Jose Markiegi, 1990ean |
Gaur beste efemeride bat ekarri nahi dut
txoko honetara; hain zuzen ere, Markiegi jostundegiaren 75. urtemuga ospatzen
ari da aurten eta aitzakia aprobetxatuz Jose Markiegiren irudia berreskuratu
dut nire artxibotik. IdazkiƱo honen amaieran, Joserekin eta modako beste hiru profesional arrasatearrekin
Arrasate Telebistan 1990ean grabatu nuen saioa ipini dut ikusgai.
Arrasatera iritsi berria |
Gatozen, lehenik, Jose Markiegi gogoratzera.
Angiozarren jaio zen 1913ko irailaren 16an. Eta Arrasaten hil zen 1991ko
ekainaren 12an. Arrasatera ezkondu zen Dolores Areitiourtenarekin eta
bikotearen Jorge semea da negozioarekin segitzen duena.
Angiozarretik Eibarrera aldatu zen Joseren
ama - maistra zena- lan toki berria
armagintzako hirian eskuratu zuenean, eta berarekin sendi osoa joan zen. Baina
1940an Arrasatera iritsi zen Jose, jostun ofizioari aukera hobeak aurkituko
zizkiolakoan. Eta horrela gertatu zen, 2015ean hirurogeita hamabost urte
betetzen baititu Markiegi Jostundegiak, lehen establezimendua ireki zuen kale
berdinean.
Bere lehen laguntzaileekin |
Orduko Toribio Agirre kalean ireki zuen lehen
denda, egun Eslu ileapaindegia den tokian. Hantxe hasi ziren berarekin Maritxu Juldain eta Carmen Abarrategi “Ibarreta”. Oraingo tokira 1945ean aldatu zuen
jostundegia eta Juan Jose Estevez gehitu zen langileen zerrendara.
1965 inguruan |
Goian adierazi dudan bezala, 1990ean “Zenbat
buru hainbat aburu” telesaioa aurkezten nuen ATB katean, eta arrasatearrek
janzteko zuten ohitura eta jokaerari eskaini nion atal bat. Jose eraman nuen
estudiora, eta berarekin batera herriko beste hiru profesional: Marilu
Lasagabaster, Espe Arregi eta Miren Agiriano.
Jose Ramon semea eta saltzaile-bidaiari batekin, 1955ean |
Lau jostunak izan nituen gonbidatuak, 1990eko
maiatzaren 23an, eta hogeita bost urteren ondoren beraiei entzunda badirudi
modak aldatu egin direla, baina funtsean – esango nuke- pertsona estiloek
antzerakoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da, jakina.
Ikus bideoa:
Argazkiak: Jorge Markiegi, JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina