eibarren Jon Arrriaran ari zen, Juanitoren loba, hain zuzen. Beste bi arrasatear ere baziren armagileen taldean: Etxagibel eta Zabala. Denboraldiko azken partiduan ofiziala egin zen Juan Arriaranen agurra, Logroño aldetik baitzeukan eskaintza bertako ekipoa entrenatzeko.

Logroñes izan zuen, beraz, 1974-75eko ekipoa. Hirugarren mailan ari ziren errioxarrak eta helburua igoera zen. Ez zuten erdietsi, Osasuna gailendu baitzen denen artetik. Logroñes laugarren tokian geratu zen. Ligako azken partidua Sadarren aritu zen Arriaranen taldea eta 2-2 amaitu zuten norgehiagoketa. Han ezagutu zen hurrengo geltokia Arriaranentzat Bizkaian zegoela.

Barakaldoren eskutua


Logroñoko Las Gaunasetik Barakaldoko Lasesarrera egin zuen jauzi Juan Arriaranek 1975-76 kanpainan. Oso ondo joan zitzaien txapelketa, bigarren geratu baitziren, Pontevedraren ostean, nahiz eta puntu berdinekin. Bigarren mailarako igoera jokatu zuen Barakaldok, Cadizen kontra. Eta zorteak bizkarra eman zien. Atean geratu ziren, beraz. Hala ere, hain urte ona egin arren Arriaranek ez zuen segitu Barakaldon. Arrazoia?



Juan Arriaranek bihotzeko gaixotasun bat zuen, gaztetatik. Eta badirudi jokalari gisa batzuetan leporatu zitzaion hauskortasuna, nekerako joera, hari lepora dakiokeela. Eta zelai gaineko betebeharretan bihotzak ez bazion beti laguntzen, pentsatzekoa da entrenatzaile lanetan ere kontrako eragilea zela. Barakaldon ez jarraitzeko arrazoia – hain denboraldi ona egin ostean- hortik letorke, batez ere kontuan badugu bi urtez entrenatu gabe egon zela, Arrasateko bere negoziora dedikatua.

Las Gaunasen, Arriaran elastiko zuriaz
Baina izan zuen dei berri bat Logroñotik, Logroñesen lehendakariak ekipoaren kargu egitea eskatzen ziola, 1978-79 denboraldiaren erdi aldean.  Eta ez zion ezetzik eman.  1979ko urtarrilean, beraz, Las Gaunasen zegoen ostera, eta bere iristeak iraultza eragin zuen taldean, oso emaitza positiboekin amaitu baitzuen denboraldia, bigarren B mailan. Talde hartako izarra Lotina zen. Eta 1979-80 denboraldia izango zen Arriaranentzat urte gazi-gozoa, Ligan hamargarrena izan baitzen – iragarpenak baino apalago- eta Kopan egundoko balentria egin zuelako.

Jorge Alessandrok entrenatzen zuen lehen mailako Salamanca kanporatu zuen Logroñesek eta hurrengo arerioa Real Madrid izan zuen. Besteak beste, Miguel Angel, Camacho, Stielike, Juanito eta Cunningham aurkezten zituen Real

Logroñesen masailaria eta lehendakariarekin
Madriden aurka lehiatu behar izan zuen arrasatearraren taldeak. Madrildarrak Vujadin Boskovek entrenatzen zituen.  Arriaranen mutilek Las Gaunasen 2-3 galdu zuten, baina kronikek ziotenez errioxarrek garaipena merezi izan zuten. Santiago Bernabeun 1980ko martxoaren 11an jokatu zuten eta 1-0 izan zen emaitza. Biharamuneko El Pais egunkariak zioen: “El Logroñés, un segunda división B, no se mereció la derrota”

Arriarani ez zioten kontratua luzatu eta denboraldi haren amaieran bere hitzetan samintasuna igar zekiokeen: “Me marcho contento de lo hecho. Mi único error, por lo visto, ha sido no eliminar al Real Madrid”.

Mirandesen, 1981-82

1981-82 denboraldirako Mirandesek fitxatu zuen. Bigarren B mailan ari zen ekipoa eta hogeita hamazortzi partiduren ostean mailatik jaitsi ziren. Eta 1984-85erako Irungo Real Unionen entrenatzailea izan zen.

Juan Arriaran futbolari on eta entrenatzaile maisu izan genuen. Futbolaren teknika menderatzen zuen.  Izan zen, Ben Barek zuria eta Leintz Bailarako H.H (1) deitu ziona. Gorputzez eta gogoz dedikatu zen futbolera, agian gehiegi goian aipatutako osasun arazoak zituela eta. Baina beti, ahal izan zuen guztia eman zuen. Futbolari agur esan ondoren ere, Arriaran ibilitako kluben miresmen-agurrak jasotzen zituen. Irudi ona utzi izanaren froga, zalantzarik gabe.

Rafa Iriondo eta Alberto Ormaetxearekin

Juan eta Itziarren urrezko ezteiak Arantzazun,  seme-alaba eta bilobekin

Bere lehen biloba jaiotzear zen eta hura ezagutzera helduko ote zen penaz zegoela, Valdecillatik dei bat jaso zuen Juanitok, bere zain bihotz bat zutela adieraziz.  Eta 1998ko irailaren 3an transplantea egin zioten, Jose Luis Martinez de Ubago sendagile arrasatearra medikuen taldekidea zelarik. Ebakuntzatik onik atera zen eta, bat ez baizik… Juan Arriaranek hamaika bat biloba ezagutu ahal izan zituen. Futbol ekipo oso bat!

Juan Arriaran Aranburu 2015eko abenduaren 1ean hil zen, bere jaioterrian.

 (1) Ben Barek jokalari marrokiar bat izan zen, Europako zenbait taldetan ibili zena;  zuria eta H.H. (Helenio Herrera) argentinarrak Europako zenbait taldetan entrenatu zuen, Barça besteak beste

Argazkiak: Arriaran-Villar sendia, JMVM, Jose Ignazio Isasmendi


FUTBOLA ARRASATEN, ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina