apirila 30, 2014

ARANTZAZUKO AMA BIRJINA ARRASATEN


Elias Salaverriaren margo lana, 1924
http://www.fentmuntanyaiformacio.es
Arantzazuko Ama Birjinaren irudia Leintzeko Artzapez-barrutian zehar ibili zuten 1956ko apirilean. Hain zuzen, Arrasatera hilaren 14an heldu zen eta herritar askok errezibitu zuen, kalerik kale ibili ostean San Frantzisko Elizara eraman zutelarik, funtzio erlijiosoa burutzeko. Kontuan eduki behar da, frantziskotarrak heldu berriak zirela Arrasatera – 1954ko otsailean- eta modu nabarmenez erantzun nahi izan zioten fraideek arrasatearrek Arantzazuko Ama Birjinarekiko zuten debozioari. 

Diodan, aukera aprobetxatuz, frantziskotarrak 1582an heldu zirela lehen aldiz  Arrasatera, hain zuzen ere herriak 600 biztanle inguru zituen garaietan. Eta Mendizabalen Desamortizazioa deitu den operazioaren ondorioz, 1840ko abenduaren 31an utzi behar izan zuten fraideek euren egoitza. Diotenez, azkenetakoa izan zen Arrasateko frantziskotarren komunitatea Mendizabalen aginduei amore ematen. Eta 114 urte emango ziren ostera agertu arte.

Liburuaren azala
Ama Birjinarekiko mendetako debozioa, beraz, oso errotua zegoen arrasatearron artean. Juan Carlos Guerra historialari arrasatearrak liburu bat idatzi zuen 1890ean, “Ama Birjiña Aranzazukoaren Kondaira” tituluarekin eta bertan irakur dezakegu: 

“Ama Birjiñearen deia ongi ezagutu zuten euskaldunak eta Rodrigok Aloñan entzundako kanpaechoan soñua laster miraen aomenak zabaldu zuan erri guztietara. Bañan Oñati eta Mundrague izan ziraden lenengoak dei orri erantzuten. Nork esango leuke? Ordurarte gerra irazekian zeuden erriak elkartu ziraden, bioen artean egiñik Aranzazuko Ama Birjiñaren lenbiziko ballera edo kofradia.
http://www.fentmuntanyaiformacio.es
http://www.fentmuntanyaiformacio.es
Urte guchi ziraden oraindikan oñatiarrak armen indarrez Mundrague ezin arturik lau aldamenetatik sua eman ziotela eta garrak eche, jauregi, eliza, guzti guztia bageztatzen zuan artean, eriotza eta lapurreta nora nai eraman zutela. Mundraguekoak ez ziraden euren chandan obeak izaten euren etsaiakin eta orain danok baturik ekin zioten indar osoakin Aranzazura bidea zabaltzen. 

Aitz bizian, mendirik mendi atara zuten orduan al zan biderik onena; emanik artarako aberatsak euren dirua, ta olagizonak, errementariak, meagilleak ta beste nekazari denak euren besoen indarra. 

Nola ez ikusi Jaungoikoaren eskua lan onetan? Nork, ez bada Ama Birjiña Aranzazukoak bildu dituan batasun zoragarrian ordurarte etsai gogorrak ziratenak? Oñatik eta Mundraguek  paketurik Aranzazura zabaldu zuten bidea izandu zan Euskal Erri guztiarentzat pakerako bidea, andisek gora igo zuten laster alde danetako euskaldunak Ama Birjinaren aurrean belaunikatzera; ordutik gero ez zan izan ez ganboarrik ez oñaztarrik, baizik guztiak euskaldun utsak. Aztu ziraden Anboto inguruko akelarrea eta Durangoko erejeak, berriturik anchiñako oitura garbiak eta sekula ilko ez dan fede egiazkoaren sinismen osoa…” 

Irudia Portaloian, pilotariek eramanda
Guerraren hitzetara joz gero, arrasatearron Ama Birjinarenganako debozioa handia zen eta haren irudia 1956an ekarri zutenean, zeremoniari  herri giro aparta eskaini nahi izan zitzaion. Horrela, Aita Garayalde fraideen buruak eskatuta, Arrasateko zenbait goi mailako pilotarik eraman zuten euren lepoetan Ama Birjinaren irudia. Argazkian ikus daitekeen bezala, lehen lerroko andak Joxe Arriaran “Arriaran II”ak eta Santi Etxebarria “Zurdo de Mondragon”ek eraman zituzten. Atze aldekoei dagokienez, ezkerrekoan Tadeo Azkarate “Mondragonés II” eta eskuinekoan- argazkian ezkutatuta- Pako Arriaran “Arriaran III” izan ziren eramaileak.  Dantzari talde batek lagundu zion kortejoari.


Joxe Arriaranen atzean ikusten dugun fraidea Aita Jose Manuel Garayalde dugu, urte luzez Arrasateko frantziskotarren nagusia izan zena.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es
http://www.fentmuntanyaiformacio.es

Argazkiak:  Isabel Aranburuzabala (pilotariak Portaloian);  bertan.gipuzkoakultura.net (Salaverrriren margoa)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina