urria 07, 2020

TRANBIA ELEKTRIKOA ARRASATEN




Ehun eta hogei urte baino gehiagoko jauzia egiten dugu gaur,gizarte garapena ahalik eta aurrerakoiena izan guran garai hartako ikuspegi industrial eta sozialak  nondik jotzen zuen ikusteko. Ez dakit ote zekiten aitzindari haiek zein nolako garrantzia izango zuen etorkizunean garraio sistemaren elektrifikazioak, baina badirudi euren apustua bide horretatik zihoala.

Ikus dezagun zer zioen “Gaceta de la Banca y de la Industria Eléctrica” zeritzanak, 1899ko urtarrilaren 14an: 

“Se proyecta en las Vascongadas un tranvía eléctrico que una á las tres provincias, dividiéndose en tres líneas: una de Mondragón-Vitoria, recorrido 31 kilómetros; otra de Mondragón-Bilbao, recorrido 50 kilómetros; y la última de Mondragón-Zarauz, recorrido 71 kilómetros.

Es la zona interesada en este vasto proyecto muy rica é importante, pues abarca pueblos de la importancia de Durango, Elorrio, Mondragón, Arechavaleta, Escoriaza, Salinas, en la línea de Bilbao-Vitoria; Oñate,Legazpia, Zumárraga, Villarreal, Azcoitia, Azpeitia, Cestona, en la de Mondragón-Zarauz, y se comprenderá fácilmente la importancia del citado proyecto, que vendría á sacar de su actual aislamiento á pueblos importante,  hoy apartados de las modernas vías de comunicación” 

Horren harira esan daiteke, Durango-Zumarraga tren linearen adar bat Arrasateraino irekitzea planteatu zela 1905ean. Arrasaten Vasco Navarrorekin bat egin zezakeen. Badirudi 1940 inguruan obra horri ekiteko proiektua enkargatu zitzaiola Luis del Rio Soler injineruari. Baina… (1)

Urte mordoa emango zen berriz ere tranbia elektriko baten gainean hitz egin arte. XX. mendearen amaieran izan zen Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Bergara eta Aretxabaleta lotuko zituen trenak askoren ilusioa piztu zuela, garraio bitarteko eroso eta praktikoago baten esperantzan, 2005ean.

Trenbidearen diseinuak tunel batzuk behar zituen baina gehiena, hamasei kilometro inguru, zeru zabalera zihoan. Kalkuluen arabera 34 minutuko bidaia izango zen Bergara-Aretxabaleta tartekoa, hemeretzi geldiune eginda. Trenbidearen zabalera metro batekoa zen eta bide bikoitzekoa zen trazatua. Geroagoko fase berriek Aretxabaleta-Eskoriatza eta San Prudentzio-Oñati trazatuak iragartzen zituzten. 

Eusko Jaurlaritzak proiektua publiko egin zuen 2005ean. Baina hurrengo exekutiboa, PSEren eskuetan, ez bide zen aldekoa azaldu eta tranbiaren egitasmoa kajoi batera pasatu zen 2009an. Hori bai, aldi berean Lakuako arduradunek zioten balizko beste bitarteko bati irekitzen ziotela aukera. Bataiatu ere egin zuten: Bus Rapid Transit, hau da autobusetarako errail aproposa. Urteen joanak erakutsi du Bus Rapid Transit hura ez baizik Sic Transit Gloria Mundi argigarria bete dela, hots - itzulpen librean- politikoen promesak ezerezean geratzen direla gehienetan.


(1) https://es.wikipedia.org/wiki/Ferrocarriles_Vascongados


Argazkiak:  http://historiastren.blogspot.com.es/2014/12/el-tranvia-de-bilbao-durango-y-arratia_4.html



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina