urtarrila 16, 2013

AUZO BIDEA, KULTURA BIDEA

Euskalgintzaren historia oso malkartsua izan da orain arte eta ez dut gehiegi arriskatzen horrela izaten jarraituko duela esaten badut. Euskarak ez du aldeko haizerik askotan jaso eta egin duenean ere gure hizkuntzarentzako laguntza birritan zuritu behar izan da, ahots kritiko zikiratzaileak isilarazteko. Eguneko egoerak zurrunbilo galantak eragin ditu euskal kulturaren baitan eta agente asko zulo ilunean erortzeko arriskua bizi izaten ari dira uneoro, orekari eustea ariketa ezina bihurtu zaielarik.

Arrasaten elkarte, talde eta erakunde kultural ugari ditugu, diziplina eta arlo desberdinetako premia eta zaletasunei eskainita. Herri bizi bat nahi duela izan erakutsi nahi duen beste edozeinetan bezalatsu. Ez gara diferenteak. Eta gabiltzan mugimendu honetan denak batzeko garela uste dudalako, iruditzen zait une kritikoetan are gehiago izan behar dugula kontuan elkarrekiko laguntza. Hemen ez dago inor soberan. Indar guztiak gutxi dira. Eta auzo lanean bideak iragangarriagoak ditugu.

Horregatik, Doke Antzerki Taldeak jakin zuenean Arrasateko Mondraberri hedabide digitalaren egoera ekonomikoa larria zela, bere eskutxoa luzatu nahi izan zion, berezko osasun txarretik ez zuela libratuko jakitun. Baina –behintzat- ordu ilunetako bidelagunak badituela ezagutarazi gura zion. Eta DATekin batera, Arrasateko beste talde batzuek ere hartu dute parte atxikimenduko ariketa horretan. Horra hor, Portaloi kultur elkartea, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak eta Udalaxpe Txistulari Elkartea. Eta ziur nago, beste hainbatek ere parte hartuko zuen, auzo lanetarako eskua luzatzea eskatu izan balitzaie. 

Gaurko ekarpen espezial samar honetan bi bideo azaldu nahi ditut. Biak iragan igandean Arrasateko Amaia Antzokian burutu ekitaldiarekin lotuta. 

Lehen bideoa, DATk eskainitako antzezpenaren laburpena da.

http://www.youtube.com/watch?v=TjP1AKyV8mA 

Bigarrena, antzezpena amaitzean, Portaloi elkarteko kideekin eratutako abestaldiari dagokiona.
http://www.youtube.com/watch?v=rQ02Hx1vX18


Argazkia: Mondraberri

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina