Walter Harris "Mr. Harris" |
Nik dakidalarik – eta datu idatziei nagokie- 1916-22 bitartean ez zen lehiaketako futbolik izan Arrasaten, taldeak - arrazoi batzuk tarteko- jokatzeari utzi baitzion. Berriz ere 1922-23 denboraldian hasten denean Juan Resusta Olañeta zen presidentea. Eta 1922rako Walter Harrisek Irungo Real Union ekipoa entrenatzen zuen. Esan behar da Real Union 1922an Kopako finalista izan zela, estatu mailan. Beraz, goi mailako taldea zen.
Nire ekarpen hau apaintzen duen argazkian agertzen da Mr. Harris, MCDeko jokalariekin... eta Real Unionekoekin! Argazkia 1923koa da, Maala futbol zelaian aterata. Eta arerioa, diodan moduan, Irungo Real Unión zen. Beraz, Mr.Harris irundarrekin etorriko zen.
Arrasaten tartetxoren bat eman zuela Harrisek arrasatearrak entrenatzen? Ziur baietz. Eta, gainera, Letonak badio hala izango da. Baina ez dut Harris entrenatzailea modu iraunkorrean Arrasaten ikusten. Arrazoiak? Begira Harrisen kurrikuluma: estatuan hartu zuen lehen ekipoa, 1922-23 eta 1923-24, Real Unión izan zen; 1924-2, Frantzian; 1925-27, Iruñeko Osasuna; 1928, Gasteizko Alavesa; 1928-29, Malaga; 1932, Alacanteko Hercules; 1932-33 Atletico Madrid. Beraz, okupatuta zegoen entrenatzailea, aipatu tokietan. Aldian aldiko bisitaria izango al zuten Harris Arrasateko fubolariek? Baliteke. Bi denboraldiren artean? Posible litzateke.
Ikus daitekeen moduan, lan ibilbide zabala izan zen Harrisena. Horregatik diot ingelesaren gaineko istorio txikitxoa legendaren hurreneko sailean sartzeko arriskua dela. Eta legendetatik mitoetara pasatzeko zubia berehala eraikitzen da. Arriskua hortik dator, hain zuzen, historia idazteko zorroztasunik eta dokumentatu gabeko istorioak erabiltzetik. Harrisi buruz eta bere inguruari buruz arestian gure artean idatzi denak ez du ez hanka ezta bururik ere. Añibarroren eskutik Arrasaten egongo zela ez dut dudan ipintzen; inoiz futbol ekipoa modu iraunkorrean entrenatzera etorri zela baieztatzea da galdera ikur handiarekin jartzen dudana.Eta ezezko erantzuna ematearen aldekoa nauzue.
Harrisek Ameriketara eraman zuen ekipoa |
Diodan, halaber, 1922ko ekainean Harris Amerikatera joan zela euskal futbol selekzio batekin, adiskidantzako partidu batzuk jokatzera. Harris ekipoaren arduradun eta entrenatzailea izan zen, garaiko prentsaren arabera. Geroago, masajista bezala aritu zen 1924ko Parisko Olinpiadetan, Frantziako futbol selekzioarekin. Ikus daitekeenez, toki askotatik igaro zen ingelesa urte haietan. Deportivo Alavesean ere ihardun zuen, 1928an, eta ekipoak oso denboraldi ona egin zuen, oso jokalari onak baitzituen, besteak beste Ziriako eta Quincoces ospetsuak. Azken horren hitzak dira ondokoak, urtetara Gasteizko egunkari batean azalduak: "Harris no tenía ni idea de fútbol y le daba al whisky más de la cuenta, hasta el punto que una de las obligaciones de esa época era acostar al entrenador"
Jazinto Quincoces handiaren aitorpenak ezagututa, ez zait hain harrigarri egiten Harris-Jose Añibarro tandema identifikatzea, urtetan Union Cerrajeraren idazkari nagusi izandakoa ere ondo jan eta hobeto edateko ohiturak tiratzen baitzuen. Harris bezala, ezkonge, eta diru mordoarekin poltsikoan. Resusta Olañeta, aldiz, ez dut ikusten dirua xahutzen, are gutxiago futbolean.
Eskuineko argazkian, 1923ko ekainaren 24an Maalako
futbol zelaian jokatutako bi ekipoen futbolariak ditugu. CDMondragoneko
ekipoa, orduko elastiko gorri eta fraka beltzez:
(ezkerretik, zutik): Arkautz, Vitoria, Bidaburu, Armengou, Abarrategi,
Ibañez,
Marruko, Zeziaga; (makurtuta) Zarraoa, Madinabeitia (elastiko zuriz, atezaina) Zabarte eta Galdos.
Eta Harrisen eskuin aldean dagoena, Irunen jaio eta Real Unioneko ekipo hartan -eta aipatu 1922ko euskal selekzioan- goi mailako jokalaria izanda gero, Arrasatera aldatu zen bizitzera: Pako Etxebeste, Banco Guipuzcoanoko zuzendari lanetan urte asko egin zituena.
Honaino Walter Harrisen gaineko istorioak oraingoz behintzat eman duena.
OHARRA: artikulu hau argitaratu eta bost urtetara aurkitu nuen erreferentzia idatzia Mr. Harrisen Arrasateko egonaldiaz. Ikus:
Argazkiak: JMVMMVM
ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO
EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN
https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html
ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO
EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN
https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html
Ondokoa Eugenio Etxebestek idatzi digu. Eskerrik asko, Eugenio.
ErantzunEzabatu"Esker mila gaurko zure Mr.Harris'eri buruz blogean idatzi duzunagatik, eta nere aitari errefentzia egin duzulako.
Irungo Real Unionean benetan nere aitak jokatu zuen, baina bere anaia "Pepito" ere bai eta beti bai Irunen eta bai gure familian esan zidana onena eta beste mailakoa Pepito zan, zalantzarik gabe. Beno, ordun, ez dakit urtea, Real Union Kopako irabazle gelditu zan Real Madrid kontran, eta horregatik kaleetan jendiak kantatzen zuen "El gol de la victoria Etxebeste lo ha metido, rumbala, rumbala , rumba, la rumba del cañon"...
Koinzidentzia eginez, urte asko pasatu ta gero, nere anaia Fernando, Real Union'eko presidentea izan zan urte batzuk eta bukatzeko, Fernandoren alaba bat, ezkondu zen J.A Legorburu Real Unioneko atezainarekin"