Erret-bideko herria izan da antzinatik Arrasate eta bertatik bidaiari
ugari igaro dira, denetariko testigantzak utzi dituztenak. Goi mailako
pertsonaiak eta apalagoak baziren ere, batzuek eta besteek idatzita laga zituzten
Arrasate eta inguruko zehazkizunei buruzko euren iritziak. Gaurkoan “L´Espagne.
Pittoresque, artistique et monumentale” liburutik aldatutako pasartea dakart. MM. Manuel de Cuendias eta V. de Ferealek
idatzi zuten 1848an, eta penintsulako ohiturak eta usadioak deskribatu
zituzten, bidai arin baten ikusi ahal izan zituzten bezala. Diotenez, V. De Fereal
bidai osoa gizonez jantzita egin zuen Subwerwick andrea izan zen. XIX. mendeko bidaiari
erromantikoen ikuspegia garbi asko ageri zaigu deskribapenetan eta
Arrasatekoari dagokionez ere, halako kutsu sinesgaitza dagokio, inongo
zalantzarik gabe. Irakur dezagun, frantsesetik euskaratuta:
“Urrunago Arrasate dago,
harresi zaharrek inguratua. Bi mila eta bost ehun biztanle ditu eta bertakoek bizitza
ematen dute pilotan jolasten, barra jaurtikitzen, ondo hornituriko ostatuak
bisitatzen eta amodioa egiten.
Arrasateko herria - bere
antzinako etxe, emazteki alai, gizakume indartsu baina ez eder eta ia-ia basatiekin- antzinako gauzen museoa da: ostatuetan ondo
pasa daiteke,diru asko gastatu gabe, eta emakumeak gortea daitezke, senarrak
haserrarazteko beldurrik gabe, normalean on huts samarrak baitira. (“Et on y
peut faire la cour aux dames, sans craindre d´exciter la colère des maris,
généralement assez débonnaires”)
Arrasaten etxeak zabalak
dira eta erosoak, baina ez dira bat ere dotoreak. Eskuarki, harrizkoak dira
goitik behera: areago, batzuk harri nabarrezkoak dira. Herri honek seme ospetsu
bakar bat dauka: Esteban de Garibay, Espainiako lehen historia orokorraren sortzailea
dena, espainieraz idatzia, eta baita eskutitz baliotsu askoren egilea ere.
Santa Agedaraino heldu
gara. Ez ginen haraino joango ez bagenitu bertako ur termaletako eraikina eta
ostatu entzutetsua bisitatu nahi izango. Inoiz hartzen baduzue Santa Agedako
lurrunezko bainuren bat ziur ez diezuela inbidiarik izango Parisekoei:
bakar-bakarrik gauzatxo bat: merkeagoak izango direla, eta, ziur hobeto
sentiarazten zaituztela, zeri esker eta han aurkituko dituzuen establezimendu
horietako zerbitzu adoregarriei esker.
Naturazalea gustura
ibiliko da Arrasateko inguruetan; sendagarri-landareak eta mineralak
agortezinak dira; Udalatx haitzak sekulako aukerak eskaintzen dizkie
botanikoari eta mineralogia zaleari. Udalatx harri nabarrezko harkaitz bat da,
piramide itxurakoa, eta 293 metro ditu, gutxi gora behera, eta bere oinean
Udalako leizea dauka, 275 metroko sakonerarekin. Leizera sartzea ia-ia ezina
da. Alpe eta Pirineotako beste hainbat kobatan bezala, ormak busti dituzten mendetako
urek harri bitxizko egitura bat ehundu dute, eta lurrean diamanteak ageri dira,
han eta hemen ikus baitaitezke uraren eraginez sortutako kristalizazio bikain
eta zoragarriak. Koba horretatik ateratzen dute espainiarrek “el cristal
alontario” (harrizko kristala) eta “el bolo arménico” (buztin gorria)”
Erromantikoek Arrasate hala ikusten bazuten ere, Udalaitzeko mineralak
agortu ziren, Galarrako estalaktita eta estalagmita gizakiaren eskuak desagerrarazi
zituen, harrizko kristala betiko joan zitzaigun… eta ez dugu bizitza “amodioa
egiten” ematen. Zoritxarrez
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina