Arrasateko EAJk 1908an ekin zion bere
ibilbideari eta 1933an, herriko Euzko Gaztediren bitartez, pilotaleku eta
ikastolaren inguruko albisteak sorrarazi zituen. Martxoaren 12an, adibidez, jai
handi bat izan zen, eta “Euzkadi” egunkariak albistea eman zuen martxoaren 18an,
“Danok-Bat” anonimo batek izenpetutako kronikan:
“Egun gomutagarria igaro zan igandea
Arrasateko abertzaliondako Gure ametsak igandean bertan egi biurtzera
zijoazala ikustian, alaitzen zuten abertzalien biotzak: Pelotatoki eta Ikastoletxeko lenengo arria
jartzia. Askondako ezin ikusi izango zan arria antxe zegon gure
abertzaletasunen oñarri bezela jarrita. Baña arri au jartzeko, zenbat naigabe
ez ote dira sortu! Baña esandakoa da, nai izaten dala al izatea, eta laister
arri orren magalean sutunik ikusiko degu gure Pelotatoki eta Eusko Ikastola.
Iragarrita zegon lez goizeko 7etan izan zan
Jaupa (1) eta Jaunartzea. Jaupa nagusi ostian izan zan lenengoko arria jartzia
jendetza aundi bildurik. An ikusi genduzan Lekeitiotik etorriak Solano jauna
beren alaba lirañakin eta baita Adan eta Yartza´tar Maren (nai aña ezin
eskertuko deguna Arrasateko abertzaliok) Gipuzko Buru Batzarretik Monzon´dar
Telespor lendakaria eta Ugalde´tar Peli batzarrekoa.
Lenengoz gure txaunburu (2) jauna onespendu
ondoren, Euzko Gaztediko lendakaria dan Uriarte´tar Josebak irakurri zituen
arripean sartu biar ziran izparringi eta iragarkiak. Ondoren ezarri zituzten
euren izen abizenak Adan eta Yartza´tar Marenek, Solano jaunak eta bere bi
alabak, Monzon´dar Telespor, Ugalde´tar Pelik, Uriarte´tar Josebak, txaunburu
Arin´dar Joseba Jokin eta Markiegi´tar Josebak.
Bein arripean izparringi, argazki eta
iragarkiak, jetsi zuten arria bere lekura eta Monzon´dar Telesporek egin zuen
itzaldi labur bat, adieraziaz zer garrantzi zeukan arri orrek Euzkadiren
azkatasunerako. Eskatu zigun danon laguntza eta baita txalo bero bat Ugalde´tar
Pelirendako, ainbat lan egin duen eta egiten ari dan abertzale zintzo
orrendako. Entzun ziran, bai, txaluok! Amaitu zuen esanaz berri txar bat ezan biar
zubela: nola "Lizardi´tar Jabier” iltzeko zorian agertzen zan eta eskatu zion
txaunburu jaunari Aita gure bat bere aldez; eta gure otoitzak bereganatzeaz
eta, azkenik Euzko Ereserkia abeztuaz amaitu zan itxaropeneko goiz au
Arrasateko abertzaliendako”
Ikusi ahal izan dugun bezala, EAJren Arrasateko
eragilerik porrokatuenetakoak Peli Ugalde atxabaltarra eta Mariano Adan de
Yarza lekeitiarra ziren. Azken hori herriko alkatea izan zen 1920-21 urteetan. Bestalde,
esan behar da Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi idazlea, 1933ko martxoaren 12an
bertan hil zela, lehen harri hura jartzen ari zen bitartean. Segitzen du
idazkiak:
“Arratsaldian itzaldi bikañak: izlariak
Monzon´dar Telespor, Trabudua´tar Polixene eta Ruiz de Agirre´tar Julen.
Notintza (3) ikaragarria etorri zan inguruetako errietatik. Itzaldiak ederrak,
laburtxoak, batez be Trabudua andereñuena, gaxo samar arkitzen zala-edo. Amaitu
zan beti bezela Euzko Ereserkiaz. Eta orain Montzon´dar Telesporek esan zuen
bezela:
Gora biotzak eta ekin lanari,
danon biarrian arkitzen da-ta,
gure Ama Euzkadi!
danon biarrian arkitzen da-ta,
gure Ama Euzkadi!
Beraz, egitarauaren
barruan Ikastola eta frontoiaren lehen harria jartzea ospatu zuten. Baina izan al zen jai hura lehen harriaren
ospakizuna, ala obrak aurreratuago zeuden? Diot hori, hain zuzen ere, "Euzkadi" egunkarian bertan ekainaren 29an
honela irakurtzen zelako:
“Euzko Gastedijaren ogetaboskarren urtea
eta pelota-toki ta ikastolaren zabalketa jayak. Igandez, garila 2.garrena.”
Egitarau zabal eta joria prestatu zuten Euzko
Gaztedikoek urtarrilaren 2rako. Baina irakur dezagun "Euzkadi" egunkariak
zekarrena, jaiaren bezperan:
“Badatorkigu hainbeste itxarotako eguna.
Garilaren 2an Euzkadiko bazter gustietatik abertzaleak emen ixango ditugu Euzko
Gastediaren 25.karren urtea eta Pelota-Toki eta Ikastolaren zabalgunde jayak
ospatutzera. Ogeta bost urte dira abertzale gutxi batzuek zabaldu zutela
lenengo Batzokia erri ontan Ez guaz emen
orain azaltzera euren lan ta nekeak lenengoko denbora ayetan.
Eurari zor diogu 25.karren urteurrenau
egitia eta ogeta bost urte ontan abertzaletasunak egin daben gorakada bikaña
Arrasaten. Baña oraindik ez gera danak; lan askoren biarra dago horrela izan
gaitian, eta orreik (atzok) berotzeko eta ikusi gura ez daben askoi erakusteko
nola duan EUZKADI beren azkatasunaren bidean, Arrasaten izan bear zerata al
dezuten abertzale gusiok garilaren 2an”
Eta uztailaren 2an, igandea, egundoko jendetza
bildu zen Arrasatera Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitatik. “El Día”
egunkariak jasotzen zuen uztailaren 4an:
“Euzkadiko mendietan entzun dan aberri
zantzuari ezin entzun-gor egin zioten Arrasateko abertzale zintzoak: eta ara or
non jarri dizkiguten Euzkadi alde ikastola eta pilotatoki bat. Umearen biotza
abertzaletasunerako irabazi bear da. Ikusi dute Arrasateko euskaldun zintzoak
bear ori: ara or ikastola beren gogoak egiztu egin ditezen… Zer oberik gazteari
bere aberria zein dan erakustia baizik? Euskaldun gaztedia guztiz jolaszalea
da; ikusi du au ere Arrasateko abertzale alderdiak eta ara or non jarri duten
pilotatokia. Guztiz txalogarriak zerate Arrasateko abertzaliok! Bide ortatik
laster dezute erri guztia abertzale”
Artazo (ezk.) eta Zabala |
Ohiko mezaren ostean ikastola eta frontoiaren
bedeinkapena izan zen. Pilota partidu batekin inauguratu zen frontoia. Egitarau
ofizialaren arabera, Zabala eta Artazo – Egia eta Mondragonés ziren bikoteak
baina arazoak izan ziren lau atleta horiek jolas zezaten eta, azkenik, Lete eta Uribe – Zabala eta Rezolaren kontra
atera ziren eta lehenak izan ziren garaileak.
Bazkarira ehun eta berrogei lagun eseri ziren
eta Bengoa, Garmendia eta Lorenzo tabernetatik zerbitzatu zen otordua. Bazkal buruetan
Joxe Markiegiren zuzendaritzapean Euzko Gaztediko abesbatzak ekitalditxo bat
izan zuen. Jarraian herriko plazara joan ziren bazkaltiarrak, mitinera.
Kronikek diotenez, ordurako jendez leporaino beteta zegoen plaza; batzuen arabera,
zazpi mila entzule ziren. Eta hizlariak Gallastegi (Bizkaia) Gamarra (Araba) Leunda
(Gipuzkoa; iragarrita zegoen Monzonen ordez) Irujo (Nafarroa) eta Aldazabal (Bartzelonako
Batzokia)
Mondragonés eta Egia |
Jaia amaitu zen, plazan bertan ezpata
dantzariek eskainitako dantzekin eta Batzokiko terrenoetan ilundu bitartean
eratutako triki-tixa eta txistu erromeriarekin. Hori bai, gaueko 9 eta erdietan,
garai hartan euskal antzokietan gehien estimatutako euskal ikuskizuna
eskaini zen. Gau hartan Gernikako Segundo Olaetaren Elai Alai Dantza Taldearen
emanaldi ikusgarriaz gozatu zuten ehunka arrasatearrek, goizean bedeinkatutako
Gurea pilota tokian.
Eta 1933ko uztailaren 2ko kronikarekin
bukatzeko, dakardan hona “Euzkadi” egunkarian eskoriatzar batek urte hartako
abuztuaren 11an zioena:
“Gipuzkoako zaindaria, Iñaki Deunaren
aurreko egunian bira bat egitera atera nitzan txoko batetik arratsian,
Arrasaten Euzko Batzoki ederra bere pelota-jolas toki bikaña, nai danian
antzoki biurtzen dala, ikastola, bola-toki ta dantza leku alaya ikustera”
Zer esanik ez, “Gurea” pilotatokia multifuntzionala izan zen,
bai gerra aurretik baita geroago ere.
Geroagokoaz gehiago jakiteko:
(1) Meza (2) Erretorea (3) Jendetza
Argazkiak: JMVM