Aurten laurogeita hamar urte izango dira
Aramaioko Udalak telefono zerbitzua eratzeari ekin zionetik. Arabako beste
herri askotan telefonoa errealitatea zenez gero, aramaioarrok kanpaina hartara
euren buruak gehitzea beharrezkotzat jo zuten. Udal korporazioaren buru Remigio
Garro Mendia zen garai hartan.
Garro alkateak
1922ko otsailaren 19an hitz egin zien beste zinegotziei, “de informes
fidedignos” ezagutzen zuela, handik gutxira Arlaban aldera helduko
zirela estatuko eta Gipuzkoako telefonoen lineak eta hartarainoko kostua
Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak ordainduko zutenez gero “sería muy
factible con un poco de sacrificio por parte de este Ayuntamiento de Aramayona
se lograse establecer un locutorio”
Udalak aho batez onartu zuen eskabidea egitea, konexioa Santa Agedan
egin zitekeelarik suposatuz. Telefono
lineari eusteko posteak zein horien garraio kostua udal aurrekontuetatik
ordaintzea erabaki zen. Aldi berean, udaletxean gelatxo bat prestatzea eta udal
langile bat zerbitzua eman zezan trebatzea onetsi zuten udal arduradunek.
Santa Agedaraino heltzen zen Gipuzkoako
aldeko telefono sarea eta Arlabanekoa Gasteiz-Arrasate-Bergara trazatuan zegoen. Lehen ideia, beraz, lokutorio bat
eratzea izan zen. Baina urte hartako abenduaren 10ean urrats sendoago bat eman
zuen Udalak eta “udal telefono estazioa” eskatzea erabaki zen. Erantzun
zitzaion Udalari konexioa egitea Gasteizko estaziotik egin beharko zuela eta
hori garestiegia zen Aramaioko udal aurrekonturako.
Beraz, ostera
lokutorio bat edota Arrasateko abonatu bat bezala funtzionatzeko ideiara pasatu
zen. Eta 1923ko uztailaren 16an Gipuzkoako telefono sarera konektatzeko baimena
eman zuen estatuko Telekomunikazio eta Telegrafoetako zuzendaritzak.Udalak hil
hartako 23ko bilera-aktan jaso zuen, baimena tramitatu zuen pertsonarentzako
eskerrona, “autorizando a la presidencia para que vea de significar a tan
digno funcionario el agradecimiento por su valiosa cooperación” Bide batez,
Jose Maria Gonzalez de Etxabarri senatorearentzat ere erabaki zuen “hacer
constar en acta el agradecimiento profundo de esta corporación y vecindario
todo hacia tan digno paisano y hacer constar también su nombre entre las
personas que más se han distinguido en favorecer a este Municipio”
Posteak jartzeko
zuloak prestatzeari ekin zitzaion eta herritarren auzo lanaz baliatu zen
korporazioa. Betebehar horretatik Olaeta auzoa libre geratzen zen eta baita
Ulezar, Gatxikarro, Arrupe baserriak ere. Bere beharkizunarekin
betetzen ez zuenak zazpi pezetako isuna ordaindu zuela jakinarazi zuen Udalak.
Bestalde, auzo lanean ezin zuten hamazortzi urte baino gutxiagokoek parte
hartu. Udalaren kontura geratu zen langileen ardoa. Denera 133´50 litro banatu
ziren,106´80 pezetako kostuarekin. Gipuzkoako telefono sareak, berriz, poste
eta beste materialaren gaineko faktura pasatu zion Aramaioko Udalari: 1.497´97
pezeta.
Bestalde,
Udaletxeko aretoaren egokitzapen obrak hasi ziren eta urriaren lehen egunean
jarri zen martxan zerbitzua. Eta hil horren 7an erabaki zuen zerbitzuaren
arduraduna Simon Landa udal idazkaria izendatzea, 400 pezetako urte-sariarekin.
Idazkarien Legeak izendapena ezeztatuz gero, udal zerbitzuaren arduraduna haren emazte Serapia Gomez izango zen.
Amaitzeko, diodan,
inaugurazio egunean, Araba eta Gipuzkoako Diputazioetako zenbait kargu
gonbidatu zituela Aramaioko Udalak eta herriko agintariekin batera bazkari
batean bildu zirela: 612´80 pezeta.
Argazkia: antiguedadestecnicas.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina