ekaina 09, 2021

BIGARREN "LEHEN" DANBORRADA : 60 URTE

Luis Maidagan

Eta atzo izan zela ematen du. Irrikatsu bizi izan genuen nire garaikideok danborrada hura. Denetariko esamesak korritu ziren herrian ekainaren 23an Arrasateko kaleak alaituko zituen musika erakuspen hartaz. Eta iragarpenak txiki geratu ziren, jendetza handiak bete baitzituen danborrada ibilitako herriko bazterrak. San Juan bezperako lehen danborrada nagusia zen. Hedabideek albistea aurreratu bazuten ere eta espektakulua udal egitarau ofizialean sartu arren, arrakastatsu gertatuko ote zen genuen etxe, taberna eta elkarte gastronomikoetako galdera.

Baina ez zen hura Arrasaten ikusi ahal izandako lehen danborrada. Horretarako 1929ra  arte igo beharko genuke, eta ez San Juan jaietara, baizik eta Santamasetara. Orduan ere, herriko elkarte batek hartu zuen bere gain Donostiakoaren gisako espektakulua gure kaleetara ekartzeko erantzukizuna. "Or konpon" izeneko elkartea izan zen eragilea eta, kronikek diotenez, egundoko arrrakasta lortu zuten, abenduaren 22ko arratsalde iluntze hartan. Igandea zen eta inguruko herrietatik ere jende asko hurbildu zen Arrasatera. Urte hartan Langile Katolikoen Zentroaren hogeitabosgarren urtebetetzea ospatzen ari ziren eta egitarauaren barruan sartu zen danborrada. Diodan, jantziak eta danborrak Donostiako "Euskal Bilera" elkarteak utzi zizkiela antolatzaileei eta danborradako erregin bat ere izan zen: Maria Josefa Etxabe. Ehun pertsona baino gehiagok hartu zuten parte, karroza batean erregina eta damak eraman zituen danborrada hartan.
1929ko karroza, erregina eta damekin


 Gaurkoan, ordea, 1961eko ekainaren 23an bizi izan genuenari eman nahi diot toki. Historiako bigarrena izango zen "lehen"  danborrada hura hein handi batean Jose Markiegi jostunari zor zaio. Bera izan zen Udalpeko lagunei komentatu ziena, urtean behin bederen elkarteko sukaldari eta mahai goxoaren zaleek olgetarako euren bestelako dohainak kalean erakustea ekintza polita izan zitekeela. Aukera eman behar zitzaiela Udalpeko bazkideei jai giroan musikarekin gozatzeko. Iradokizuna aditu, Udalpeko zuzendaritzak onartu eta antolamendua abian jarri zen.

Joxe “Kasino” Egidazu aukeratu zen antolaketarako arduradun nagusia, eta Udalpeko zenbait bazkidek  zehazkizunak ordenan jartzen ihardun zuten zenbait hilabetetan. Kale agerraldiari gorputz duina emango ziotela agindu zioten elkarri ... eta abiapuntu hartako erantzuleek proiekzioa egin zuten hurrengo urteetan hazten joateko... gaur arte. Lehen emanaldi hartarako entseguak Udalpen bertan egin ziren, mahaian eserita, makil, sardexka eta  koilareekin joaz.

Danbor eta kupel jole batzuk, Luis Maidagan eta Joxe "Kasino"rekin

Luis Maidagan hautatu zuten danbor jole eta gainerako parte hartzaileen zuzendari. Udal Musika Bandak lagunduko zuen, bestalde, melodia desberdinekin. Luisek  komentatu ohi duenez, zailena musikarako dohainik ez zutenak martxa eta erritmora egokitzea gertatu zitzaion. Ondo atera bide zitzaion lantegia, zuzendari lanetan bost urtez aritu baitzen, bere estilo bereziarekin ekimen berri hura arrasatearron jai izpiritura eramanez.
1929koarekin bezalaxe, 1961ko erakustaldi hartako jantziak Donostian alokatu zituzten eta karrozarako erremolkea ere kanpotik ekarri behar izan zuten. Karroza, berriz, UniĆ³n Cerrajera S.Aren zerratokian prestatu zen, Zigarrolan. Gauza berri asko burutu behar izan ziren lehen aldiz, baina zailtasun guztiak gaindituta, garaile atera ziren antolatzaileak erronkatik eta oinarri sendoa ipini zuten hurrengoetarako. Lekuko zuzenak izan ginenok txalo zaparrada handiarekin eskertu genien lagun haiei euren ahalegina, jaiei esku hartze aktibo gehiago eramatearren. 

Tren geltokitik abiatu zen danborrada ekainaren 23ko gau hartan eta Nafarroa Etorbidea, Etxe txikiak, Magdalena kalea eta Erdiko Kaletik zehar Plazara agertu zen, danbor eta kupelen hotsa gauerdiko 12etan amatatzeko. Jarraian jaiak segitu zuen, kaleetan eta, zer esanik ez, pozez gainezka zegoen bazkidegoa Udalpe elkartean.


Udalpek ekin bazion ere, bost urte geroago SUDCekoek – San Isidro, Udalpe, Danok Bat, Casino- hartu zuten erreleboa eta hamarkadatan jai bezperako ekitaldi nagusia bilakatu zen danborrada. Ezagutu ditu krisiak, jasan ditu kritika bortitzak, baina iraun egin du.


 

 

 

1961eko danborradak bere erregina izan zuen: “Marko Etxebarri”ko Karmele Barandiaran (1). Bera eta bere damak karrozara igo ziren, handik Arrasateko herritarrei euren irribarrea eta alaitasunerako keinu eragilea bidaltzeko.

Erregina, damak eta danborradako hiru eragile nagusiak: Jose Markiegi, Luis Maidagan eta Joxe "Kasino"

Aurten – iaz bezala- ez da izango kale erakuspenik, ditxosozko birusa dela eta.  Jasaten ari garen osasun krisiak gizarte aldaketak ekarriko ote dituen galdegai nagusia delarik, beste itaun txikitxo bat datorkit: eragingo al du koronabirusak danborradaren etorkizunean?

Argazkiak: Karmele Barandiaran, Arantza Velez de Mendizabal, JMVM

(1)  Blog honen jarraitzailea da Karmele Donostiatik. Eskerrik asko, Karmele, zure laguntzarengatik!!!!

4 iruzkin:

  1. Asko azpimarratu zidaten Udalpekoek, gerra ondorengo herriko jaien lehen ospakisuna zela.
    Egun zoriontxua izan zen. Gora San Juanak!!! Aupa Udalpekoek!!!
    Nahiz eta toki pribilegiatuan orain bizi, ez dut nire Arrasate saltzeko, animaz maite dut.
    Bihotsez eskerrak ematen dizut zure idaslanaz, argazkiaz etb… ainbat oroipen zoriontxuak ekartzen didazulako.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Berriz ere, eskerrak zuri, Karmele, Markoetxeberriko alaba. Eta aupa Sanjuanak!!

      Ezabatu
  2. Oraindik gogoan dut danborrada hura. Dena magia zen, ileak tente jartzen zizkizuna. Sarriegiren musika, danborrariak, karroza eta San Juan ereserkia plazan.
    Eskerrik asko Josemari!

    ErantzunEzabatu