iraila 29, 2011

ROSALIA ORMAETXEA TROJAOLA, ARAMAIOKO EMAGINA






Rosalia 1935ean


Emagina izan zen Aramaion eta gutariko asko haren eskuetan iratzarri ginen bizitzara. Rosalia izena aipatzea nahikoa da –berrogei urtetik beherakoak salbu, noski- aramaioarrek emakume prestu eta langilearen irudia gogoratzeko.


Udal lanetan herriko emagin bezala 1935eko maiatzaren 2an hasi zen, sei ehun pezetako soldatarekin, hiru hilez behin kobratzeko, behin aldia eman ondoren. Titulu ofiziala Valladolideko Unibertsitatean atera zuen, 1934ko abenduaren 18ko data duen diploman irakur daitekeen bezala. Egun batzuk lehenagokoa da, praktikante izateko gaitasuna eskaintzen zion titulua. Garai hartan Rosaliak 27 urte zituen.




Valladolideko ikaskide eta irakasleekin. Hirugarrena ezkerretik, 2gn lerroan
Lanari, ordea, bi hilabete lehenago ekin zion. Eta hori dakigu, lanean hasteaz bat Rosaliak koaderno bat ireki zuelako, atenditzen zituen kasu guztien zehaztasunak jartzeko. Eta lehen erditzearen data, 1935ko martxoaren 8koa da; egun hartan, Saturralde baserriko andreak umetxo bat erditu zuen: Jesus Mari Elexalde, urte batzuk geroago Aramaioko erretore izateaz gain historiegile eta herriko seme kutuna izango zena.





Niri dagokidan apuntea
  

Zenbat erditze izan ziren, 1967ko abuztuaren 19ko azken apuntera arte? Zirkulua ixtearren esan dezaket, azken zerbitzua Paulotxoko baserrian bizi zen Pura Vinagrerentzat izan zela. Gure amei eskainitako laguntzaz jaio ginenon gaineko lehen datuak Rosaliaren koadernotxoetan aurki ditzakegu. Hor dituzue, niri dagozkidanak,  duela 62 urteko irailaren 27an izkiriatuta.








Emaginaren titulu ofiziala

Rosaliak eten egin behar izan zuen bere betebeharra, hain zuzen ere 1937ko martxoan, faxistak Aramaiora sartu zirenean. Baina 1940an herrira itzuli ahal izan zuen, eta lanari berrekin zion, modu ez ofizialean karguari dagokionez, egoera politiko berriak ezabatu baitzuen emaginaren eskubidea. Hala ere, udal agintariak Rosaliaren zerbitzuaren ontasunaz jabetuta, nonbait, irregulartasun administratiboan segitu ahal izan zuen erizainak, harik eta udal kargua berreskuratzea exigitu zuen arte.


Horrela, 1947ko martxoaren 17an, udal praktikantearen ordezko lanetarako lanpostua eskatuz  RosalĂ­a Ormaetxearen eskabidea irakurri zen Udal plenoan eta  korporazioak aho batez onartu zuen Rosaliaren aldeko informeak igarotzea lurraldeko administrazioari. Eta ondorioz, Arabako Osasun Zerbitzuak behin-behingoz ontzat eman zuen eskabidea 1948 ekainaren 18an, une haietan egiten ari zitzaion depurazio-txostenak esango zuenaren zain. Azkenik, 1949ko azaroaren 30ean modu ofizialean izendatu zen Rosalia, Etxe-Laguntza Publikoko Aramaioko Praktikantea.

Historia dokumentuetan jaso behar da, espekulatuko ez bada. Rosalia Ormaetxeak, oharkabean ere, historia apur bat idatzi zuen bere apunteetan. Aramaioar mordo batek jakin dezake apur bat gehiago bere buruaz, Rosaliak utzitako koaderno  horiei esker.



Argazkiak: Maria Jesus Altuna Elexpuruk utzita.
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina