maiatza 11, 2011

ZIRILO MONDRAGON, ABERTZALEA



Duela hogeita hamar urte, maiatzaren 12an hain justu, Zirilo Mondragon aramaioarra hil zen Arrasaten. Hirurogeita hamaika urte zituen. Gizon apala, hurbila, bihotz-bera. Beraren gaineko aipamena egin nahi izan dut txoko honetan, Ziriloren moduko gizon-emakume xumeak gizartearen oinarri sendoko aleak direlako.
Zirilo Aramaioko Eusko Gaztediako lehendakaria izan zen gerra aurretik. Berari zor zaizkio garai hartan Aramaion burutu hainbat eta hainbat ekintza. Taldekide zituen, Ramon, Benito, Luziano eta Imanol Ormaetxea, Julian eta Frantzisko Bengoa, Antonio Plazaola, Pedro Juarez, Julian Zilaurren, Ignazio Kortabarria eta lagun mina zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri” Horiek izan ziren, besteak beste, Tellamendiko gurutzea ezarri zutenak, 1935eko irailaren 15ean.
Ez zen urtebete bat igaroko eta gerra zibilak harrapatu zituen. Eta 1937an faxistek atzeman ondoren, Larrinagako presondegira eraman zuten: heriotza zigorra erori zitzaion. Ziega berdinean Jose Mari eta Emiliano Azkarraga anaia adiskideak zeuden. Urte hartako abenduaren 16an fusilatu zuten “Lurgorri” eta ziegatik ormarantz irten aurretik Zirilori eskatu zion, honek une hartan zeraman elastikoa. “Aramaixon egindako jersey polit horrekin fusilatua izatea nahi nuke” Eta hala izan zen.


Bi hilabete geroago, 1938ko urtarrilaren 21ean, Aramaioko Udalak instantzia bat jaso zuen Larrinagako kartzelatik, Zirilo Mondragonek berak sinatua, heriotza-zigorra ekidin ahal izateko udalaren haren aldeko aitorpena erregutuz. Egun hartako deliberamenduetan irakurtzen da: “No acceder a lo solicitado, por no considerarle acreedor a ello, debido a su actuación en contra del Glorioso Movimiento, notoriamente públicas”

Zirilok Euskal Herria zeraman bihotzean eta bihotzak eztanda egin zion euskaldunen arteko liskarrek eraginda. Aita Demetrio Garmendia frantziskotarrak haren hiletetan Ziriloren humanismoa goratu zuen. Ez zen okertu, ez, alajaina!

Argazkiak:
Zirilo Mondragon, Arrasateko bere etxean.
Zirilo Mondragón, Aramaioko Andra Mari baselizan, 1979-09-16ean, gerra aurreko Aramaioko emakume abertzaleei eginiko omenaldian.

1 iruzkin:

  1. .....Aupa Zirilo eta eskerrik asko !!

    honen modukoak behar dira gaur egungo faxismoa borrokatzeko....

    ErantzunEzabatu