Nire liburu berri bat
aurkeztu dut gaur. “Mondragón en su historia
(y en cuatro horas)” titulatu dut. Ikasteko, esperientziak elkar trukatzeko eta hezkuntza-ezagutzan
igotzeko gertu dauden pertsonak biltzen dituen GOIENAGUSI elkartearen eskariari
jarraiki prestatu eta eman ditudan lau
ordutako hitzaldietako edukia biltzen du liburuxkak. Esperientzia polita izan
da ni bezain adindua den entzuleria baten aurrean aritzea … nahiz eta oraindik
erdia bakarrik burutu dudan, datorren astelehenean, hilak 20, eskainiko
baititut azken bi orenak.
Historiaz
interesatuta egotea zeharo naturala da giza norbanakoengan. Baina behin Gandhik
esan zuen bezala, gizakiak bezain ugariak dira jainkoak. Eta historiarekin
gauza berbera gertatzen da, modu diferentez bizi izaten baititugu gizon
emakumeok eguneroko jazoerak. Oraingo liburu honen titulua ideia horretatik
dator, ez baita nire asmoa historia bat eta berdaderoaz jardutea izan –
ezina izango litzatekeena- baizik eta Arrasateko historiaren testuingurua
ulertzera lagun dezaketen zenbait mugarri eskaintzea. Zehatzago esanda, lau
ordutan jar daitezkeen mugarriak.
Zalantzarik
gabe, historia errebisatu eta errepikatu egin behar da. Jose
Migel Barandiaranek, adibidez, Leze Txikin emakume baten beso hezurra aurkitu
zuenean 40.000 urteko adina eman zion. Egun, teknologiari esker, 125.000 urte suposa dakioke. Etengabeko ikerkuntzak, aurkikuntzak, derrigortu egiten du
historia errebisatzea, datu berriekin gaurkotzeko. Bestalde, giza belaunaldiak
etengabe agertzen ari dira eta protagonista berrirekin betetzen dira ikasgelak.
Horiek gure historiaz jabetzeko beharra eta eskubidea daukate; beraz,
ezinbestekoa da gai berberaren gainean errepikatzea.
Jakin
guraz beteriko gizon-emakumeontzako hitzaldietako edukiak osatzen du, beraz, “Mondragón en su historia (y
en cuatro horas)”en testua. Eta neukan
denboraren araberako emanaldiak antolatzea izan da zailena. Behin kapituluak
aukeratuta, objektibitatea izan dut urrezko araua, deskribapenean txirristarik
egingo ez banuen. Ziur nago, besteren batek era desberdinez burutuko zuela
enkargua.
Eta
azpimarratu nahi dut liburua gazteleraz dagoela idatzita. Alde batetik,
hitzaldiak hizkuntza horretan ematea eskatu zidatelako. Bestetik, liburu berri
honetan diodan gehiena euskaraz argitaratutako aurreko nire beste liburu
batzuetan agertzen delako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina