|
Lorenzo Askasibar, Goikoetxea obrarekin |
Aramaion
badaukagu monumentu bat, guztiz ezaguna
herritarren artean, Aramaioko seme handi baten izena etengabe
gogorarazten duena: Bizente Goikoetxearen estatua. Eman dira hirurogei urte
eskultura Aramaion jarri zenetik eta aitortu behar dut harrituta nengoela haren
egileaz oso informazio txikia eta, gainera, urrutikoa edukitzeaz. Estatuan
“L. Ascasibar” izena irakurtzen da, egilearen sinadura gisa. Baina denborak –
eta horrek dakarren ondorioek- ia-ia irakurtezina egin dute egilearen izena
ikustea. Bestalde, garaiko kronikei erreparatuz garbi dago 1955eko laudorio
guztiak estatua finantzatu zuenarentzat izan zirela.
Baina
hara non, galdezka eta galdezka, Lorenzo Askasibarrengana iristeko aukera ireki
zitzaidan adiskide batzuen tarteko, eta artistarekin elkartu ahal izan nintzen
lehen aldiz 2016ko otsailaren 26an.
Horren ondorioz elgetarra Goikoetxearen heriotzako mendeurrenean
protagonista bilakatu ahal izan da, duela hirurogei urte izan ez zena.
Aramaioko udalak zor moral bat kitatu du artistarekin.
|
Bizente Goikoetxea, 1955 |
Lorenzo
Askasibar Elgetan jaio zen 1930ean. Arte bideetatik jo zuen txikitatik, eta
1954an Bizkaiko hiriburuko Erreprodukzioetako Museoan ari zen ikasten. Garai
hartan Museoko presidentea Manuel Ramirez Escudero zen, Aramaion Goikoetxearen
monumentua eraiki nahi zuen Lazaro Ramirez Escudero ongilearen anaia, hain
zuzen. Eta bi anaiek euren artean hitz egin zuten, eskulturarako balizko
egileaz. Lorenzo Askasibarren izena atera zen eta elgetarrari proposatu zioten
obra burutzea eta baita artistak onartu ere. Hogeita bost urte zituen Lorenzok.
Askasibarrek
eskarmentu txiki bat bazuen eskulturgintzan – armarri batzuk eta irudi txikiak
egin zituen aurrerago- baina bere karrerako lehen enkargu handia izan zen
Bizente Goikoetxeari zegokiona. Obrak toki berezia behar zuen eta Lazaro
Ramirez Escuderok lokal bat utzi zion Zorrotzako kaian.
Ia-ia urtebeteko lanari
ekin zion bertan. Lehenik buztinez joan behar izan zuen modelatzen irudia,
neurri naturalez. Eta horretarako laguntza berezi bat lortu zuen. Zorrotzako
erretoreak – abade jantzi aproposekin jantzita- modeloren lana egin zion,
Askasibar eskulturari itxura ematen joan ahal izateko. Aramaio eta Lekeitiotik
iritsi zitzaizkion argazkiekin lortu zuen gorputz hari Goikoetxearen aurpegia
ipintzea.
Buztinetik
eskaiolara pasatzea zetorren gero, moldea egiteko.
|
Urtetan erabilitako konpasarekin
|
Bost
bat hilabetetako ihardunaren ostean,
behin modeloa eskaiolazko moldeetan lortua, harrira pasatu behar zen. Marmolería Bilbaína enpresaren aholkuz Santanderreko
Escobedoko harria erabiltzea erabaki zuen Askasibarrek. Bertara joan eta behar
zuen blokea hautatuta, Deustuko Zumalde marmoleko enpresara eraman zuen eta
lantegi hartan emandako beste bost bat hilabetetan harritzar hari irudia ateratzen aritu zen. Askasibarrek bere estudioan gordetzen dituen
lanabesen artean, Goikoetxearen estatuan ebakiak eta itxurak emateko erabilitako
konpas-kartografoa gordetzen du. Garaiko teknologia!
