Unión Cerrajera S.A bere sorreratik izan zen
ikatzen kontsumitzailea, bi tipotan: egur-ikatza eta cock. Gaurko istorioak zer
ikusirik du lehenarekin, enpresak batez ere urtzagintzarako erabiltzen zuena,
nahiz eta labe garaietan ere aplikatu zen batzuetan.
UCEM 1906an sortu bezain laster euskal sei
enpresa garrantzitsuk Aralar eta Urbasako basoen ustiaketarako bat egin zuten.
Seiak konprometitu egiten ziren parte hartze berdinean, hain zuzen ere baso
haietako egurrarekin ikatza egiteko, bakoitzaren kontsumorako. Baina enpresa
desberdinen garapen abiadurak aurki ekarri zuen UCEMen desmarkea
gainerakoetatik, eta 1912an Bergarako Labe Garaiak martxan jartzean disparatu
egin zen ikatzaren kontsumoa. Adibidez, 1917ko irail eta urrian 64.000 zaku
ikatz erosi behar izan zituen enpresak.
Hori dela eta, UCEMek, Urbasa eta Aralarreko
ustiaketa utzi gabe, Nafarroako Artikutzako basoetako mendietatik urtero 30.000
zaku ekarri ahal izateko azpiegitura prestatzeari ekin zion. Unión Cerrajerak
Elama mendia erosi zuen Artikutzan eta bertako beste basoetako egurra ere eskuratzeko
aukera agertu zitzaion. Sekulako ikatz ekoizpena adierazten zuen operazio hark
eta enpresak gogor heldu zion prozesuari. Kalkuluen arabera, zazpi-zortzi
urtetako ikatz kontsumoa bermatzen zuen Artikutzako basoen deforestazioak.
Vicente Letona, 1905ean |
UCEMen bulego teknikoetan diseinatu zen ustiaketa
berriaren proiektua eta Vicente Letona Madariaga arrasatearra jarri zuten azpiegitura
gertutzeko arduradun. Lanik zailenetakoa egurra basoetatik txondorrak jasoko
ziren puntuetaraino jaistea zen eta kableak erabiliko ziren horretarako. Handik
gurditan tren geltokiraino garraiatu behar zen. Instalakuntza aproposa eraiki
behar izan zen eta horretarako Arrasatetik lan ekipo tekniko bat joan zen
Arantza (Aranaz) herriraino, obrak bertatik bertara burutu ahal izateko. Lan
talde haren buru aipatu Vicente Letona zen.
Obrak 1917an hasi eta urtebete batez luzatu
ziren. Eta 1918an, beste zenbait katastroferen gain, gripearen historiako
pandemiarik gogorrena eman zen. Kalkulatzen da 40 milioi pertsona hil zela
mundu osoan, haietako asko gazte sasoikoak.
Eta hementxe agertzen zaigu gaurko ekarpen honen tituluko hiru izenen
bat egitea: Unión Cerrajeratik ikatz ustiaketarako azpiegitura prestatzera joandako
talde hartan ere gripeak gogor jo zuen eta gutxienez bi lagun hil ziren (1)
Haietako bat Letona talde burua eta bigarrena Juan Hevia, baita arrasatearra,
1893an jaio eta herriko botikarioaren semea zena. Hevia, azaroaren 5ean hil zen eta Vicente lau egun geroago.
Letonaren hilobia, lehen planoan |
Istorio honen atzetik joan nintzen behin
Arantza herriraino, Letona Madariagaren biloba den Carmelo Letonarekin
batera. Herriko kanposantuan dago ehortzita horren aitona, gurutz batek seinalatzen duen moduan. Nafarroako herri hartan oraindik bada 1918ko gertaera hura
gogoratzen duena.
Unión Cerrajerak Artikutzako egur-ikatz ustiaketari
1920ean utzi zion, cock erabiltzearen abantailek behartuta. UCEMek, bere 75
urtemuga zela eta, historia idatzi bat enkargatu zuen 1981ean. Goiko datu
teknikoak bertatik atera ditut. Tamalez, idazkiak ez zuen islatu bere
orrietan enpresako teknikoen heriotza. Begiratu ahal izan dut, Jose Mari Urangak enpresaren aktetatik ateratako apunteen bilduma, eta ez dago heriotzen arrastorik. Egia bakarra da heriotzak eraman zituela hiru arrasatearrak, baina ezbeharrak ez bide zuen paper ofizialetan tokirik izan.
Joxe, Balendin, Jesus, Luisa eta Asunciónen
aita zen Vicente Letona Madariaga, Arrasaten 1885ean jaio eta 32 urterekin
gripe izurriteak hilda.
(1) Hirugarren bat ere zendu
zen, baina ez daukat horren erreferentzia zehatzik.