Estatua
amaituta, 1955eko abuztuaren amaiera aldera Deustutik Aramaiora kamioaz eraman
zuten eta, gogoratzen du Askasibarrek, aramaioarrek oso gustura hartu zuten herriko semearen irudia islatzen
zuen obra. Askasibar ere harro sentitu zen bere lehen obra publikoari egindako
harreraz. Askasibarrek bere karrera
artistiko publikoan maila bat igo zuen Aramaioko eskulturarekin.
|
Manuel Iradierren monumentua, Gasteizen |
Elgetarrari
aurki – 1956- etorriko zitzaion Lazaro Ramirez Escuderoren aldetik ere Gasteizen
Manuel Iradier esploratzailearen estatua egiteko enkargua. Bere izena gure
artean ez ezik baita Ameriketako Estatu Batuetan ezagun egin duen artistaren
ibilbidea Aramaion hasi zela esan daiteke eta nolakotasun horrek ohoratu egiten
du Goikoetxearentzat prestatutako obraren inguruan ibili ziren guztiak. Jakin
izan zuten aukeratzen artista.
Askasibarrek
28 urte egin berriak Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen salto. Hemeretzi
urtez lan egin zuen lurralde erraldoi hartan, eta bere artea ezaguna egin zen.
Ez nolanahi ere! Lorenzok berak aitortu digu:
|
Askasibar, AEBetako prentsan |
“Iritsi nintzen
AEBetako lagun batek deituta. Hark bazekien nire obraren berri eta uste zuen
egoki etor zitekeela zenbait esparru publikotan. Eta egia esan, oso ondo joan
zitzaidan. Material ugari erabili dut niki nire eskulturetarako – zur, brontze,
zilar, harri- eta estilo desberdinetako monumentuak egiteko eskariak izan
nituen. Gustura ibili nintzen AEBtan. Nire hiru seme-alabak bertan jaioi ziren
eta egun nire alabaren aldeko hiru biloba iparramerikarrak ditut. Zergatik
itzuli nintzen?... Batzuetan ez duzu zure buruan agintzen! Eta nik bergararra
neukan emaztea …”
|
St. Raymond-eko sarrera |
|
Coloni eskainitakoa, Stamford (Connecticut)
|
Lorenzoren
AEBtako obren katalogoan maila handiko errealitate biziak ageri dira. Hiru aipatzearren,1960ean Connecticut estatuko Stamford hirian Cristobal Colonen omenez eraikitako eskultura; New
Yorkeko Saint Raymond Hilerriaren sarrerako monumentua; eta hilerri berdineko
Saint John monumentua, John F. Kennedyri eskainia.
Azken
horren gainean irakurtzen dugu, 1965eko uztailaren “American Art in Stone”
aldizkarian:
|
New Yorkeko St John mausoleoa |
“The sculptured
figure of St. John is the work of Lorenzo Ascasibar. One of America´s out
standing sculptors has remarked that this figure os St. John has the qualities
of a modern Michael
|
San Juan granitoan egiten
|
Angelo. It would seem that this young gentleman, Lorenzo
Ascasibar, is destined to become one of America´s most talented ecclesiastical
sculptors. Most remarkable is the fact that Mr. Ascasibar not only modeled the
original figure but did the final sculpturing himself from a single piece os
Pink Westerly Granit”
Ez
dira txantxetako hitzak, ez alajaina! Baina Lorenzo Askasibarrek Ameriketako
abenturari agur esan eta Euskal Herrira itzuli zen, 1977an. Gasteizko Krispiñan
(Crispijana) jarri zuen tailerra, eta
handik – ia-ia zerotik hasita- ostera ekin zion bere artearen hedapenari.
|
Irudiak |
|
Zenbait busto |
Eta
azken berrogei urteotan Askasibarren ekoizpena oso zabala izan da, batez ere
bustoak izan dituelarik lan lerrorik nagusiena. Jose Migel Barandiaran,
Loiolako Ignazio, Anaia Garate, Ignazio Errandonea, Jose Maria
Arizmendiarrieta, Pio Baroja, Abraham Lincoln, Migel Okina, Simon Arrieta, eta abar luze
baten irudiak moldeatu eta ekoiztu ditu, batez ere brontzean.
Eskultura publikoei
begira, Euskal Herriko zenbait elizetarako eginikoak dira azpimarragarrienak,
eta Gasteizko Udalak eskatuta hiriko Musika Kontserbatorioko sarreran ikus
daitekeen Jesus Guridiri eskainitakoa.
Bere karrera artistikoa Aramaion hasi zen
eskultore handia da Lorenzo Askasibar.
Bizente Goikoetxeari buruz gehiago:
Argazkiak: Lorenzo Askasibar, JMVM